Xuti Gazte dinamikaren ekintza

Baratze bat golfaren erdian, lurra eta ura denendako direla aldarrikatzeko

Arrangoitzeko golfean lasto fardo batzuk eta ongarria barreiatu ditu Xuti Gazte! dinamikak goiz honetan, «baratze bat eginez», eta gisa horretan, lurra eta ura denenak direla aldarrikatuz, ez ordea aberats «gutxi batzuenak».

Arrangoitzeko golfean lasto fardo batzuk hedatu dituzte baratze bat irudikatuz. GUILLAUME FAUVEAU
Ainize Madariaga
2022ko azaroaren 19a
12:25
Entzun

Arrangoitzeko (Lapurdi) golfa berde dirdiratsuz beztitu da egun ere. Uda osoan egin duen bezala. Udako idorteak ez dio higatu soinekoaren kolorea, inguruko paisaia guziari egin dion gisan. Begietara jauzi egiten du beraz kontrasteak: larre erreak, belar pikatu freskoaren parean. Isla bat balitz bezala. Lehorteari aitzi egiteko ur murrizketek, nonbait, ez dute zeharkatu golfa inguratzen duen hesia. Horrek gaitziarazi ditu Xuti Gazte! kolektiboko gazteak eta larunbat goiz honetan lasto fardo batzuk bizkarrean Arrangoitzeko golfean sartu dira eta barreiatu dituzte, eta gainetik ongarria. Horrekin batera banderola landatu dute:«Guztiondako lurra eta ura vs aberatsen aisialdia». «Gaur baratze bat landatu dugu, lurrak lantzen dituenarenak direla aldarrikatzeko», leitu dute komunikatua.

Aiala Urteaga bozeramaileetako bat da, galtzak eta zapatak lasto puskez beteak ditu: «Etorri gara egoera bat salatzera, udan nabari izan da, izan delako ur murrizketa franko, gehienbat laborariek pairatu dutena, hemen gara egoera bera salatzeko, holako luxuzko aisialdi zentroek murrizketa gutiago pairatu baitute laborariek baino, jakinez gutiengo bati zuzendua zaiela Ipar Euskal Herrian, aldiz, laborantza funtsezkoa da denentzako. Laborantza herrikoia aldarrikatzen dugu, masibotik aldenduta eta industrialetik ere bai».

Ez dute entelegatzen ahal laborariak haien «lan tresnez» gabetzea, urez hots, «guti batzuen luxuzko aisialdia lehenetsiz».

Lasto fardoen desegitearekin berdeak eta idorraren horiek talka egiten dute, irudikatu dute horrekin baratze bat, ura eta lurrak «denendako» direla aldarrikatzeko, beraz. Ekintza puntual hau, dinamika zabalago baten baitan kokatzen dela argitu du Elaia Borda Uhalde, bertze bozeramaileak: «Bideo batzuk argitaratu ditugu Instagramen, argi batzuk itzaltzen ikusten: enpresek ez baitute egiten, legez egin beharko luketelarik. Haiek itzaltzen ez dituzten bitartean, besteek behar dituzte gutiago erabili. Beraz, hortik landa, ekimen potoloagoa egitera eraman gaitu, eta segituko dugu».

Izan ere, larrialdi klimatikoak arranguratzen dituztela aitzinerat ezarri dute eta «klimaren aldeko engaiamendu handia» dutela, haien «etorkizuna jokoan» baita. Gauzak hola, galde bat egin dute: «Galdegiten diegu instituzioei egiazko neurriak hartzeko oraino eten daitezkeen kalteak eteteko, baina bereziki, bizi dugun egoera ekonomikoan, gazteok, ikasleok, langileok, gehiago pairatu ez dezagun. Nehork ez dezan amesgaizto gehiagorik izan energia fakturak ordaintzeko momentua iristean. Esku aberats gutxi batzuen eskutan da energia egun, eta egoera nehoiz baino larriagoa den honetan, haien irabaziak ere nehoiz baino handiagoak dira. Honek ezin du horrela segitu».

COP27aren testuinguruaz baliatu dira errateko herrialde aberatsei dagokiela «onartzea eta konpontzea» haiek beraiek sortutako «hondamendi» klimatikoa: «Greenwashingari eta inposaketari aurre eginez, guk sortutako kaltea sufritzen ari diren herrialdeak indemnizatu eta lagundu behar ditugu, behar dituzten baliabideak eskainiz eta sor daitezkeen migrazio klimatikoei harrera eginez».

Bukatu dute salatuz Hiriburuko (Lapurdi) ikastolak negua abiatuko duela berogailurik gabe, eta ogena leporatu diote "sistema kapitalistaren astakeriari". Burujabetza energetikoaren aldeko pausuak eskatu dituzte: «Ekoizten dugun gutxia bertan kudeatzea ezinbestekoa da, baina bereziki, energiaren banaketa justu eta eskuragarri bat behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.