Indarkeria matxista

'Soilik baietz da baietz' legearen interpretazioaren harira botere judizialak doktrina ezarri arte itxoitearen alde egin du Madrilek

Indarkeria matxistaren kontrako Espainiako Gobernuaren ordezkariak, Victoria Rosellek, legea defendatu du. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk uste du doktrina bateratu edo legea egokitu behar dela, baina konponbide bat «premiazkoa» dela.

jarraia220889.jpg
itsaso jauregi 2
2022ko azaroaren 18a
13:01
Entzun

Soilik baietz da baietz legearen interpretazioak eragin du sexu erasoengatik espetxeratutakoen zigorrak berrikusteko aukera, eta zenbait epailek zigorrak murriztu dituzte. Beste zenbaitek, ez. Auzia ireki da, eta hori ikusirik, bi korronte nagusitu dira: legea erreformatzea; edo, Espainiako Auzitegi Gorenak legearen izaerarekin bat etorriko den doktrina ezartzea. Bigarrenaren alde egin du gaur, Espainiako Gobernuaren izenean, Victoria Rosell indarkeria matxistaren kontrako gobernuko ordezkariak, eta legea defendatu du. «Uste dugu akats judizialak egon direla legearen interpretazio azkarregi baten ondorioz, ez delako legea patxadaz eta gogoetatuta irakurri». Atea itxi dio legearen erreforma bati: «Utz diezaiogun hitz egiten fiskaltzari eta botere judizialari».

Iñigo Urkulluk «premiaz» deitu du doktrina ezartzera edo legea egokitzera, sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez. Legearen helburua emakumeei babes handiagoa ematea dela adierazi du, «horregatik, argi dago sortu diren arazoak nahi gabekoak direla, argi baitago gizarte osoak partekatzen duen helburu baten aurka doazela». Horregatik deitu du «premiaz» doktrina bateratzera, legea aldatzera «edo bi alternatibak jorratzera». «Premiazkoa da inork nahi ez dituen erabakiak saihestea, zalaparta murriztea eta arrazionaltasunez jokatzea lehentasunezko helburua bermatzeko, hau da, emakumeen babesa areagotzea».

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, berriz, «ulertezintzat» jo du soilik baietz da baietz legearen onarpenak izan duen «nahigabeko eraginarengatik». «Sentitzen dugu itzurbideak bilatzea zigorrak murrizteko». Defendatu du EAEko Auzitegi Nagusiarekin batera Jaurlaritza egiten den ari den lana jardunean dauden epaileei genero perspektibadun formakuntza hobetzeko. Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentearekin batera indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeekin elkartu eta elkar entzun direla jakinarazi du, «prozesu judiziala errazteko».

Artolazabalek adierazpenok egin ditu indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako baliabideetan egon den aurrerapenaren berri emateko agerraldian, Bilboko Euskalduna Jauregian egindako jardunaldi batean. Artolazabalekin batera izan dira Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria; Ainara Canto, EDE Fundazioaren Aholkularitza eta Ikerketa Sozialeko arduraduna; eta Oiane Zarate eta Naiara Burgoa, Satevi arreta telefonikoaren arduradunak.

Saioak bi zati izan ditu: Lehenengo atalean, kudeaketa integratuko planaren lehen urratsen berri eman dute, eta etorkizunerako aurreikuspenak aurkeztu dituzte. Bigarren atalean mahai inguru bat antolatu da biktimen hainbat elkarterekin, aurrerapenen berri emateko eta proposamenak entzuteko.

Sailburuak adierazi duenez, kudeaketa integratuan aurrera egiteak eskaintzen dituzten zerbitzu guztien arteko koordinazioa indartzea esan nahi du, eta, horrekin, «arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa» lortu nahi dute. Azken helburua da,sailburuak azaldu duenez, indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen duten emakumeen arreta hobetzea eta berriro indarkeriaren biktimak izatea saihestea.

Artolazabalen arabera, biktimen elkarteek aldarrikatu diote instantzia enpatikoagoa sustatzea: «Justizia, gizarte, osasun, segurtasun eta lan arloan». Eusko Jaurlaritza helburu horrekin ari dela lanean adierazi du.

Kudeaketa integratuko proiektuak hiru fase dituela azaldu du sailburuak. Lehenengoa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren lanari dagokio. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi duenez, fase honetako koordinazio-prozesuari esker zerbitzuen arduradunek informazioa trukatu, elkarrekin hausnartu eta ikuspegiak bateratu ahal izan dituzte. Bigarren fasean lan eremua beste sail batzuetara zabaltzen da: Segurtasun Sailera, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailera, Osasun Sailera, Lan eta Enplegu Sailera eta Hezkuntza Sailera.

Hirugarren fasean beste administrazioetako indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko zerbitzuekin harremana sustatzen da, lankidetzan aritzeko aukera eskainiz. Horrela, hiru administrazio mailek parte hartzen dute biktimen arretan: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak. Elgarrestak adierazi duenez, «zerbitzu on bat eskaintzeko, beharrezkoa da emakumeak erdigunean jartzea». Beraz, eskaintzen diren zerbitzuen erdian emakumeak egon behar dutela adierazi du.

Satevi datuak

Saioan Satevi (900-84 01 11) arreta telefonoaren datuak ere eskaini dira. Urriaren 31ra arte, 2.455 dei zenbatu dira, eta horietatik 1.420 lehen aldiz egin dira. Gehienak, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriari buruzkoak dira, 2.151; 149, familia barruko indarkeriari buruzkoak; eta 155, sexu askatasunaren aurkako delituei buruzkoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.