Urrutikoetxea-Albisu 15-22 Peña II.a-Mariezkurrena II.a

Gazteen ahala eta sasoia

Jon Ander Peñaren ausardia eta Jon Mariezkurrenaren erregulartasuna nabarmendu dira partidan. Dena dela, lehia estu-estua izan da. Lau pilotariak aritu dira dotore.

Jon Ander Peña, gaurko partidan. JON URBE, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko azaroaren 27a
20:15
Entzun

Ezin kexa pilotazalea: estu-estuak eta emozioz beteak izaten ari dira Lehen Mailako Binakako Txapelketako partida guztiak. Hala izan zen Azkoitian (Gipuzkoa), halaxe Bartzelonan, eta tankera bertsukoa izan da gaur Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan izanikoa ere. Mikel Urrutikoetxea eta Jon Ander Albisu gorri, eta Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena urdin, bizi aritu dira laurak. Partida parekatua izan da, eta azken tantoetan baizik ez da puztu bi bikoteen arteko aldea. Urdinak gailendu dira orduan, freskotasunari eskerrak. Honako hau emaitza, azkenean: Urrutikoetxea-Albisu 15-22 Peña II.a-Mariezkurrena II.a.

Markagailua hainbatetan berdindu dute, eta nekez aurreikus zitekeen nork hartuko zuen aurrea azkenekorako. Bereziki dotore hasi da Urrutikoetxea hasierako tantoetan, eta ederki landu dituzte tantoak guztiek. Abil ibili da Albisu ere. 14-12 izan dira aurretik. Ordea, pilotarien egoera fisikoa izan da, batik bat, neurketaren noranzkoa baldintzatu duena, eta, horretan, gazteenak aritu dira hobekien; Peña II.a eta Mariezkurrena II.a.

Izan ere, partidak aurrera egin ahala, freskotasuna galdu dute gorriek –gaizki ez, halere–, eta tinko eutsi diete urdinek. Berriozarreko (Nafarroa) atzelariari sumatu zaio gehien alderdi horretan duen indarra: Mariezkurrena II.ak lasai antzean hasi du partida, baina hobera joan da pixkanaka, indar gero eta handiagoz. Nabarmentzekoa, halaber, erakutsitako segurtasuna: bi huts baizik ez ditu egin.

Bestalde, nabarmena izan da Peña II.aren ausardia. Bost huts egin ditu, baina aise orekatu du hori eginiko tantoekin: hamabi. Aurkariek utzitako aukera bakoitza aprobetxatu nahia sumatu zaio aurrelariari, eta, asmatu ere, ederki asmatu du.

Hala, txapelketa konfiantzarekin hasteko moduko puntua zakuratu dute gaur Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak. Berdin egin dute atzo eta herenegun irabazi zuten beste bi bikoteek ere. Ezkurdia-Martijak irabazi egin zieten Etxeberria eta Rezustari: 22-20. Lasok eta Imazek tanto baten aldea aterata irabazi zieten Jaka eta Arangureni. Asteazkenean jokatuko da txapelketako hurrengo partida, Eibarren (Gipuzkoa). Altuna III.a-Tolosak Elordi-Zabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.