Lan gatazkak
Astebeteko greba deialdiak mugimenduak eragin ditu Bizkaiko metalgintzan
Patronalak eta sindikatuek eskaintza berriak egin dituzte. Hurrengo bilerak ez du datarik, baina FVEMek greba indargabetzeko eskatu du.

Bizkaiko metalgintzak erlojupekoa hasi du bost eguneko greba deialdia eragozteko. Sindikatuek eta FVEM patronalak eskaintza berriak eraman dituzte lan hitzarmena berritzeko gaurko bilerara, eta jarrerak duela astebete baino gertuago daudela dirudi. Mugimenduak badaude, baina oraindik ez hurrengo asterako deituriko lanuzteak bertan behera uzteko modukoak. Hurrengo bilerak ez du datarik, baina ez litzateke harritzekoa aste honetan bertan berriz ere elkartzea. Patronalak greba deialdia indargabetzeko eskatu du.
Sindikatuek eta FVEMek ia bi orduko bilera egin dute gaur Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon duen egoitzan. Negoziazio epe honetako hemeretzigarrena izan da. Kontuan hartuta aurreko bi juntadizoak ez zirela ordu erdira iritsi, aurrerapausotzat har daiteke. Izan ere, bi aldeek beren azken eskaintzak aldatu dituzte. FVEMek kendu egin ditu sindikatuek «baldintza atzerakoi» gisa hartzen dituen batzuk, baina oraindik ez du bermatu KPIaren araberako igoerarik.
Alde horretatik, sindikatuek berretsi dute ez dutela onartuko langileen erosketa ahalmena murriztuko duen eskaintzarik. CCOOk, LABek eta UGTk osatzen duten plataformak —gehiengoa dira %59ko ordezkaritzarekin—, berriz, bi puntu kendu ditu azken eskaintzatik, eta lanaldia murrizteko eskaera leundu du. Hori bai, KPIaren araberako soldata eguneraketak mantendu ditu. Patronalak, baina, ez du onartu, eta orduan erabaki dute mahaitik altxatzea. ELAk eskaera plataforma propioa du.
Azaroaren 28tik abenduaren 2ra
Langileen ordezkariak eta patronala hurrengo asteko greba deialdiaren itzalpean bildu dira. Sindikatuek azaroaren 28tik abenduaren 2ra arteko deialdia egina dute, eta oraingoz indarrean dirau. Bi aste barru langile askok zubi luzea hartzeko aukera izango dute, eta sindikatuek ekoizpenean eragin handia izateko asmoz egin dute deialdia. Egitekotan, aurtengo hirugarren greba deialdia litzateke sektorean. Udaberrian bi greba egun egin zituzten, eta urri-azaroetan beste hiru. Bi deialdiek erantzun zabala izan zuten, eta sindikatuek indartsu ikusten dute beren burua.
Ikusteke dago bi aldeak aste honetan berriz bilduko diren ala ez. FVEMek, orain arte, 2022ko KPI osoa igotzea onartu du, eta %9,5erainoko igoera eskaini du hurrengo hiru urteetarako. KPIaren lehen aurreikuspenak, baina, hortik gorakoak dira, eta sindikatuek, besteak beste, aldi baterako lan enpresen erabilera hiru hilabetera mugatzeko eskatu dute, eta subrogazio eskubidea azpikontrata gehiagotara luzatzeko.
Arabakoa, sinatuta
Bizkaiko lan hitzarmenaren negoziazioa luzatzen doan bitartean, SEA Arabako patronalak, UGTk, CCOOk eta LABek Arabako metalgintzako lan ituna sinatu dute gaur. Lau urteko negoziazio baten ondoren, irailean lortu zuten akordioa. ELAk du ordezkaritzarik handiena, eta ez du sinatu, baina haren pisua ez da akordioa eragozteko modukoa.
Itunak hiru urteko indarraldia du, eta haren amaieran KPIaren araberako soldata eguneraketa bermatuta dago gutxieneko soldata tauletan. Dena den, Arabako enpresa gehienek tauletatik gorako soldatak dituzte. Sektoreko gutxieneko soldata 20.455 eurokoa da.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.