Adierazpen askatasuna

Beste hiru hilabetez luzatu dute Pablo Gonzalezen espetxealdia

Aurki bederatzi hilabete beteko dira Polonian atxilotu zutenetik

Nabarnizen (Bizkaia) Gonzalezen alde martxoan egidako elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko azaroaren 24a
16:13
Entzun

Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak erabaki du Pablo Gonzalez euskal kazetariaren behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzea. Auzitegiak ez du erabakiaren arrazoirik eman, auzia sekretupean dagoelako, eta fiskaltzari eta kazetariaren defentsari baino ez die emango horren berri.

Joan den otsailaren 28an atxilotu zuten Gonzalez Polonian. Kazetaria Ukrainako gerratik ihesi zihoazen errefuxiatuei buruzko informazioa lantzen ari zen preso hartu zutenean. Hasieran, espioitza lanetan aritzea leporatu zion Poloniako Gobernuak, baina geroztik fiskaltzak ez du haren kontrako akusazio zehatzik aurkeztu, eta epaiketarako datarik ere ez diote jarri. Hala ere, jadanik hiru aldiz luzatu diote behin-behineko espetxealdia.

Hego Euskal Herriko sindikatuek, abokatu eta kazetari ugarik eta beste zenbait eragilek salatu dute Gonzalezen atxiloketa eta espetxean pairatzen duen egoera. Izan ere, inkomunikaturik atxiki dute, zenbait hilabetez ez du aukerarik izan senitartekoekin hitz egiteko, eta oraindik ez dauka egiten dizkioten akusazioen berri. Duela gutxi, haren bikotekide Oihana Goirienaren bisita izan du, estreinako aldiz zortzi hilabetean. Bi orduko bisitaldia izan zen, eta, Goirienak azaldu zuenez, Poloniako zerbitzu sekretuetako kide bat han egon zen, Gonzalezek bikotekidearekin eta Gonzalo Boye abokatuarekin hitz egiten zuen bitartean.

Datorren astean bederatzi hilabete beteko dira atxilotu zutenetik. Poloniako legeriak hamar urteko espetxealdia ezartzen die espioitza delituei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.