Lan gatazkak
Azken negoziazioak huts egin ondoren, grebarako deia Bizkaiko metalgintzan
Sindikatuek ez dute onartu FVEMen azken proposamena. Patronalak salatu du CCOOk, LABek eta UGTk ez dutela Bizkaian onartu nahi Araban sinatu zuten ituna hobetzen duen eskaintza.

Huts egin du Bizkaiko metalgintzako bost eguneko greba eragozteko azken saioak. FVEM enpresaburuen elkartearen deiari erantzunez, Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzan elkartu dira gaur eguerdian patronala eta lau sindikatu nagusiak, baina gutxi iraun du bilerak: FVEMek esan die bere azken proposamena besterik ez duela eztabaidatu behar, eta sindikatuek erantzun diote ez dela nahikoa.
Akordiorik ez denez izan, Bizkaiko metalgintzako 56.000 langileak grebara deituta daude datorren astelehenetik ostiralera. Urteko hirugarren greba sorta da, eta aurreko biek erantzun zabala izan dute.
Berez, bi deialdi daude datorren asterako, lan hitzarmenaren negoziazioan bi taldetan banatu direlako sindikatuak: batetik ELA, (ordezkarien %40ekin) eta bestetik CCOO, LAB eta UGT (%59ekin).
Sindikatu «arduragabeak»
Hain zuzen ere, ELAk salatu du FVEMek ez duela haiekin negoziatu nahi, ordezkari gehien dituen sindikatua izan arren, eta, aurreko bileretan bezalaxe, FVEMek CCOO-LAB-UGT hirukoari soilik erantzuten diola. Baina horiekin ere ez da gustura azaldu patronala. «Arduragabe» deitu die bere azken proposamenari ezezkoa emateagatik eta «justifikaziorik ez duen» greba bati eusteagatik. «Akordioak lortu ahal izateko, sindikatuek eskaera errealistak egin behar dituzte, eta erreferentzia gisa aurkeztu dutenari eutsi». Erreferentzia hori Arabako metalgintzako lan hitzarmena da, aste honetan bertan CCOOk, LABek eta UGTk SEA Arabako patronalarekin sinatutakoa. FVEMek argudiatu duenez, bere azken proposamenak, ostegun arratsaldean iragarritakoak, hobetu egiten du Arabako ituna.
Enpresaburuen elkarteak auzitan jarri ditu horri uko egiteko arrazoiak. «Benetako helburua akordioak lortzea bada eta ez bada interes elektoral hutsa, ezin da ulertu nola esaten duten Bizkaiko proposamena ez dela nahikoa, Arabakoa baino hobea baita, eta han historikotzat jo dutenean». Haren arabera, soldatak %6,5 handituko lirateke 2022an, %3,5 2023an, %2,5 2024an, eta %1,5 2025ean.
Mugimenduak, «grebaren emaitza»
CCOOk, LABek eta UGTk onartu egin dute «aurrerapenak» daudela FVEMen azken eskaintzan, baina motz geratzen dela berretsi dute, eta espero dute protestak urrats gehiago egitera behartuko duela patronala. «Gehiengo sindikalak argi dauka patronalaren azken egunetako mugimenduak orain arte egindako mobilizazioen eta greba egun arrakastatsuen emaitza direla. Horrek erakusten du bide onetik goazela, eta deitutako bost egunetako greban tinko jarraitzeko unea dela».
Antzeko argudioak eman ditu ELAk ere: «Patronalak bere planteamenduak aldatu ditu, baina oso modu eskasean; sektore osorako KPIaren berehalako igoerarik bermatu gabe eta aplikatzeko bermerik eskaini gabe jarraitzen du».
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.