Munduko Kopa

Bigarren ezusteko handia Japoniak eman du

Japoniak 1-2 menderatu du Alemania. Moriyasu hautatzaileak atsedenaldian egindako sistema aldaketa gako izan da. Take Kubok lehen zatia jokatu du.  

Iñaki Berastegi.
2022ko azaroaren 23a
16:25
Entzun

Ezustekoa Dohako Khalifa International futbol zelaian. Munduko Kopa honetako bigarren sorpresa handia Japoniak eman du, Alemania 1 eta 2 menderatuta. Hansi Flicken taldea lehen zatian nagusi izan bada ere, sistema aldatu ostean, bigarren zatian beste itxura bat eman du Hajime Moriyasuren selekzioak. Oldarkor aritu da, eta hamar minutuko tartean Gundoganek lehen zatian egindako gola irauli dute, Ritsu Doanen eta Takuma Asanoren golei esker. Aurrez, Alemaniak neurketa erabakitzeko hiru aukera on huts egin ditu, eta azken minutuetan Goretzkak berdinketa lortzeko baloi bat izan du.

Ondo eutsi dio Japoniak Hansi Flicken taldeari lehendabiziko minutuetan. Presioa zelai erditik atzera egin du Hajime Moriyasuren taldeak, baina, horren truke, barrutik jokatzea asko zaildu dio Alemaniari. Pixkanaka, ordea, bere burua are eta atzerago sartzera behartuta ikusi du Asiako selekzioak, eta alemaniarrak erraztasun handiagoarekin ailegatu dira area ingurura. Joshua Kimmichek izan du lehen aukera, baina Bayern Municheko erdilariaren jaurtiketari erantzun ona eman dio Gonda atezainak.

Ikusi gehiago:E multzoa: Japonia, fantasia egia bihurtzera

Jamal Musialaren eta Kimmichen mugimenduak ahaztu gabe, Daniel Raum ezker hegaleko jokalariak emandako sakontasunak eta anplitudeak sortu dizkio zailtasun gehien Japoniari. Halako batean, Kimmichen pase on bat aprobetxatuta, sukalderaino sartu da Leipzigeko atzelaria, eta Gonda atezainak penaltia egin dio. Gundoganek sartu du gola: 1-0, 32. minutuan. Alemaniarrak, aparteko erakustaldirik eman gabe, oso nagusi izan dira lehen zatian.

Partidaren norabidea aldatzeko asmoz, Moriyasu hautatzaileak sistema aldatu du atsedenaldian: Take Kubo kenduta, Alemaniaren gisara, hiru erdiko atzelarirekin jokatzera igaro da Japonia. Asmatu egin du, aldaketa horri esker, Japoniak nabarmen hobera egin baitu. Halere, Musialak, Gundoganek eta Gnabryk bigarrena egiteko aukera on bana izan dute.

Japonia, ordea, ez da kikildu, eta erasoan segitu du. Ahaleginak, gainera, sari handia izan du. Aurrena, 74. minutuan Itoren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Manuel Neuer atezainak, baina, ondoren, minutu eskas bat beranduago, ezin izan du ezer egin Ritsu Doanen golean: 1-1. Eta asiarrak ez dira horrekin konformatu. Takuma Asanok irauli du markagailua 83. minutuan, sakonean jasotako pase luze bat bikain aprobetxatuta. Sistema aldaketarekin ez ezik, Tomiyasu hautatzaileak zelairatu dituen jokalari guztiekin asmatu du. Azken minutuetan atzean sartu behar izan du Asiako selekzioak, eta Leon Goretzkak gertu izan du berdinketaren gola.

Kirol arlotik kanpo, giza eskubideen aldeko One Love kapitainaren besokoa eramateko debekua dela eta, partida hasierako argazkian, ahoa estaliz atera dira alemaniarrak, zentsura keinua eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.