Albistea entzun

Euskaraldia

«Hitanoa indartuz, tokiko euskalkia eta euskara bera indartuko ditugu»

Oiartzunen, Euskaraldiarekin batera, Hikaldia ere egiten ari dira aurten, hitanoa sustatzeko eta indartzeko asmoz.

Aitzol Perez de San Roman Uria eta Aitziber Arnaiz Garmendia.
Aitzol Perez de San Roman Uria eta Aitziber Arnaiz Garmendia. OIARTZUNGO UDALA

Oiartzunen, Euskaraldiarekin batera, aurten ere Hikaldia egiten ari dira, hitanoa sustatu eta indartzeko asmoz.

Euskaraldian, Oiartzunen zenbat entitatetan sortu dira ariguneak? Zenbat lagunek eman dute izena ahobizi eta belarriprest gisa?

AITZOL PEREZ DE SAN ROMAN URIA: 83 enpresa, elkarte, eragile eta establezimenduk eman dute izena aurten. Aurreko edizioan bezalatsu. Herritarrekin ere pozik gaude. Ez dugu gainditu 2.000 partaide izateko erronka, baina mugimendu handia izan dugu egunotan.

AITZIBER ARNAIZ GARMENDIA: Ez dugu datu zehatzik, baina gure irudipena da aurrekoetan baino gazte gehiago hurbildu zaizkigula.

Oiartzungo Udalak eta herriak bat egiten dute Euskaraldiarekin. Bultzatu beharreko ekimena da.

A.A.G.: Euskaraldiaren 2018ko lehen edizio hura baino lehen, 2017an Konpromisotik aD/Ritzera ekimena izan genuen Oiartzunen. Egia, Lasarte-Oria, Hernani eta beste herri batzuen bidetik ekin genion, eta gure irudi propioa landu genuen, baina ahobizi eta belarriprest figurak ezagutu genituen lehen aldiz herrian. Euskaraldiaren proposamena jaso genuenean, argi izan genuen bide berari jarraituta udala eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea batera joango ginela, hainbat ekimenetan egiten dugun moduan.

Beraz, herritarren erantzuna ona da.

A.P.S.R.U.: Badakigu badirela aurreko edizioetan izena eman eta oraingoan berretsi ez dutenak; seguruenik, gehienek pentsatu dute aurrekoan izena emanda nahikoa zela. Gainera, aurreko txapa ongi gordea zutenez, ez dute bila etorri behar izan. Etorri direnak eta ez direnak ariketa egiten aritzea da guretzat garrantzitsuena.

A.A.G.: Gure datuen arabera, hiru edizio hauetan 3.000 herritarretik gora izan dira noizbait Euskaraldian parte hartu dutenak.

Euskaraldiarekin batera Oiartzunen antolatu den Hikaldian parte hartzaile bakoitzari eman dioten Oiartzungo hitanoaren eskuliburua eta txapa. OIARTZUNGO UDALA

Oiartzungo Euskaraldiaren berezitasunetako bat Hikaldia da. Txaparen ondoan pegatina bat itsatsi duzue, hika aritzeko prest zaudetela erakusteko. Gainera, Oiartzungo hitanoaren eskuliburua eman diozue parte hartzaile bakoitzari. Hitanoa sustatzea garrantzitsua da?

A.P.S.R.U.: Herri askotan, urteak daramatzagu kezkatuta euskalkien eta hitanoaren galerarekin. Euskara batuak arazoak izan ditu transmisioan, eta zer esanik ez hitanoak eta euskalkiek. Eskoletan hitano batuaren inguruko irakaspenak egon badira ere, argi ikus daiteke hitanoak lotura handiagoa duela euskalkiekin. Eta hauen transmisioak eten nabarmena izan duela ere begi bistakoa da, are nabarmenagoa nokaren kasuan. Hitanoa indartuz, tokiko euskalkia eta euskara bera indartuko dugu.

A.A.G.: Azken urteotan, Oiartzunen hainbat ekimen antolatu ditugu Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunetik udalaren laguntzarekin hitanoa sustatzeko: Hitano ikastaroak, Hikalaguna, duela bi urte lehen Hikaldia, eta orain bigarrena.

A.P.S.R.U.: Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko ariketa masiboa denez, uste dugu une egokia dela euskararen beste erregistroak ere lantzeko, hitanoa barne. Euskaraldiak berak duen dimentsio eta babes sozial eta instituzionalak jokaleku ezin hobea eskaintzen digu ariketa kalera ateratzeko.

Hikaldian, txapa propiorik ez, rolik ez, konpromisorik ez.

A.P.S.R.U.: Pegatina baten bidez hitanoaren inguruko gogo bat adieraztea izango da, saiakera bat. Pegatina hori daramanak gogo bat adieraziko du, eta aukera duen guztietan hika hitz egingo luke gai bada, edo, berari hika hitz egitera animatuko luke parekoa.

Behin Euskaraldia bukatuta, abenduaren 3an, Euskararen Festa antolatuko duzue. Ekitaldiaren nondik norako nagusiak?

A.A.G.: Goizez, 11:30ean, Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida aurkeztuko dugu, eta, segidan, 12:30ean 35. Xabier Lete prosa eta poesia lehiaketaren sari banaketa izango dugu, osoko bilkuren aretoan. Arratsaldez, herriko hainbat eragileren emanaldiak izango ditugu, 17:30etik aurrera (dantza, bertsoak, musikariak…), eta afalondoan, Kuluxka Klan taldearen kontzertua. Hala ere, egitaraua oraindik zabalik dugu, eta baliteke ekintza gehiago izatea asteburuan. Bezperan ere, Oarsoarrak euskararen sariak banatuko ditugu Pasai Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunean. Aurten, Oreretako Xixilio Maritxalar eta Oiartzungo Zuberoa jatetxea izango dira sarituak, haien ibilbidearengatik.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.oiartzun.eus.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Oiartzungo udala

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.