Qatarreko Munduko Kopa

Saudi Arabiak ezustekoa eman du Argentinaren aurka

36 neurketa zeramatzan jarraian Argentinak galdu gabe, eta Munduko Kopako debutean iritsi da porrota (1-2)

Saudi Arabiaren lehen golaren ospakizuna. RODRIGO JIMéNEZ / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 22a
14:49
Entzun

Ustekabean galdu du Argentinak Munduko Kopako lehen partida. 1-2 irabazi du Saudi Arabiak, Munduko Kopako talde apalenetako batek. Berehala aurreratu da Argentina, Messik penaltiz egindako gol bati esker, baina bigarren zatian miraria gertatu da. Saudi Arabiak hamar minutuan irauli du markagailua, eta defentsako lan bikain batekin hiru puntuak eskuratu ditu. 36 neurketa jarraian zeramatzan Argentinak galdu gabe (selekzio baten inoizko bigarren bolada onena), eta une okerrenean iritsi da porrota.

Garaiz iritsi da Argentinaren gola. Leo Messik ateratako korner batean penaltia egin du Saud Abdulhamidek, eta Messik berak bidali du baloia sareetara. Saudi Arabia, ordea, ez da kikildu, eta gola jaso ondoren baloiaren jabetza bereganatzen saiatu da. Emiliano Martinezen area ingurura iristea lortu dute, baina arrisku gehiago zeukaten Argentinaren kontraerasoek saudiarabiarren jokoak baino. Oso modu bertikalean jokatzera igaro da Lionel Scaloniren taldea, eta gertu izan du bigarrena.

Hala ere, oso ondo koordinatu dira Saudi Arabiako atzelariak, eta hainbat aldiz utzi dituzte jokoz kanpo Argentinako aurrelariak. Hiru gol gehiago sartu ditu Argentinak lehen zatian, baina denak baliogabetu ditu epaileak, jokoz kanpo baitzeuden. Argentinarren talentuaren aurrean defentsa gogorra egin du Saudi Arabiak, eta baloi geldian ere hainbat aukera izan ditu Argentinak bigarrena egiteko. Hala ere, lan ona egin dute saudiarabiarrek, eta 1-0ekoarekin iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasiera ikusgarria izan da. Herve Renarden taldeak ziurtasunez hasi du bigarren zatia, eta Argentinaren gol festa espero zitekeenean, hamar minutuan irauli du markagailua Saudi Arabiak. Lehenengo gola luze jotako baloi baten ostean iritsi da; Saleh Al-Xehri aurrelariari iritsi zaio baloia, eta Cristian Romero gainditu ondoren erremate gurutzatu batekin jarri du banakoa markagailuan. Hor hasi da arabiarren festa, baina ez da bertan amaitu; bost minutu beranduago magia egin baitu Salem Al-Dawsarik. Saudiarabiarrak arearen ertzean kontrolatu du baloia, eta bi atzelariri izkin egin ostean atezaina iritsi ezin zitekeen tokira bidali du baloia.

Zoramenaren erdian Nicolas Tagliaficok izan du bigarren zatiko aukera garbiena Argentinarentzat. Nicolas Otamendiren erdiraketa bat Lisandro Martinezek ukitu du, eta belaunarekin, posible zuen moduan errematatu du Tagliaficok. Baloia sareetara helduko zela zirudien, baina bertan agertu da Mohamed Al-Owais atezaina, eta kornerrera bidali du baloia.

105.minutura iritsi da partida, baina Saudi Arabiaren defentsa gogorraren aurrean Argentinak ez du lortu aukera garbirik egitea. Lusail Iconic estadiora hurbildu diren milaka zale argentinarrek ez zuten ikusitakoa sinesten, eta partidaren aurretik festa zena, hileta elizkizun bilakatu da bi orduren bueltan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.