Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Nerea Ibarzabal irabazle Baionan

671,5 puntu lortu ditu Ibarzabalek, eta bigarren egin du Sustrai Colinak, 668 puntu eskuratuta. Ondotik geratu dira, hurrenez hurren, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Unai Agirre eta Eñaut Martikorena.

Bertsozale Elkartea Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2022ko azaroak 26 19:47

Zuzeneko kontakizuna

19:45

Irabazlearen agurra

Hona hemen Nerea Ibarzabal Salegiren agurra:

"Tira, Baiona, lehen agurretan
gerlari diruditenak,
izaten dira ahuleziak
nun gorde ez dakitenak.
Loa, gosea ta umorea
dauzkat lekutik irtenak,
beste pixkaten luzatzen zaizkit
itolarri sentipenak.
Ze ondo, justu, hau behar zuen
nire nerbio sistemak"

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:35

Haren atzetik, honela geratu da sailkapena:

- Sustrai Colina Acordarrementeria (668 puntu).
- Beñat Gaztelumendi Arandia (656,5 puntu).
- Julio Soto Ezkurdia (643,5 puntu).
- Unai Agirre Goia (639,5 puntu).
- Eñaut Martikorena Lizaso (584 puntu).

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:33

Nerea Ibarzabal irabazle

671,5 puntu eskuratu ditu.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:30

Eta horrekin bukatu dira gaurko ariketak. Epaileek aurki jakinaraziko dituzte emaitzak.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:30

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala heltzeko egun bakarra falta denean, ez joateko erabakia hartu du Julio Sotok: "Barkatuko didazue,/ hezur haragizkoa naiz". Baionako saioan irabazle atera ez zela kantatu du bigarren bertsoaldian, baina poza hartu du gainerako bertsolariengandik: "Enoa finalera ze/ min bat badaukat gordea;/ nere bertsokideengatik/ poza hartzen dut, ordea". Hala borobildu du ariketa: "Nork daki agian egun/ handiak izanen ditut;/ ordea, horren aurretik,/ galtzen ikasi behar dut".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:19

Lan ederra egin du Sustrai Colinak ere. Hil berri den gizabanakoaren larruan jarri da. Hala abiatu du bertsoaldia: "Agian ni entzutea/ egingo zaizu arraro,/ bizkarrean daramaten/ hilkutxa baten bainago". Biharko bazkarira joan ezingo dela kontatu du jarraian, eta hala amaitu du bertsoaldia: "Mundu hontatik joan naiz/ neure sen ta neure garbo./ Min hau jasatea baino/ libre izatea nahiago:/ bizitza antzerkia da/ ta heriotza gehiago". Elizako lehen lerroetan biharko bazkarian egongo diren senideak identifikatu ditu, eta umoretik jo du azken bertsoaldian: "Ikusten ditut Otegi,/ Txibite ta Etxegarai;/ bertsoa Egañak bota du,/ bai, oraindik bizi da bai:/ nahiz eta izarren hautsa/ bilakatzen den bizigai,/ bihar ez naiz joango eta/ eginzazue lo lasai". Txalo zaparrada itzela jaso du ariketaren amaieran.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:05

Gabon eguneko afarira ez joateko erabakia hartu du Unai Agirrek. Berez, pozik eta alai egoteko eguna bada ere, krisiaren ondorioz, bestelako itxura bat hartu du egun "berezi" horrek: "Baina krisian murgildurikan/ dago hemengo ta hango,/ bizilaguna degu bat eta/ beste mordo bat badago:/ etxe guztitan eztute aurten/ festa handirik izango".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:54

Lan ederra egin du Nerea Ibarzabalek. Hamar urte igaro dira familiako kideekin azken besarkada eman zuenetik, eta, ordutik, dezente urrundu direla kontatu du: "Baina bizitza izan daiteke/ telefono dei bat, hara./ Izeba hila omen dago ta/ bihar doa lurpetara,/ baina nik eztut itzuli gura/ familia horretara". Herritarren aurrean itxurakerietan ibiltzeko gogorik ez duela kontatu du bigarren bertsoaldian: "Irri txikiak, keinu lasaiak,/ hoztasuna beharrean./ Beilatokiko gezur artean/ ahopeko marmarrean./ Horrek guztiak ipiniko nau/ oso umore txarrean:/ familia on bat bagina legez,/ herri osoaren aurrean". Hirugarrenarekin borobildu du ariketa: "Barkatu izeba, sentitzen dut zu/ joatea apartean,/ baina pertsonak maite behar dira/ bizirik dauden artean".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:44

Denbora asko ezkontza eguna prestatzen egon ondoren, dena pikutara bidaltzeko erabakia hartu du Beñat Gaztelumendik. Hala abiatu du bertsoaldia: "Bazkalekua prest dago,/ gonbidatuen bilduma,/ prest daude gurasoak ta/ berdin prest da eraztuna./ Dihoala pikutara/ nire ezkontza eguna". Koadrilakoak izan ditu gogoan bigarren bertsoaldian: "Ziur ni ez joanda igual/ pena hartuko dutela,/ nere partez banketeaz/ disfrutatu dezatela". Biziketa hartu eta bidaia bat egingo duela kontatu du hirugarren bertsoaldian, eta hala borobildu du ariketa: "Nahiz guraso ta lagunek/ hartu behar duten pena,/ nahi duguna izango gara/ ez besteek nahi dutena".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:31

Bizitza osoa bertso eskolan eman duen ikaslearen rolean jarri da Eñaut Martikorena. Zalantzan egon ondoren, Bertsolari Txapelketa Nagusian izena emateko erabakia hartu zuela kantatu du. Baionako finalaurrekora sailkatu bada ere, azkenean, ezin izan da bertara gerturatu: "Nere nahi eta ezinez,/ urtetako ahaleginez,/ baina ezin da bertsorik bota/ tripetako minez".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:24

Ganbarako ariketa

"Bihar da egun handia. Ez joatea erabaki duzu". Horixe izango da sei bertsolariek nahi duten doinu eta neurrian hiruna bertso kantatzeko gaia. Horrez gainera, puntua emanda, bi bertso osatu beharko dituzte zortziko txikian. Eñaut Martikorena izango da lehenengoa ariketa osatzen.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:10

Aurki hasiko da ganbarako ariketa

Amaitu dute lehen tartea Baionako Lauga aretoan. Emozioa nabaria da, eta publikoa gogoz erantzuten ari da. Bertsolariak ganbarara doazen bitartean, publikoak haize pixka bat hartzeko aprobetxatu du.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:08

Lagunak dira Unai Agirre eta Julio Soto. Psikologia ikasten hasi da Soto, eta azkenaldian, uneoro, bere jarrera guztiak aztertzen dabilela aurpegiratu dio Agirrek: "Ni ederki bizi naiz,/ ta zuk desiratu./ Arren, Julio, holan/ neri ez begiratu". Negarretik barrera azkar igarotzen dela esan dio Sotok, eta honako diagnostikoa egin dio azkenean: "Nik uste dut zarela/ pixkat bipolarra". Orain arte halakoa ez zela erantzun dio Agirrek, eta jarraian bota dio bigarren diagnostikoa: "Gaur duzu zeru beltza/ ta gero azula,/ nik uste haurtzaroko/ trauma bat duzula".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:03

Tatuatzailea da Beñat Gaztelumendi, eta bezeroa, berriz, Sustrai Colina. Azalean tatuatutako izena ezkutatzeko asmoz joan da estudiora Colina; hirugarren aldia da gauza bera egiten duena. Umoretik heldu dio Gaztelumendik: "Eguraldia bezain aldakor/ zera zu./ Hurrena pegatinak/ ipini itzazu". Maitale asko dituela esan dio Colinak Gaztelumendiri, eta honako proposamena egin dio: "Behintzat beherapen bat/ egingo didazu". Hurrengo aldian kopeta tatuatuko dioela esan dio Gaztelumendik, eta bizi erantzun dio Colinak: "Maitasunean azal/ gogorra behar da". Fin aritu dira bi bertsolariak, eta sekulako txalo zaparrada jaso dute ariketaren amaieran.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:57

Zortziko txikiko ariketarekin hasi dira bertsolariak. Umoregileak dira Nerea Ibarzabal eta Eñaut Martikorena. Emanaldi bat sortu dute elkarlanean, eta gaur dute lehen lan saioa. Hasi orduko, Ibarzabalek trabak baino ez dizkiola jarri esan du Martikorenak. Ibarzabalek baina, dena azkarregi egiten duela aurpegiratu dio: "Eñaut oholtza gainera/ erdi zara ataka/ argia piztu aurretik/ igotzen zara ta". Barre algara ugari eragin dituzte publikoaren artean.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:52

Kazetariak dira Unai Agirre eta Sustrai Colina. Bederatzi hilabete igaro dira kazetari euskaldun bat Polonian preso daukatela, eta haren egoera salatzeko asmoz, prentsaurreko bat antolatu dute. Haren egoera okerra ekarri du mahai gainera Agirrek: "Denak dakite nola dagon ta/ inork eztu deus esaten". Gaia albo batera utzi dutela nabaritu du Sotok: "Ingurukoak ezin ikusi,/ gertukoek ezin zaindu,/ eta gasaren garestitzea/ bakarrik inporta zaigu". Fin aritu dira bi bertsolariak.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:46

Pisukideak dira Eñaut Martikorena eta Julio Soto. Emakumeen indarkeriaren aurkako elkarretaratzera iritsi berri dira bi lagunak, eta bertan ikusi du Sotok bikotekideari tratu txarrak ematen dizkion bizilaguna: "Begirazazu zein harro dagon/ pin morea paparrean". Itxura izan dute hizpide bi bertsolariek, eta fin amaitu du ofizioa Sotok: "Gizon guztiok hobe genuke/ jausi gabe amarruan/ behingoz onartu denok dugula/ bizilagun bat barruan".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:39

Zortziko handiko ofizioan hasi dira bertsolariak. Seaskako ikasleak dira Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal. Azterketak euskaraz egiteko trabak egon arren, borrokan jarraitzen dute bi lagunek. Hala abiatu da Gaztelumendi: "Besteengandik ikasi behar/ omen dugun garaian,/ hemen gabiltza helduagoei/ lezioak eman nahian". Borroka egiteaz haratago, baliabideak behar direla azpimarratu du Ibarzabalek: "Begirada bat geure-geurea/ jarriaz mundu erdira,/ eta euskarak eduki dezan/ mundu horretan kabida/ orain bertsoa ia ondare/ inmaterial da, tira,/ baina hortarako baliabide/ materialak behar dira". Ale politak utzi dituzte bi bertsolariek.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:33

Bere lagun taldean seme-alabarik ez duten bakarrak dira Sustrai Colina eta Julio Soto, eta azkenaldiko planetan, lekuz kanpo sentitzen direla igarri dute. Fin aritu dira bi bertsolariak. Hala esan du Colinak: "Umeekin bizitza/ ez dela berdina/ ulertzeko egiten/ dugu ahalegina,/ nahiz ta aintzat ez hartu/ guk nahi adina,/ gainera, handitzen dit/ nigan dudan mina:/ nere aita izan nahi/ ta izan ezina". Besteen minaz sarri ohartzen ez garela erantzun dio Sotok, eta lagun taldez aldatzeko proposamena egin dio Colinari azken bertsoaldian: "Alda ditzagun lagun/ talde eta paisai".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:27

Baionako karriketan saltoki txiki bana duten bi dendari dira Nerea Ibarzabal eta Unai Agirre. Salmentak bere horretan jarraituz gero, urte bukaeran bere saltokia itxiko duela esan dio Agirrek Ibarzabali: "Jendearekin badet/ hainbeste jelosi:/ txikia famatu ta/ handian erosi". Dendari txikien artean elkartu behar direla erantzun dio Ibarzabalek, baina horretarako "beranduegi" dela esan dio Agirrek. Fin erantzun dio Ibarzabalek: "Zure arropa denda/ goxo eta ñaño./ Nahiago dut sartzea/ neure etxeraino,/ zurean frankizi bat/ aurkitzia baino". Prezioen gorakada nabarmendu du Agirrek, eta azken bertsoaldiarekin borobildu du ariketa: "Oraindikan ez degu/ okerrena pasa".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:21

Hasi dira ariketa puntuagarriak. Ofizioka, hiruna bertso osatu beharko dituzte bertsolariek hamarreko txikian. Eñaut Martikorena eta Beñat Gaztelumendi izan dira lehenak ariketa osatzen. Lanean hasi berriak diren bi gazte dira Martikorena eta Gaztelumendi. Bigarren honek sindikatu batean izena emango duela esan dio Martikorenari: "Nahiz gazte hasiberri/ itxura daukagun,/ gure eskubideak/ defenda ditzagun". Ez du Martikorena konbentzitu, baina Gaztelumendik sindikatuen balioa azpimarratu nahi izan du azken bertsoaldian: "Zerbitzu, sektoreak/ beltza du itxura,/ baina sare bat dugu/ gure zerbitzura".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:06

Hasierako agurrei ekin diete bertsolariek, eta nabaria da bertso gogoa publikoaren artean. 2.000 lagunetik gora bildu dira Baionako Lauga aretoan.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:02

Oholtzan dira bertsolariak

Txapelketako sintoniaren gainetik, txalo artean hartu ditu publikoak sei bertsolariak. Ainhoa Larretxea Agirrek egingo ditu gai jartzaile lanak, eta bertsolariei, berriz, honako ordena hau egokitu zaie: Eñaut Martikorena Lizaso, Beñat Gaztelumendi Arandia, Nerea Ibarzabal Salegi, Unai Agirre Goia, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Julio Soto Ezkurdia.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

16:56

Datorren asteko saioaren ondoren jakingo da zein zazpi bertsolari sartuko diren finalean. Hori argitzeko, finalaurrekoen bigarren fasean lortutako puntuak gehituko dizkiete lehen fasean lortutakoei. Beraz, momentuz, edozer gerta daiteke. Maialen Lujanbio egungo txapelduna zain izango dute Nafarroa Arenako oholtzan.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

16:50

Saioa hasteko hamar minutu eskasen faltan, itxura ederra hartzen ari da Baionako Lauga aretoa. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzuliko bigarren saioa izango da gaurkoa, eta bertsolari hauek arituko dira kantuan: Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona


Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zugaza, Herraez, Gonzalez, Zupiria eta Ormazabal, gaur, Gasteizen. ©IREKIA

Euskal artisten 26 artelan erosi dituzte museoek, Jaurlaritzak diruz lagunduta

Aitor Biain

Artium museoak, Biboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin erosi dituzte 18 euskal artistaren obrak, 200.000 euroko ezohiko diru laguntza bati esker.

2023ko Bertsoaoa zikloko irudia, Leire Urbeltzek egina. ©Nafarroako Bertsozale Elkartea

Iruñeko Bertsoaroa otsailaren 9tik martxoaren 2ra eginen dute

Berria

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolaturik, sei emanaldirekin osatu dute zikloaren egitaraua. Lehenbiziko aldiz, bertso afari bat ere izanen da.

Gorka Moreno, Amaia Ozerin eta Patxo Telleria, gaur goizean, 'Sormen Ola' proiektuaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gazteentzako tailer sorta bat antolatu dute Loraldiak eta EHUk

Olatz Enzunza Mallona

Gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzeko asmoz, Sormen Ola programa abiatu dute Loraldiak eta EHUk. Parte hartzaileek formakuntza tailerrak jasoko dituzte hilean behin, sortzaile profesionalek gidatuta. Larunbatean egingo dute lehenengo saioa.

Slawka Grabowska eta Amaia Garcia antolatzaileak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Kultura diputatua eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria, gaur goizean, jaialdiaren aurkezpenean. ©Jon Urbe / Foku

Otsailean egingo dute Lumafest jaialdia Donostian, bigarrenez

Naroa Torralba Rodriguez

Zabalik dago mikrokontakizunak bidaltzeko epea. Otsailaren 9tik 11ra tailerrak eta hitzaldiak izango dira Koldo Mitxelena kulturunean.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...