Alderdiak

EH Bilduk aurrekontuak babesteko ituna egin du Espainiako Gobernuarekin

Nafarroak 2023ko martxoaren 31 baino lehen jasoko du Trafiko eta Bide Segurtasunari dagokion eskumena, akordioari esker. Itun zabalean jaso dute, besteak beste, 300.000 euro jarriko direla Aranguren ibarreko Irulegi mendian (Nafarroa) Aranzadi elkarteak bultzatutako indusketa lanekin jarraitzeko eta horiek finantzatzeko.

EH Bilduko diputatu Aizpurua, Matute eta Iñarritu, artxiboko argazki batean. MARISCAL / EFE
xabier martin
2022ko azaroaren 22a
11:25
Entzun

PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren hirugarren aurrekontuak ere babestu egingo ditu Euskal Herria Bilduk, BERRIAk goizean aurreratu duen moduan. Aurreko ostegunean, energia konpainien eta bankuen gaineko tasa berriak euskal ogasunek kudea ditzaten lortu zuen koalizio subiranistak, neurri hori Madrilekin hitzartu ondoren. Gaur, berriz, kongresuko diputatuek berretsi dute negoziazioak ongi bideratuak zeudela, eta akordioa iragarri dute Espainiako Gobernuaren 2023ko aurrekontuak babesteko.

Edukiak

Autogobernua indartzeari dagokionez, akordioan jaso dute trafikoaren eskumena martxoaren 31 baino lehenago eskualdatuko dela Nafarroan, Mertxe Aizpurua diputatuak azaldu duenez. Horretarako, abenduaren 31 baino lehen bildu beharko da eskualdatzeez arduratzen den batzordea, eta egungo arazo teknikoak konpontzeko behar adina bilera egin beharko ditu akordioan jasotakoa betetzeko.

Gainera, memoriari lotutako zenbait eduki lotu ditu EH Bilduk: Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko memoria gunea sortzea Gasteizen, Irulegiko indusketa lanei bultzada ematea, eta Ezkabako Gotorlekua memoria gune bihurtzea, hain justu. Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko memoria gunea sortzeko 600.000 euro bideratuko dira. «Ekarpen horri esker, 1976an hildako bost grebalariak omentzeko proiektua martxan jartzeko falta zen ekarpen ekonomikoa gehitu du EH Bilduk», Aizpuruaren esanetan. Halaber, 300.000 euro bideratuko dira Aranguren ibarreko Irulegi mendian (Nafarroa) Aranzadi elkarteak bultzatutako indusketa finantzatzeko.«Irulegiko Eskua izena eman dioten idazkuna mugarri historikotzat jo dute arkeologo eta hizkuntzalari entzutetsuek, eta ezinbestekoa da babes instituzionala areagotzea euskararen jatorriaz ikertzen jarraitzeko», esan du Aizpurua diputatuak, aurrekontuen berri ematean.

Horrez gain, hiru milioi euro jasoko dituzte 2023ko aurrekontuek Ezkabako Gotorlekua (Iruñea, Nafarroa) memoria gune bihurtzeko lehen ekarpen gisa, Memoria Demokratikoaren Legearen esparruan lortutako akordioari jarraipena emanda. «Hitzarmen horri esker, egungo azpiegitura militarraren erabilera Nafarroako Gobernuaren esku geratuko da, 1938ko ihesaldian fusilatuta hil zituzten presoen omenezko memoria gunea sortzeko», Aizpuruaren hitzetan. «Ilusio berezia egiten digute memoriari lotutako neurri hauek, sinbolismo handia dutelako euskal herritarrentzat».

Akordio zabalak beste alor batzuetan ere badu isla. Babes sozialari dagokionez, alokairuen eguneraketak %2ra mugatzeko neurriaren indarraldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatuko da. Pentsioen atalean, kotizaziorik gabeko pentsioek %15eko igoera mantenduko dute 2023ko abenduaren 31ra arte. «Abenduan Espainiako Gobernuak onartuko duen Errege Dekretuan txertatuko da neurri hori, eta 420 milioi euro baino gehiagoko finantzaketa jasoko du», esplikatu du Aizpuruak. Era berean, itunean kalte ordainak jaso dituzte talidominak eragindakoentzat: 12 milioi euro gehiago jarriko ditu Madrilek talidomida botikak kalte egin dietenentzat.

Osasunari dagokionez, barruko 200 mediku egoiliar gehiago kontratatzeko dirua jartzea lotu du koalizioak; guztira, 1.200 postu gehiago egongo dira 2023an. Aurreikusitako barruko mediku egoiliarrak ugaritzeko, bi milioi euro gehiago bideratuko dira aurrekontuetan.

Euskarari bultzada emango dio, halaber, EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak egindako akordioak. Milioi bat euro jarriko dira euskarazko irratien digitalizazioa errazteko, eta beste 250.000 euro euskarazko zirkua sustatzeko. Unibertsitateei dagokienez, milioi bat eta erdi izango dira EHUrentzat, milioi bat euro NUPentzat, eta bi milioi Mondragon Unibertsitatearentzat, akordioan zehaztu dutenez.

Aurreko urteko akordioak

2022ko aurrekontuak ere babestu zituen, pandemia zela-eta Madrilek zabaldutako ezkutu sozialeko neurriak egonkortzearen truke. Mertxe Aizpurua diputatu bozeramaileak nabarmendu zuen «euskal gehiengo sozialak babestutako eskakizunei» erantzungo zieten hiru konpromiso hitzartu zituztela: pandemiaren ondorioz martxan jarritako hainbat neurri sozial modu iraunkorrean ezartzea adostu zuten, amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsa onartu, eta ETB3 2022a amaitu baino lehen Nafarroa osoan emititzea hitzartu.

Espainiako Gobernuaren 2021eko aurrekontu orokorrak ere babestu zituen EH Bilduk. Oinarriek bozkatu ondoren hartu zuen azken erabakia koalizioak. Izan ere, ezker abertzaleak lehenengoz babestu zituen Espainiako gobernu baten aurrekontuak. «Gu ez gara ibiltzen bueltaka, edo atzetik, edo azpijokoekin: oso argiak gara hitz egiten dugunean. Uste dut errespetu bat lortu dugula», esan zion BERRIAri Aizpurua diputatuak, akordio hori azaltzeko elkarrizketa batean.

Edukien inguruko azalpenak bukatzean, Aizpuruak garbi utzi du «euskal errepublika bat» nahi duela EH BIldu koalizioak, eta ez diotela uko egiten «jendearen gehiengoaren bizitza hobetzeko tresna» izateari ere.

EAJ ere bai

EAJk ere Madrilgo gobernuaren 2023ko aurrekontu orokorrak babestuko dituela iragarri du azken orduetan. Espainiako Gobernuarekin «konfiantza giroa» berreskuratu dute jeltzaleek, Idoia Sagastizabal diputatuaren arabera. Izan ere, uste du «nabarmen» hobetu dutela adostutako akordioen betetze maila. Negoziazioetan, kupoa bost urtez berritzeko hitzarmena adostu zuten, eta «euskal agenda garatzeko» beste 49 zuzenketa ere txertatu dituzte; denera, 72 milioi euroko balioa duten inbertsioak Hego Euskal Herrirako. Halere, Sagastizabalek ez ditu itxitzat jo negoziazioak, eta adierazi du ostegunera bitarte zuzenketa gehiago txertatzen saiatuko direla.

Espainiako Gobernuak 176 boto behar ditu gehiengo osoa eskuratzeko, eta, oraingoz, aldeko 170 boto dauzka bermatuta: PSOE, Unidas Podemos, EAJ, EH Bildu, Coalicion Canaria, Mas Pais, Compromis eta PRC. Oraindik botoa zehazteko dute, berriz, ERCk eta PDeCATek, besteak beste. Osteguneko osoko bilkuran egingo dute bozketa, eta, baiezkoak irabazten badu, testua Senatura pasatuko da, han eztabaidatu dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.