Talde ekologista batek hainbat kilo irin jaurti ditu Warholen erakusketa batean, Italian

Azkenaldian, klima larrialdiaren aurka protesta egiteko halako hainbat ekintza egin dituzte ekologistek. Milanen izan da azkena, gaur: Andy Warholek apaindutako auto bat irinez estali dute.

Andy Warholek margotutako auto bati irina jaurti diote. MOURAD BALTI TOUATI / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko azaroaren 18a
16:02
Entzun

Eskuak obretara itsastea, artelanetara tomate zukua jaurtitzea... eta, oraingoan, irina. Milanen (Italia) gertatu da talde aktibisten protesta egiteko azken saiakera. Zenbait pertsonak zortzi kilo irin bota dituzte Andy Warhol artistak diseinatutako auto batera.

Andy Warhol: La Pubblicita Della Forma erakusketan izan da, hain zuzen, Milaneko Fabbrica del Vaporen. Warholek apaindutako BMW markako autoa erakusketako pieza nagusietako bat da. Autoa irinez estali ostean, alboan eseri dira aktibistak; gero, arrastaka atera dituzte batzuk, bideoan ikusten den bezala.

Milanekoa ez da lehen aldia aktibistek Warholen obra baliatu dutena. Joan den astean, Canberran, bi emakumek Campbell zopa lata famatuen erreprodukzioak margotu eta obrara itsatsi zituzten eskuak.

Maiatzaren 30ean hasi ziren halako ekintzak, eta munduko hainbat museotan aktibista andanak protesta egin dute klima larrialdiaren aurka. Italian, kasurako: Ultima Generazione taldeko bi kidek euren eskuak itsatsi zituzten Botticelliren Udaberria lanera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.