Hezkuntza

Steilasek salatu du hezkuntza ituna «ke lainoa» baino ez dela

Sindikatuaren esanetan, itunaren bidez «sare pribatua babestea» da EAJren benetako asmoa.

Sare publikoaren aldeko manifestazioa, Bilbon,rtxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA  FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 18a
12:20
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen negoziazioen barruan PP+C's-i 2 urteko ikasgelak ere ituntzeko eskaini izana erreakzioak eragiten ari da oraindik. Steilasek, esaterako, ohar bidez adierazi du ez daudela ados neurri horrekin: «Gertatutakoak agerian uzten du, beste behin ere, hezkuntza ituna ke laino bat besterik ez dela». Eta iruditzen zaio akordioaren bidez EAJ bere «benetako asmoa» ezkutatzen ari dela; alegia, «sare pribatua babestea».

Jaurlaritzari «gezurretan» aritzea ere egotzi dio sindikatuak. Izan ere, azaldu dutenez, Hezkuntza Sailak esan du ekainean jada jakinarazi zutela 2 urteko gelak ere itunduko dituztela. Sindikatuaren esanetan, baina, 2021eko abenduan ondu zuten neurria arlo pribatuko patronalarekin, eta 2022-2023ko ikasturterako onarpen aginduan jaso zuten. Ondoren, ekainaren 21ean argitaratu zuten aldizkari ofizialean, 2022tik 2028ra bitarteko seiurtekorako itunen dekretuaren bidez. Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ere aipatzen du: «Jasotzen zuen horiek 2023ko irailaren 1etik aurrera aplikatuko zirela; hau da, 2023-2024ko ikasturterako. Beraz, neurri hori negoziazio mahaian eskumako alderdiei eskaintzeko bezain atzerakoia bada ere, lege proiektua negoziatzeko prozesuan hartu da».

Gainera, segregazioari aurre egiteko ere ez zaie balekoa iruditzen: «Itunpeko ikastetxeen kopurua handitzea ote EAJrentzat segregazioaren aurka borrokatzeko tresnarik onena?». Egokiagoa iruditzen zaie ikastetxe pribatuetako 0-2 urteko etapari diru laguntzak kentzea, esaterako.

EAJren joera ikusita, Steilasek gainerako alderdiei eskatu die jarrera hartzeko. Izan ere, sindikatuaren irudiko, ez dago «erdibidean» geratzerik: «Herri honetako ezkerreko alderdiek erabaki beharko dute EAJrekin edo Euskal Eskola Publikoarekin lerrokatzen diren». Eta beste eskaera bat eginda amaitu dute: «Inoiz baino gehiago, premiazkoa da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jarrera irmoa erakustea; bestela, Jaurlaritza gauzatzen ari den eta betikotu nahi duen hezkuntza politika pribatizatzailearen konplizeak izango baikara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.