ISRAEL

Bi bonbak eztanda egin dute Jerusalemen, eta pertsona bat hil da

Bi autobus geltokitan gertatu dira erasoak. Inork ez du erasoa bere gain hartu. Hamasek «operazio heroikoa» txalotu du, eta nabarmendu «[Israelen] okupazioaren eta kolonoen krimenen ondorioa» dela.

Autobus baten aurreko kristala txikituta, gaur, Jerusalemen. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 23a
13:08
Entzun

Pertsona bat hil da eta gutxienez hamalau zauritu dira Jerusalemen, bi bonbak eztanda egin ondoren. Erasoetako bat hiriaren iparraldean gertatu da, 07:00etan —ordu bat gutxiago Euskal Herrian—, eta bestea ekialdean, lurralde okupatuan. Biak ala biak autobus geltokietan izan dira. Poliziaren lehen hipotesien arabera, «eraso terrorista bat» izan da; hau da, azken urteotan hirian gertatutako molde horretako aurrenekoa litzateke.

2000 eta 2005 arteko intifadan ohikoak izan ziren autobusen aurkako erasoak; gehienetan, ekintzaile suizidek egindakoak. Inork ez du gaurko erasoa bere gain hartu. Hamas mugimendu islamistak —Gaza kontrolatzen du 2007tik—, hori bai, «operazio heroikoa» txalotu du ohar batean, eta nabarmendu du gertatutakoa «[Israelen] okupazioaren eta kolonoen krimenen ondorioa» dela. Hamasek berak, hain justu, hamasei pertsona zauritu zituen 2016an Jerusalemen, autobus batean bonba bat leherrarazita.

Eta Israelgo armadak beste gazte palestinar bat hil du gaur Nablus hirian, Zisjordania iparraldean, tiroz. Hori jakinarazi du Palestinako Osasun Ministerioak. 2006az geroztiko urterik odoltsuena izaten ari da aurtengoa Israelen eta Palestinaren arteko gatazkari dagokionez. Iturri ofizialen arabera, 130 palestinar baino gehiago hil dira Zisjordanian eta Jerusalem okupatuan, eta 29 israeldar ere hil dituzte erasoetan. Gainera, beste 49 pertsona hil zituen Israelek, abuztuan, Gaza bonbardatu zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.