Irratia

Euskadi Irratia kalera aterako da bihar, 40. urteurrena ospatzera

Gasteizen, Iruñean eta Bilbon egingo dituzte zenbait saio. Bihar beteko dira 40 urte euskarazko irratiak lehen emankizunak hasi zituenetik.

Euskadi Irratiko saio bat. EITB
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 22a
15:50
Entzun

Herritarrekin ospatu nahi du Euskadi Irratiak bere 40. urtemuga. Horrenbestez, bere programazioaren zati handi bat kalean egingo du bihar. Iñaki Guridik Gasteizko Azoka Plazan aurkeztuko du Faktoria albistegia, 07:00etatik 10:00etara; Maider Segurolaren gidaritzapean, Faktoria magazinea Iruñeko Geltoki aretoan egingo dute, 10:00etatik 13:00etara; eta arratsaldeko Baipasa programa Bilboko Azkuna zentroan gidatuko du Olaia Urtiagak.

Faktoria albistegian, egungo eta garai bateko langileak jarriko dituzte mikro aurrean: Irati Barrena eta Jon Aizpurua; Julen San Martin eta Joxelu Aranburu; eta Julian Beloki eta Ane Zuazubiskar. Gainera, Euskadi Irratiak izan dituen zuzendarien gogoetak bilduko dituzte: Jose Mari Otermin, Odile Kruzeta, Rosa Diez Urrestarazu eta Gorka Etxebeste. Arabak eta Gasteizek izan duten bilakaera soziolinguistikoaz mintzatuko dira Iñaki Martinez de Luna soziologoarekin. Miren Narbaizak kantatu egingo du, zuzenean.

Faktoria magazinean, gonbidatuen artean Bingen Amadoz Euskadi Irratiko beteranoa, Iosu Ganuza Euskalerria Irraiko esataria eta Bakarne Atxukarro kazetari eta idazlea egongo dira. Musika Burutik taldearen esku geldituko da.

Baipasa saioan, bestalde, Nora Inoriza desiinatzailea, Maite Albes elitista, Ane Zabala BIlbo Hiria irratiko esataria, Jabi Onaindia Bizkaia Irratiko zuzendaria eta Joseba Agirreazkuenaga historialaria gonbidatuko dituzte.

BERRIAko Mantangorri gehigarriak Euskadi Irratiari eskaini zion erreportaje bat joan den larunbatean. Bihar, berriz, urteurrenaren egunean, bi orrialdeko erreportaje bat argitaratuko du egunkariak Bizigiro sailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.