Albistea entzun

Lan araudia

Langabezia tasa %9tik behera denean, Frantziako Gobernuak laurden bat laburtuko du saria

Olivier Dussopt Lan ministroak esan du 2023an 100.000 eta 150.000 lagun itzuliko direla horrela lan merkatura. Sindikatuek esan dute erreforma «onartezina» dela; patronala, ordea, gustura dago.

Olivier Dussopt Frantziako Lan ministroa, artxiboko irudi batean.
Olivier Dussopt Frantziako Lan ministroa, artxiboko irudi batean. Mohammed Badr / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko azaroak 21

Langabezia saria jasotzeko eskubidea egoera ekonomikoaren arabera luzatuko edo laburtuko da Ipar Euskal Herrian. Langabezia Frantzian %9tik gora dagoenean ez da alderik izango oraingo sistemarekin, baina kopuru horretatik behera dagoenean orain baino laurden bat laburragoa izango da saria jasotzeko denbora.

Frantziako Gobernuak gaur aurkeztu die bere proposamena gizarte eragileei. Sindikatuak haserre irten dira bileratik; «eskandalu bat da! Onartezina da», esan du Denis Gravouil CGT sindikatuko ordezkariak. Pozik, ordea, patronala: «Norabide onean doa», adierazi du Hubert Mongon Medefeko ordezkariak.

Izan ere, Frantziako Gobernuak bere egin du enpresaburuen kexuetako bat, hau da, langabezia saria jasotzen dutenetako askok langabezia saria agortzera doan arte itxaroten dutela enplegu bat bilatzeko.

Gainera, enpresaburuak kexu dira gero eta arazo gehiago dituztela enplegu batzuk betetzeko, eta uste dute langabezia sariaren ondorio dela hori. Eric Courpotin CFTC sindikatuko kideak ukatu egin du salaketa: «Eskulana ez da aurkituko [langabezia saria] laburtuta; enpleguaren kostuei heldu behar zaie: lanera joateko gastua, haurren zaintza, etxebizitza...».

Egoera gorria eta berdea

Olivier Dussopt Lan ministroak ziurtatu du aldaketei esker 2023an 100.000-150.000 lagunek lana izango dutela berriz. Erreforma otsailean jarriko da indarrean, eta abuztutik aurrera hasiko da haren eragina. Berritasun nagusia da lan merkatuari bi kolore emango dizkiola: gorria eta berdea.

Lehenengoan, gaur egungo sistemak indarrean jarraituko du. Lan egindako egun bakoitzari, langabezia sariko egun bat dagokio, baina muga batekin: 53 urtetik beherakoek gehienez 24 hilabetez jaso dezakete saria; 53-54 urtekoek, 30 hilabetez; eta 55 urtetik gorakoek, 36 hilabetez.

Lan merkatuak kolore berdea duenean, berriz, %25 laburtuko da guztientzat langabezia saria jaso dezaketen epea. Hots, gaur egungo arauekin hamabi hilabeteko eskubidea duen batek, gehienez bederatzi hilabetez jasoko du saria. Gutxieneko denbora bat izango da, sei hilabetekoa.
Lan merkatua gorrian egoteko bi baldintza hauetako bat bete beharko da: langabezia tasa %9tik gora egotea, edo azken hiruhilekoan 0,8 puntu portzentual emendatzea.

Gaur-gaurkoz, ez dira betetzen ez baldintza bat, ez bestea. Urteko hirugarren hiruhilekoan langabezia tasa beste hamarren bat jaitsi da, %7,3raino. Azken urteetako tasarik txikiena da, eta beste batekin osatzen da: 15 eta 64 urtekoen artean enplegu tasa %68,3koa da, handiena Inseek estatistika hori biltzen hasi zenetik, 1975. urtean.

Ipar Euskal Herrian, Baionako Merkataritza Ganberaren arabera, biztanle aktiboen %6,2 zeuden lanik gabe lehen hiruhilekoan.

2023an, beste erreforma bat

Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak ziurtatu du bere asmoa dela bere bigarren agintaldian 2022-2027 langabezia tasa %5era apaltzea.
Dussoptek ziurtatu du Frantziako langabezia saria «Europako eskuzabalenetako bat» izango dela erreformaren ondoren ere. Hori argudiatzeko, aipatu du aldaketarik ez dela egin saria eskuratu ahal izateko bete beharreko baldintzan: 24 hilabeteko epean sei hilabetez lan egitea.

Gobernuak dekretu bidez onartuko ditu aldaketak, eta ondoren negoziazioak zabaldu nahi ditu gizarte eragileekin 2024ko urtarriletik aurrera indarrean egongo diren arauei buruz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zamaketariak eta portuko beste langileak Baionako portua blokeatzen, atzo, Tarnosen. ©PATXI BELTZAIZ

Erretreten erreformaren aurkakoek Baionako portua blokeatu dute

Iker Aranburu

Erretreta gibelatzeko proiektuari buruzko eztabaida astelehenean hasiko da Frantziako Asanblean
LABek  elkarretaratzea egin zuen azaroan, Adegiren egoitzaren atarian. ©Jon Urbe / Foku

Lehen bilera Gipuzkoako metalgintzan

Irune Lasa

Sindikatuek langileen erosahalmena bermatzeko adinako soldata igoerak nahi dituzte.

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Urteko azken hiruhilekoan 9.000 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

Jokin Sagarzazu

Bereziki zerbitzuen sektorean nabaritu da: 22.700 langile gutxiago daude. Industriak eta eraikuntzak eutsi egin diote, eta enplegua sortzen jarraitu dute.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.