Gasteizko Udaleko osoko bilkurak ez du babestu tranbia Zabalganara iristeko Jaurlaritzak egindako proiektua

Udal gobernuaren barruko desadostasunak agerian geratu dira beste behin, PSE-EEk ez duelako ekinbidea babestu

Gasteizko tranbia. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 18a
15:13
Entzun

Gasteizko tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak ondu duen proiektuak arrakala sortu du Gasteizko udal gobernuan. Jaurlaritzak landutako egitasmoaren aurkako ekinbidea onartu du gaur Gasteizko Udaleko osoko bilkurak EAJ, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Gasteiz taldeen babesarekin; PSE-EEk, baina, ez du proposamena babestu. Jeltzaleek eta sozialistek elkarrekin gobernatzen dute Gasteizko Udalean.

Joan den ostiralean eman zuten Eusko Jaurlaritzak Gasteizko tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko ondutako azterlanaren berri. Gasteizko Udalak hasieratik baztertu zuen hiriaren erdigunea Zabalgana auzoarekin lotzeko Jaurlaritzak proposatu duen ibilbidea, hiria zatitzen zuelako eta herritarrengan eragin handia izango zuelako. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du Gasteizko Udalaren iritzia aintzat hartu proposamena egitean, eta Gorka Urtaran alkatea kexu agertu da.

Gaurko osoko bilkuran, PSE-EEk ez gainerako taldeek tranbiaren ibilbidea berriro aztertzeko eskatu diote Jaurlaritzari. EAJk, EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Gasteizek adostu dute Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari premiazko bilera bat eskatzea, desadostasunak konpontzeko eta San Martin auzoan «eragin txikiena» izango duen ibilbidea aukeratzeko.
Horretaz gain, talde guztiek baztertu egin dute tranbia gordeko duen biltegi berria Aretxabaleta auzoan egitea –PSE-EEk puntu horren alde egin du–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.