Ingurumena
Zubietako erraustegia ixteko eskatu dute ehunka lagunek Donostian
Aldeen arteko elkarrizketa bat izan dadila galdegin dute, auziari irtenbidea bilatzeko, eta grinez nabarmendu ez Gipuzkoako Aldundiak ez eta Jaurlaritzak ere ez dutela «hitza bete».

Itzaltzen baino gehiago, bizitzen ari da Zubietako erraustegiaren kontrako mugimendua. Horren lekuko izan dira gaur Donostiako kaleak. GuraSOS elkarteak deiturik, ehunka lagunek protesta egin dute Zurriola hondartzaren ertzeko kaleetan –3.000 lagun bildu dira, antolatzaileen arabera–. Kursaaletik abiatuta, irmoki eskatu dute «behingoz» itxi dadila Zubietako errauste planta. Orain bai, gelditu! Elkarrizketa eta konponbidea lelopean egin dute martxa.
Protestan, GuraSOS elkarteko kideek gogor kritikatu dute, batik bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Zubietako erraustegiaren auzian aspaldian izandako jarrera. Izan ere, oroitarazi dute bi erakunde horiek laster batean utzi zutela bazter herritarren erabakitzeko eskubidea. Diotenez, herritarrei ez zieten utzi prozesuan parte hartzen 2016an. Are, salatu dute aldundiak eta Jaurlaritzak Zubietako erraustegia «baliatu» dutela «indar erakustaldia egin eta harrokeriarako gotorleku izateko».
Batik bat, salatu dute erakundeek ez dutela hitza bete. Besteak beste, GuraSOSek zehaztu du agintariek hitzeman zutela kontrol zorrotzagoak izanen zirela errauste plantak airera isurtzen dituen zaborrak neurtzeko eta ezarriak diren mugak gaindituz gero hondakinen erreketa eteteko. Finean, diotenez, zin egin zuten erraustegia gelditu eginen zela kutsadurak mugak gainditzen bazituen, eta ez zela atzera ere martxan jarriko arazoak konpondu arte. GuraSOSeko kideek gogor kritikatu dituzte promes horiek, «ez baitira bete». Hala, egiazko «kontrol demokratikoa» ezar dadin eskatu dute berriz.
Ikusi gehiago: Tapiak aitortu du Zubietako erraustegiak ez dituela betetzen Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintzak
Hain justu, kutsadura mugen gaineko eztabaida pil-pilean izan da asteon. Egoeraren berri nork ematen duen, desberdina baita diagnostikoa. Duela aste batzuk, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ziurtatu zuen Zubietako erraustegiak «zehatz-mehatz» betetzen dituela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintza guztiak, «Europako beste instalazio askotan baino zorrotzagoak» izan arren. Arantxa Tapiak, ordea, horrekin bat egiten ez duen iritzia eman zuen joan den asteartean legebiltzarrean: aitortu zuen gehiegizko isuriak daudenean ez dagoela sistemarik erretzea automatikoki geratzeko. Hain zuzen ere, GuraSOSek duela aste batzuk salatu zuen bezala.
Halaber, problemaren larritasuna zer neurritakoa den nabarmentze aldera, erraustegiak osasunari ekartzen dizkion kalteak ere aipatu dituzte manifestazioan. «Ez dira konturatzen guri eta gure senideen osasunari eragiten dieten gaietan inork ez gaituela ordezkatzen!», adierazi du elkarteak. Auziari irtenbidea aurkitzeko, GuraSOSek ezinbesteko ikusten du elkarrizketa mahai bat sortzea. Horregatik, hitzordu bat zehaztu dezala galdegin diote Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori. «Ireki, behingoz, gazteluko ateak herritarrei. Kontrol demokratiko eta gardena behar dugu».
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.