Albistea entzun

Finantzak

Hipoteka izoztu ahal izango dute 29.400 eurorainoko errenta dutenek

Euriborraren igoera bortitzari aurre egiteko neurri sorta bat adostu dute Espainiako Gobernuak eta bankuek. Maileguak itzultzeko epea zabalduko diete estu dabiltzanei.

Finantza erakundek erraztasunak eman beharko dizkiete hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituztenei.
Finantza erakundek erraztasunak eman beharko dizkiete hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituztenei. J.L.Cereijido / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2022ko azaroak 22

Hipotekaren garestitzeari aurre egiteko zailtasunak dituzten herritarrek aukera izango dute beren kuotak urtebetez izozteko. Hori da Espainiako Gobernuak bankuen patronalarekin negoziatutako neurrien artean deigarriena, eta 750.000 bat familiari lagun diezaieke, Madrilen kalkuluen arabera.

Bigarren aldia da Espainiako Gobernuak eta bankuek hipoteken inguruko neurriak hitzartzen dituztela, baina egoera desberdina da. 2012an, Praktika Onen Kodea izenekoa adostu zuten, Atzeraldi Handiak Espainiako langabezia tasa berriro %20tik gora eraman eta hipotekak ordaintzeko zailtasunak hedatu zirenean. Kode hori, ordea, oso jende gutxik baliatu ahal izan zuen, baldintzak oso gogorrak zirelako.

Oraingoan, ordea, arazoa ez da langabezia handitu dela, baizik eta interes tasak oso bizkor ari direla igotzen inflazio handiari aurre egiteko, eta hori igoera bortitzak eragiten ari da Euriborrean.

Tasa aldakorreko maileguen kuota kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea da hamabi hilabeteko Euriborra, eta, urte hasieratik, hiru puntu portzentualetik gora handitu da: urtarrilean, -%0,477an zegoen; apirilean, maila positibora itzuli zen (%0,013); eta urrian, %2,629ra heldu zen. Azaroan, gora egiten ari da, baina askoz motelago: %2,81 da oraingoz batezbestekoa.

Horrek berekin ekarri du hipotekaren zenbatekoa orain berrikusi behar dutenek 200 eurotik gorako igoera izan dutela hilero. Inoiz izandako garestitzerik handiena da, eta inflazioa familia gehienen patrika gogor astintzen ari den garai batean iritsi da.

«Erdiko klasearentzako» neurria

Horregatik, oraingo neurrien helburua da familia gehiagori eragitea. Laguntza jasotzeko muga 29.400 euroko errentara igo dute, «zaurgarritasun arriskuan dauden erdiko klaseko familiei» ere laguntzeko, Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak azaldu duenez.

Hiru dira hipoteka ordaintzeko zailtasuna dutenei bankuek eskaini beharko dizkieten laguntzak: kuota izoztea urtebetez, hipoteka ordaintzeko epea gehienez zazpi urtez zabaltzea, eta atzeratutako ordainketek interes apalagoak ordaintzea. Gainera, ez dute interesik ordainduko mailegua aldez aurretik amortizatzen badute edo tasa aldakorretik finkora igarotzen badira.

Bi baldintza bete beharko dituzte hori eskatzen dutenek: hipoteka ordaintzeak hileko diru sarreren %30etik gora hartzea, eta eguneratzeak %20tik gorako garestitzea eragin izana.

Praktika Onen Kodean ere aldaketak egingo dituzte. 25.200 eurorainoko diru sarrerak dituzten familientzat izango da, eta aukera gehiago izango dituzte interes tasak jaisteko —Euriborra -%0,1 jaso ahal izango dute, gehienez bost urtez—, tasa aldakorretik finkora aldatzeko eta mailegua ordaintzeko epeak luzatzeko. Azken urteetan eman diren lau mailegutik hiru tasa finkokoak izan diren arren, oraindik indarrean dauden mailegu hipotekarioen %73 tasa aldakorrekoak dira.

Borondatezkoa

Finantza erakundeak ez dira behartuta egongo akordioan parte hartzera, baina, hala ez egiteak eragin dezakeen irudi txarraren ondorioz, gehienek bat egitea espero da. «Nik espero dut guztiak batuko direla; herritarrei laguntzeko garaia da», esan du Calviñok. Haren asmoa da neurriak urtarrilaren 1ean indarrean jartzea, baina ikusteko dago dekretua berresteko nahiko babes lortuko ote duen, koalizioko kide txikienak, UPk, ziurtatu baitu neurriak «motz» geratu direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, pasa den abenduan ©Oskar Matxin Edesa (Foku)

Bizkaiko metaleko lan itunean sindikatuetako afiliatuek izango dute azken hitza

Jokin Sagarzazu

CCOOk, LABek eta UGTk begi onez hartu dute Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzaren proposamena. 2022-2025eko eperako %15eko soldata igoera metatua jasotzen du. ELA aurka azaldu da.

Gasteizko Eroski supermerkatuko irudi bat. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Inflazioak %5,8ra egin du gora urtarrilean

Iñaut Matauko Rada

Erregaiak garestitu izanak handitu du batez ere inflazioa, nahiz eta oinarrizko elikagaien prezioek behera egin duten, BEZaren jaitsieragatik.

Nissan eta Renaulten logoak, Bruselan, autoen erakuketa batean ©STEPHANIE  LECOCQ

Nissanek eta Renaultek euren arteko aliantza berritu dute

Maddi Iztueta Olano

Akordioan jasotakoaren arabera, aurrerantzean Nissanen kapitalaren %15 izango du Renaultek. Orain arte, horren %43 zuen.

Langile bat Fagor Ederlanek Bergaran duen lantegian ©Andoni Canellada / FOKU

Kontratu mugagabeak igo egin dira iaz, baina lanaldirik prekarioenetan

Olatz Silva Rodrigo

ELA sindikatuaren arabera, lan erreformaren lehen urtean Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %76 aldi baterakoak izan dira. Aldizkako kontratu finkoak, berriz, 5.545 ziren hasieran, eta 59.220 dira orain.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.