Bakegileak

Hogei ‘bakegile’ epaituko dituzte uztaileko blokeoaren harira

Trenbidea oztopatzeagatik bederatzi lagun epaituko dituzte abenduaren 15ean. Autobidea blokeatzeagatik, berriz, 11 lagun epaituko dituzte.

Bake Bideak egindako prentsaurrekoa, egun, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko azaroaren 18a
17:17
Entzun

Iragan uztailaren 23an Ipar Euskal Herria blokeatu zuten ehunka bakegilek. Prefetak ezarritako debekuen gainetik, zirkulazioa oztopatzea lortu zuten ekintzaileek. Horietako hogei epaituko dituzte datozen hilabeteetan: autobidean eta trenbidean Frantziako Poliziak atxilotutakoak. Auzien nondik norakoak emateko agerraldia egin dute egun Baionako geltokian.

Abenduaren 15ean, bederatzi kide pasatuko dira epailearen aitzinetik, Akizeko Auzitegian (Okzitania). Trenbidea oztopatu izana leporatzen diete. Auziaren egunean ekintzaileak sostengatzera deitu dituzte herritarrak; autobusak antolatuko dituzte Akizeko Auzitegira joateko. Gainerako 11 ekintzaileak Baionan epaituko dituzte ondoko urteko otsailaren 2an: autobidea blokeatzea eta debekatutako manifestazio batean parte hartu izana egozten diete.

Bestalde, Bake Bideko Anaiz Funosasek jakinarazi duenez, Miarritzeko (Lapurdi) aireportuko pistara sartu ziren sei ekintzaileek 350 euroko herritar ekarpen bat pagatu behar izan dute. Azkaineko (Lapurdi) eta Miarritzeko blokeatze puntuetan ziren herritar batzuei, berriz, 135 euroko isuna jarri diete debekatutako manifestazio batean parte hartzeagatik.

Dena dela, desobedientzia ekintza baikorki baloratu du Funosasek. «Ion [Parot] eta Jakes [Esnal] Euskal Herrian dira, eta hori zen lehen erronka. Bestalde, lortu dugu Parisko Dei Auzitegiak onartzea Euskal Herriko egoera politikoa aldatu dela». Hortaz, egindako ekintza «bururaino asumitzen» dutela erran du. Gogorarazi du desobedientzia ekintza «muturreko egoera» bati erantzuteko egin zutela, bake prozesua «oztopatua» ikusten baitzuten, eta Esnalen eta Paroten auziak ez baitziren aitzinatzen. Orotara, 1.700 herritarrek parte hartu zuten blokeatze egunean.

Harekin bat egin du Alice Leizeagezahar ekintzaileak. Trenbidean atzeman zuten hura uztailaren 23an, eta auzipetua da orain. «Auzipetze horrek politikoa izan behar du. Guk ez dugu gure plazerarendako egin blokeatze hori, baina gauzak ez baitziren gehiago aitzinatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.