Alderdiak

«Euskal gazteriaren ispilu» bihurtzeko esan die Ortuzarrek EGIko gazteei

EAJko Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak parte hartu du Euzko Gaztedi- EGIk Sopelan egin duen Bilera Nagusian.

EGIk Sopelan egindako ekiktaldia, Andoni Ortuzarrekin. EAJ
xabier martin
2022ko azaroaren 19a
15:02
Entzun

«Erabateko konpromisoa eskatzen dizuet egun eraikitzen ari garen Euskadirekin; atsedenik gabeko lana eskatzen dizuet, Euskadiren burujabetzan aurrera egin dezagun», esan die EAJko presidente Andoni Ortuzarrek alderdiko gazte erakunde EGIko kideei, gaur, Sopelan egin duten Bilera Nagusian. «Konpromisoa» ere eskatu die euskal gizartea «giza garapenaren abangoardian» kokatzeko. Hala, Ortuzarrek nahi du EGIko gazteak izatea «euskal gizartearen ispilua». «Ez gaitezen erori pankarta eta zalapartarekin Euskadira iraultza ekarri nahi duten talde horien mende», animatu ditu jeltzaleen buruzagiak.

Alderdirik edo erakunderik aipatu gabe, «orain arte txosnetan baino ez» direla ibili esan du «iraultza ekarri nahi duten talde» horiei erreparatzean. «Diruagatik elkarren arteko borrokan» ere ibili direla erantsi du. Hori izan da Ortuzarrek helarazi dien mezu nagusia Sopelan VIII. Bilera Nagusian parte hartu duten EGIko kideei. EAJko presidenteak esan di, halaber, «harrotasunez» aldarrikatzeko Euzko Gaztediko eta EAJko kideak direla, «gazte erakundea bera eta alderdia herri honetako erreferente abertzale eta demokratikoa izan direlako, direlako eta izango direlako».

Termino biak, abertzale eta demokrata «elkarrengandik banaezinak» direla azaldu du. «Demokrazia sozial eta zuzenbidezko batetik eraiki ahal izango dugu emakume eta gizon askeen aberri askea», esplikatu du; «giza eskubide guztiak errespetatuko dituen demokraziatik baino ez dugu eraikiko Euskadi izatea nahi dugun emakume eta gizon askeen aberri askea». biribildu du bere tesia Ortuzarrek. Beren burua abertzaletzat dutenekin, «baina iraganean porrot egin duten horiekin», aldeak ezarri ditu, era berean: «Gure bidea beste bat da: demokratikoa, herrikoia, auzolan zalea, instituzionala da eta euskal herritarrak jardun politikoaren hasiera eta helburu dituena».

40 urteko lana eta kupoa

Eredu hori 40 urtean gauzatu du EAJk, haren presidentearen esanetan, «eta gainditu behar izan diren zailtasun guztien gainetik», alderdi jeltzaleak balantze ona aurkez dezakeela uste du.« Euskadi aro moderno osoan ez da sekula orain baino nazio indartsuagoa izan», aldarrikatu du. Azken bi mendeetan Euskal Herriak ez duela gaurko gaitasun politikoa izan helarazi die EGIko kideei: «Harro egon zaitezkete egin dugun lanarekin».

Lan horren erakusle gisa, Espainiako Gobernuarekin EAJk egin berri duen Kupoaren akordioa aipatu du. «Kupoaren Legea hurrengo bost urteetan finkatzea, pilota eta surf selekzioak nazioarteko esparruan lehiatzea.... Pausuz pausu goaz eta gero eta mendekotasun maila txikiagoa dugu. Egunez egun Euskadiren nazio askatasuna lortzetik hurbilago gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.