ATHLETIC 1-3 REALA

Reala nagusitu da euskal futbolaren festan

Talde txuri-urdinak nagusitasunez irabazi dio Athletici derbian, San Mamesen. Berdintasunaren eta euskararen aldeko festa izan da partida, eta 22.412 ikusle egon dira harmailetan

Realeko jokalariak, Athletici sartutako hiru goletako bat ospatzen, gaur, San Mamesen jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 19a
22:09
Entzun

Derbia festa izatea nahi zuten, berdintasunaren eta euskararen aldeko festa. Eta halaxe izan da Athleticek eta Realak gaur gauean San Mames estadioan jokatutako derbia: festa, festa handia. 22.412 ikusle egon dira harmailetan. Behin bakarrik egon dira ikusle gehiago derbi batean: 28.367 ikusle egon ziren 2019ko urrian Anoeta estadioan jokatutakoan. Euriak zapuztu du gaur marka hori hobetzea. Eguraldiak lagundu izan balu, ziurrenik txiki geratuko zen errekorra. Hala ere, giro polita egon da egun osoan zehar, batez ere, San Mamesko zabalgunean, etxeko klubak egunerako apropos jarritako zaleen gunean: Athletic Plazan.

Norbaitentzat egun biribila izan baldin bada, txuri-urdinentzat izan da. Irabazi egin du Realak, nagusitasunez: 1-3. Garaipenari esker, Natalia Arroyok entrenatutako taldeak eutsi egin dio azkenaldian bi taldeen arteko derbietan erakusten ari den nagusitasunari, azken lauak irabazi baititu: hiru Espainiako Ligan, eta bat Euskal Herria kopako finalerdietan.

Gaur irabazita arindu egin du ere Espainiako Ligako azkeneko jardunaldian Zubietan Madrilen aurka galtzeak eragindako mina. Sailkapenean, seigarren postuan dago orain talde txuri-urdina: hamasei puntu ditu.

Sei gutxiago ditu Athleticek, eta bederatzigarren postuan dago. Bolada onean iritsi zen Iraia Iturregik entrenatutako taldea derbira, aurreko bi partidak irabazita, baina eten egin zaio susperraldia. Halere, gero eta hobeto ari da.

Erabakigarria izan da Gaby

Derbi ederra izan da, hasi eta buka bizi jokatutakoa. Berehala hasi da ikuskizuna: Amaiur Sarriegik aukera ederra izan du laugarren minutuan, baina ez du asmatu Mariasun QuiƱonesen aurrean bakarrik zegoela. Berehala atera du arantza, bi minutu eskas geroago. Nerea Eizagirrek pase zehatza eman dio area barrura, eta aurrelariak baloia sareratu du. Nekez has zitekeen hobeto partida txuri-urdinentzat.

Baina ez dira kikildu etxekoak, eta gogotsu joan dira berdinketaren bila. Helburua lortzear izan dira gola jaso eta segituan, baina Oihane Baldezatek langara bidali du baloia, buruz, korner batean. Bigarren ahalegina, ordea, balekoa izan da. Hamaseigarren minutuan, kale egin du Realaren defentsak, eta Jone Amezagak bikain aprobetxatu du korrikaldi luzea eginda gol ederra sartzeko.

Nor baino nor gehiago ari ziren bi taldeak, ausart. Edozein unetan gerta zitekeen zerbait. Eta gertatu da: Realaren bigarren gola, jokaldi ederrean. Alejandra Bernabek pase bikaina eman dio Gaby Garciari area barruan, eta hark Baldezate gainditu, eta gogor jaurtiz gola sartu du: 1-2. Halaxe amaitu da lehen zatia. Bisitariak nagusi ziren, baina etxekoak bete-betean sartuta zeuden lehian.

Baina partida hasieran egin bezala, Realak berehala eman du kolpea. 48. minutuan, Nerea Eizagirrek kornerra bota du eskuinetik, eta Gabyk berriz ere hartu dio aurre hura zaindu behar zuen atzelariari, oraingoan, Bibiane Schulzeri, eta bikain errematatu du buruz. Bigarren gola zuen erdilari venezuelarrak. Minutu asko falta ziren jokatzeko, baina txuri-urdinek bideratuta zuten partida. Gainera, lehen golak ez bezala, hirugarrenak min handia egin dio etxeko taldeari.

Iturregik aldaketak egin ditu taldea suspertzeko, eta lortu du, batez ere, azken minutuetan. Ane Azkona gola sartzear egon da 85. minutuan, baina Adriana Nanclaresek gelditu egin dio jaurtiketa. Azkenean, Reala nagusitu da euskal futbolaren festan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.