Kaledonia Berria

Darmaninek «elkarrizketei berriz ekitea» jarri du helburutzat Kaledonia Berrian

Urtebetean baino gehiagoan lehen aldiz, independentistek baiezkoa eman diote negoziazioetan parte hartzeari.

Gerald Darmanin Frantziak Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa —irudiaren erdian—, gaur, Noumean, bilkura batean. @GDARMANIN
ander perez zala
2022ko azaroaren 28a
12:53
Entzun

Urtebete baino gehiago da Kaledonia Berriko independentistak eta Frantziako Gobernua ez direla mahai beraren inguruan eseri Ozeaniako uhartediaren etorkizunaz aritzeko. Hori bihar amaituko da, batetik, Gerald Darmanin Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa kolonia horretan baita larunbatera arte iraungo duen bisita bat egiteko; eta, bestetik, Frantziatik ateratzearen aldekoek baiezkoa eman baitiote harekin hitz egiteari. Desadostasunez beteriko prozesuak, hortaz, bizirik dagoenaren zantzuak eman ditu, baina bi aldeek negoziazioen bezperan adierazitakoa kontuan harturik, agerian geratu da ados jartzeko helburua oso urrun dagoela. Subiranistentzat, elkarrizketen oinarriak «independentziara iristea» izan behar du; Darmaninentzat, berriz, «proiektu berri bat eratzea Frantziaren barnean». Abiapuntu horrekin, Frantziako Barne ministroarentzat, oraingoz, «elkarrizketei berriz ekitea» izango da egunotako lehentasuna.

Deskolonizazio prozesuko hirugarren erreferendumak, iazko abenduaren 12an egindakoak, hautsak harrotu zituen, eta oraindik nabari dira horren ondorioak. Independentisten boikotarengatik —koronabirusaren pandemia aitzakia hartuta— parte hartzea %43,87koa izan zen —aurreko bietan, %83 ingurukoa—, eta horrek eragin zuen ezezkoak berriz ere irabaztea, botoen %96,5 bilduta. Frantziatik ateratzearen aldekoek kontsulta berriz egiteko eskatu zuten, baina, Parisen ezezkoa jaso zutenez, giroa nabarmen gaiztotu zen.

Gerora, beste hainbat gertakarik are gehiago haserrearazi dituzte Kaledonia Berriko independentistak: besteak beste, Yael Braun-Pivetek hilabete besterik ez egitea Itsasoz Haraindiko ministro karguan; Darmaninek iragan uztailean uhartedira iragarria zuen bisita bertan behera uztea; Jean-François Carenco haren ordezkoak garrantzi politikorik gabeko egonaldi bat egitea, joan den irailean; eta, hilabete berean, Negoziaziokideen Biltzarraren lehen bilkura egitea, Parisen, Frantziatik ateratzearen aldekoek horretan parte hartuko ez zutela esan zuten arren.

Ikusi gehiago:«Frantziako Estatuak ez du inoiz jakin nola deskolonizatu»

Testuinguru horretan dago Kaledonia Berrian Darmanin. Afera asko landuko ditu, baina ez dago zalantzarik uhartediaren etorkizun instituzionalak izango duela pisurik handiena; eta, horregatik, Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroak jada esan du zera egin nahi duela egunotan: negoziazioetarako metodo bat finkatu, lantaldeak zehaztu eta Negoziaziokideen Biltzarrean landu ez zituzten eztabaidei ekin. Horiei begira, biharkoa izango da egun erabakigarrietako bat, Darmanin, besteak beste, Kaledonia Berriko Asanblean ordezkaritza duten alderdi politiko independentistekin eta loialistekin elkartuko baita.

Iritzi kontrajarriak dituzten arren, Frantzian geratzearen eta handik ateratzearen aldekoek badute jarrera komun bat: nahi dute Frantziako Estatuak ustezko neutraltasuna alde batera utzi, eta alde batera lerratzea. Hori gertatuko balitz, loialistak edo independentistak, bietako bat negoziazio mahaitik altxatuko litzateke, ezinbestean, eta are gehiago zailduko litzateke prozesua.

Autonomia handiagoa?

Edonola ere, eta Darmaninen adierazpenak kontuan harturik, badirudi Parisek autonomia handiagoa eskainiko duela, eskumenen aldetik independentziara gerturatzeko, betiere estatus hori lortu gabe.

«Frantziako Errepublikan geratzeko aukeraren alde egin dute. Frantziako Estatuari dagokio eskua luzatzea horren alde egin ez dutenei, elkarrekin lan egiteko eta errespetatua izateko», adierazi du Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroak. Horretarako, Darmaninek azaldu duenez, «aktore politiko guztiak entzun» nahi ditu, etorkizunera begirako «bide bat» eraikitze aldera. Hau da: «Kaledonia Berriarentzako proiektu polit bat Frantziako Errepublikan».

Horren parte izango dira, esaterako, deskolonizazioari eta eskumenak emateari buruzko kontu ikuskatzeak; horiek «laster» abiatuko dituzte, Patrice Faure goi komisarioaren gidaritzapean —Frantziako Estatuaren ordezkaria da Kaledonia Berrian—.

Mickael Forrest FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren zuzendaritzako kide eta Kaledonia Berriko Gobernuko Kultura, Gazteria eta Kirolen ministroak, behintzat, begi onez ikusi du Darmaninen egonaldiaren hasiera, «harrera nahiko positiboa» izan duela azaldu baitu. Are, Forrest «baikor» agertu da egunotako negoziazio sortaz aritzerakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.