AEB-ak

Gutxienez zazpi pertsona hil dira AEBetan, tiroketa batean

Virginia estatuko merkataritza gune batean gertatu da erasoa. Poliziaren lehen hipotesien arabera, denda bateko gainbegiratzaileak tiro egin die enplegatu batzuei, eta gero bere buruaz beste egin du.

Poliziaren auto bat, tiroketa gertatu den merkatalgunean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 23a
12:22
Entzun

Hildakoak eragin dituen beste tiroketa bat gertatu da AEBetan. Virginia estatuko Chesapeake herrian izan da, goizaldean, merkataritza gune batean. Sei pertsona hil ditu merkataritza gune horretako langile batek, eta gero bere buruaz beste egin du, hango Poliziak jakinarazi duenez. Zaurituak lau dira, eta ospitaleratuta daude.

Poliziak agerraldi bat egin du gertatutakoari buruz hitz egiteko, eta adierazi du 22:12 zirenean —sei ordu beranduago Euskal Herrian— telefono dei bat jaso zuela gertatutakoari buruz ohartaraziz. Mark Soleski Chesapeakeko Poliziako buruak esan du minutu batzuk geroago heldu zirela, merkataritza gunea irekita zegoela artean, eta ustez tiro egin zuen pertsona hilda topatu zutela. Haien hipotesi nagusiaren arabera, ustezko erasotzailea suizidatu egin zen.

Zehaztu dute pistola bat erabili zuela tiro egiteko, baina ez dute baieztatu merkataritza guneko gainbegiratzaileetako bat ote zen. Lekuko batzuek hedabideetan adierazi dutenez, ordea, gainbegiratzaileetako bat zen, eta atseden hartzeko gune batera sartu zen, eta han egin zien tiro enplegatuei. «Ez zuen hitz bat bera ere esan. Sartu eta tiroka hasi zen», esan du lekuko batek, ABC telebista katean. «Munduak guztiak zuen, badakizu,zerbait esateko gainbegiratzaile horri buruz». Poliziaren buruak azpimarratu du, ordea, froga guztiak aztertu beharko direla eta lekukoekin hitz egin beharko dutela xehetasun gehiago emateko.

Chesapeake Virginia estatuaren hego-ekialdean dago, eta 250.000 bat biztanle ditu. Virginia Beachekin eta Norfolkekin batera, metropolialde bat osatzen du Ozeano Atlantikoaren kostaldean.

Joe Biden AEBetako Gobernuko presidenteak adierazi du «izugarria» dela gertatutakoa, «inongo zentzurik gabeko ekintza biolento bat». Ohar batean deitu du «nazio gisa» bat egitera gisa horretako gertakariei aurre egite aldera, eta gogorarazi du Ordezkarien Ganberak armen salmenta arautzen duen lege bat onartu zuela ekainean. «Ez da nahikoa. Neurri gehiago hartu behar ditugu», esan du.

Coloradoko erasoa

Joan den larunbatean bertan antzeko beste tiroketa bat gertatu zen Colorado estatuko Colorado Springs hiriko klub batean. LGTBI kolektiboko jendea joaten da batez ere hara, eta pertsona batek bost lagun hil eta beste zenbat zauritu zituen, tiroz. 22 urteko gizon bat atxilotu dute gertakariaren harira, eta bost hilketa egitea leporatzen diote.

Polizia indarrek bazuten atxilotuaren berri aurretik ere. Izan ere, iaz atxilotu egin zuten, haren amak salatuta; haren esanetan, mehatxu egin zion esanez bonba batekin edo beste arma batzuekin eraso egingo ziola. Orain, sare sozialetan bolo-bolo dabilen galdera da ea Poliziek zergatik ez zizkioten armak kendu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.