Albistea entzun

Hauteskunde sindikalak

ELA nagusitasunez gailendu da Mercedesen hauteskunde sindikaletan

Bederatzi ordezkari lortu ditu, lehen zituenak baino bi gehiago. LAB eta ESK sindikatuek ere emaitzak hobetu dituzte, ordezkari bana irabazita. Gehiengoa izango dute langile batzordean.

Mercedesen lantegia, Gasteizen.
Mercedesen lantegia, Gasteizen. Jaizki Fontaneda / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko azaroak 24 20:29

Aldaketa nabarmena izan da Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiaren panorama sindikalean. ELA nagusitasunez gailendu da bozetan, bederatzi ordezkari lortu baititu, orain arte zituenak baino bi gehiago. Hazkunde hori ez da bakarrik iritsi, ordea, LAB eta ESK sindikatuek ere lortu dutelako etekinaren zati bat: ordezkari bat gehiago lortu dute biek ala biek. Gauzak horrela, langile batzordearen kontrola erdietsi dute hiru sindikatuek, ez dutelako beste inoren babesik beharko.

Bi ordezkari galdu ditu UGT-k, eta ez du lortu uztailean zuzendaritzarekin eta beste sindikatuekin egindako akordioari etekina ateratzea. Ekintzak ere bi ordezkari galdu baititu, eta ez du ordezkaritzarik lortu PIM Plataforma Independenteak. Orain arte zituen lau ordezkariei eutsi die CCOOk, bestalde. Aurreko hauteskundeetan giltzarri izan zen CCOO, UGT-rekin zuen aliantza historikoa hautsi eta sindikatu abertzaleekin lerratu baitzen gehiengoa osatzeko. Lan hitzarmenaren negoziazioetan, ordea, blokez aldatu eta itunaren alde egin zuen.

Hain zuzen ere, uztaileko bozketak zauri bat ireki zuen sindikatuen eta langileen artean, aurrez aurre jarri baitzituen bi bloke. Baietzaren aldekoek irabazi zuten erreferendum hura, baina 600 botoko aldea baino ez zen izan elkarren artean. Bada, ukaezina da bozketa hark (eta gatazkak, oro har) hauteskundeotan izan duen eragina, ezezko blokeak babes handiagoa izan baitu. Edo bestela esanda, akordioaren aldekoen erabakia zigortu dute. Baiezkoaren blokeak (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM) 11 ordezkari izango ditu, eta 18 izango ditu ezezkoarenak.

Bada, langile batzordearen presidentetzari eutsi egingo dio Igor Gebarak (ELA). 2016An hartu zuen agintea. BERRIAri azaldu dionez, «irauli historikoa» eman da, eta argi adierazten du langileak ez daudela konforme lan itunan berriarekin, eta batez ere, orduan gehiengoa zuten sindikatuek negoziazioa kudeatzeko izan zuten moduarekin. «Langileak ez zituzten kontutan hartu, eta hori salatu dute orain: aintzat hartu ez ezik, parte hartzea nahi dute». Gogorarazi du haiek hasieratik izan zutela jarrera hori, informazio emanez eta batzarrak deituz, eta uste langileek hori «eskertu» egin dutela.

Gebararen ustez, agertokia «konplikatua» da orain Mercedesen. 2026ra bitarte lan baldintzak finkatuta badituzte ere, lan itun hori sinatu zutenak gutxiengoan daudelako orain. Bada «hausnarketa» egitera behartuko du zuzendaritza, haren esanetan. «Zuzendaritzak erabaki beharko du orain ELA, LAB eta ESK alboratzen jarraitu nahi duen, edo gurekin kontatu eta negoziatu nahi duen».

Boto telematikoa, gako

Ia 5.000 langile zeuden botoa ematera deituta, eta %87 inguruk egin dute azkenean. Azken urteetan Gasteizko plantako langile kopurua zertxobait gutxitu denez, bi ordezkari gutxiago izango ditu langile batzordeak hurrengo lau urteetan: 31 izan ordez 29 izango ditu. Ekoizpen lerroan kendu dituzte bi ordezkari horiek. Gune horretan sindikatu abertzaleak gehiago izan dira azken urteetan, baina aldaketak ez die eragin, bistan denez.

Boto telematikoa zen beste berrikuntza. Bigarren aldia zen botoa emateko sistema hori zutela, baina uztailean ez bezala, gutxik egin dute horren aldeko hautua oraingoan: 550 inguru izan ziren lan itunaren bozketan modu hori erabili zutenak, eta 60 inguru izan dira orain. Sindikatuek abertzaleek irregulartasunak salatu zituzten orduan, eta hauteskunde hauetan ere erabiltzeko eskatu zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehena, parlamentuan ©Jesus Diges / Efe

Nafarroan, Madrilek ez du oztopatuko 3.627 enplegu publiko egonkortzea

Joxerra Senar

Espainiako Gobernuak ez dio foru legeari errekurtsorik jarriko Auzitegi Konstituzionalean, eta uztailean Nafarroako Parlamentuak onartutako legea «bere osotasunean» sartuko da indarrean

Txik Txak garrai sareko autobus bat, Baionan, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Ipar Euskal Herriko garraio zerbitzuko langileak greban sartu dira

Garazi Aduriz - Oihana Teyseyre Koskarat

Txik Txak garraio sareko langileek grebari ekin diote goizean. Salatzen dute egunean hamalau orduko lan txandak dituztela langile eskasiaren ondorioz.

LIDLeko langileak, greban. ©ELA Sidikatua

Bertan behera utzi dituzte Lidl eta BM supermerkatuetako grebak

Iñaut Matauko Rada

Langraiz Okako (Araba) Lidlen bloke logistikoan hitzarmen berria adostu dute, eta soldaten %20ko igoera lortu. BMn gaur ziren greba hastekoak, baina asteburuan lortutako «aurrerapenen» ostean, deialdia utzi dute.

Mondragon korporazioaren, Laboral Kutxaren eta Ikerlanen egoitzak, Arrasaten. ©MONDRAGON

Ulma eta Orona, Arrasatetik urrutiratzen

Aitor Biain

Mondragonetik atera, eta korporazioarekin harreman eredu berri bat izateko proposamena egin dute Ulmak eta Oronak. Ereduen talkak eragin du bide propioa abiatu nahi izatea. Abenduaren 16an erabakiko dute bazkideek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.