Albistea entzun

Zergak

Nafarroan kenkaria ezarriko zaie 35.000 eurotik beherako errentei

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerra babestu dute neurria, eta Navarra Suma abstenitu egin da. Ogasunak 65 milioi euro biltzeari utziko diola kalkulatzen da.

EH Bilduko Adolfo Araiz eta Maria Txibite gobernuko lehendakaria
EH Bilduko Adolfo Araiz eta Maria Txibite gobernuko lehendakaria Jagoba Manterola / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko azaroak 24 09:28

Zergen inguruko eztabaida presente egon da Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. 2023ko zerga neurriei Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketarekin hasi dute saioa; eta inflazioaren eta kostu energetikoaren igoerari aurre egiteko aurten soilik ezarriko den ezohiko laguntza berezi batekin amaitu dute.

PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak proposatu eta babestu dute neurria, eta Navarra Suma abstenitu da. Aurten kenkaria berezia ezarriko zaie urtean 35.000 beherako errenta dutenei: zehazki 540 jasoko dituzte 18.000 eurotik beherakoek, eta errenta kopuru horregatik gora, apurka jaitsiz joango da kenkaria. Nafarroako Gobernuak kalkulatzen duenez, 297.000 nafarri egingo die mesede, eta ogasunak 65 milioi euro biltzeari utziko dio.

Duela bi aste, Nafarroako Gobernuak zerga neurrien lege proiektua aurkeztu zuen, eta pakete horren barruan sartu du proposamen hori. Irakurketa bakarrean eztabaida eta bozkatu da. Behin indarrean sartuta, bihar kaleratuko da Aldizkari Ofizialean eta indarrean sartuko da.

Goizean, 2023ko zerga neurrien tramitazioak aurrera egin du eta oztopo nagusietako bat gainditu du. Proposamenari Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota dute PSNk, Geroa Bai, EH BIlduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak.

Zerga neurri horiek eta 2023ko aurrekontua ahalbidetzeko akordioa erdietsi zuen azaroaren 4an gobernuak EH BIldurekin, eta, haren botoekin, ziurtatua du lege proiektua aurrera ateratzea datorren abenduaren 22an. Aurretik, bide luzea egin behar du, eta gaurkoa izan da mugarrietako bat. Behin osoko zuzenketa atzera botata, bihar arteko epea dute taldeek zatikako zuzenketak aurkezteko.

Lege proiektuaren edukia

Errenta zergan aitorpena egiteko betebeharraren muga igo da, eta, hala, lan arloko diru sarrerak aitortzetik salbu geratuko dira 14.500 eurotik beherako errentak 2023an —2022an, 12.600 euroko errentak zeuden salbuetsita—. Neurriak 15.400 nafarri egingo die mesede, eta 2 milioi euroko kostua izango du ogasunarentzat.

Gainera, 200.000 eurotik gorako kapital irabazia dutenei puntu bat igoko zaie zerga tasa, %27raino; eta 300.000 eurotik gorako kapital etekina izan dutenei bi puntu, %28raino. Neurri horrek 240 zergaduni eragingo die, eta 1,5 milioi euroko kostua izango du.

Ondare zergan ere, «gehien dutenei esfortzu handiagoa» eskatuko zaie, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren esanetan. Izan ere, hiru milioi eurotik gorako ondareei zerga tasa igoko zaie hiru zerga tartetan. Neurriak 380 zergadun ingururi eragingo die, eta 5 milioi euroko kostua izango du. Lege proiektuaren edukia laburbiltzeko orduan, Saizek nabarmendu du aurki zerbitzu digitalen tasa (Google tasa) eta finantza arloko mugimenduen tasa (Tobin tasa) ezarriko direla eta horiekin 5,3 milioi euro gehiago biltzea espero dute.

Sozietate zergan, galerak dituzten enpresei hurrengo urteetan hori konpentsatzeko baldintzak zorroztuko zaizkie; etxebitzak alokatzen dituzten enpresa handiei eta funtsei gaur egun dituzten kenkariak murriztuko zaizkie; eta, zergaren ordainketari begira, enpresa txikitzat hartuko dira 20 milioi eurotik beherako fakturazioa duten enpresak (orain arte, 10 milioi eurotik beherakoak sartzen ziren multzo horretan).

Parlamentuko eztabaida

Saizen hitzetan, lege proiektuak «Nafarroa bidezkoago, kohesionatuago eta sozialagoa» lortzea du helburu, eta, horregatik, kritiko azaldu da Navarra Sumarekin, «denari ezezkoa» ematen diolako eta «bizkarra eman diolako errealitatea objetiboki aztertzeari» bere proposamenetan. «Bakoitzak aukeratzen du zer oposizio mota egiten duen», kritikatu du.

Navarra Sumako Maria Jesus Valdemorosi egokitu zaio osoko zuzenketa defenditzea. Legealdi osoan egin bezala, «EH BIldu zuritzea» eta euren proiektuarekiko «maldan behera segitzea» egotzi dio PSNri. Zergei dagokienez, «bilketarekin obsesionatua izatea» aurpegiratu dio Nafarroako Gobernuari: «Zerga bilketa ez da azken helburua, bitartekoa baizik». Valdemorosen arabera, baliabide gehiago ditu gobernuak, baina zerbitzu publikoen kudeaketa okertu egin da.

Hala, Navarra Sumak proposatzen du «egoera ekonomikoa hobetzen denean» zerga erreforma sakon bat egitea. Jaitsiera orokor horren daturik ez du eman. «Ez dituzue babestu familiak eta enpresak», kritikatu du Valdemorosek, bere proposamena nori begira egingo duen iradokiz. Alta, beste taldeek kritikatu dute «gehien dutenei» egingo diela mesede, eta adibide gisa jarri dute seme-alabak edukitzeagatik Navarra Sumak proposatutako neurriak errenta handieneko familiei egingo liekeela batez ere mesede.

Fiskalitataren 'black friday'-a

PSNko Inma Jurioren arabera, «fiskalitatearen black friday bat» proposatu du Navarra Sumak: «Deflaktazioak, laguntzak, kenkariak eta abar nahi dituzue». Juriok kritikatu du maiatzean hauteskundeak izateak zerikusi zuzena duela Navarra Sumaren proposamenarekin.

Geroa Baiko Mikel Asiainek, berriz, gogorarazi dio Valdemorosi zerga jaitsiera orokor bat egin ostean oso gutxi iraun zuela Erresuma Batuko lehen ministro karguan Liv Strussek. «Jakin nahiko nuke zer gogoeta egiten duzun horri buruz». Asiainek gogorarazi dio UPNk gobernuan egindako azken urteetan eta batez ere azken urteko zerga jaitsieraren ondorioz 2016an Nafarroa «kiebra teknikoa jotzear» izan zela, eta, Nafarroako Kontuen Ganberaren arabera, laukoaren gobernuak egindako zerga erreformaren ondorioz onbideratu zela egoera. «Bide horrek aurrera dirau gaur egun, eta horregatik du gure babesa»

EH BIlduk aurpegiratu dio Navarra Sumari hark aurkeztutako zerga jaitsiera orokorrak 400 milioi euro inguruko kostua izan dezakeela ogasunarentzat. Ahal Dugu-ko Mikel Builek argi du horrek «murrizketak» eragingo lituzkeela baldin eta eskuinak babes nahikoa balu hori aurrera ateratzeko. Bi taldeak, dena den, nahikoa kezkatuta agertu dira sozietate zergaren bilketak atzerantz jarraitzen duelako eta gobernuaren lege proiektuan ez delako hartu hori zuzentzeko neurririk.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pentsiodunen protesta bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. ©Villar Lopez / EFe

Pentsioak %8,5 handituko dira urtarrilean, Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu

Iaz ez bezala, aurten batez besteko pentsioa urte amaierakoa baino handiagoa izango da.  Batez besteko pentsioa 115 euro handituko da urtarrilaren 1ean

Berrehun grebalariz osaturiko pikete bat elkartu zen atzo goizean Tubos Reunidosek Trapagaranen duen lantegiaren aurrean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Itsasoa bare dago, oraingoz

Imanol Magro Eizmendi

Lasaitasuna izan da nagusi Bizkaiko metalgintzak aste osorako deituriko grebaren lehen egunean. CCOOren, LABen eta UGTren arabera, %85eko erantzuna izan du, eta jendetza handia bildu da Portugaleteko manifestazioan. Ez dago FVEMekin biltzeko beste hitzordurik.

<b>Trapagarango Amazoneko langileak greban, atzo, biltegiaren sarreran.</b> ©MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iñaki Zabaleta, Saioa Urriz eta Imanol Pascual, atzo. ©ELA SINDIKATUA

ELAk salatu du Nafarroako aurrekontuak «legealdiko okerrenak» izango direla

Joxerra Senar

Europako funtsak kenduta, 2023ko aurrekontuak %1,6 baizik ez dira igoko, BPGaren eta KPIaren «oso azpitik». EH Bilduk aurrekontuak «apaindu» izana kritikatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...