INDARKERIA MATXISTA

Nafarroako Auzitegiak ez ditu murriztuko sexu indarkeriagatik ezarritako zigorrak, lege berrian aplikagarri baldin badira

Sententziak kasu bakarrean berrikusiko dituzte atzerako eraginez: espetxeratuei ezarritako kondena handiagoa baldin bada soilik baietz da baietz legean delitu horri dagokion gehienezko zigorra baino. Beraz, Iruñeko talde bortxaketan parte hartutako zigortu batek eskatu duen zigor apaltzea ez luke onartuko justiziak.

Sanferminetako talde bortxaketaren sententziaren aurkako protesta, 2016an, Nafarroako Auzitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko azaroaren 28a
13:22
Entzun

Soilik baietz da baietz legearen aplikazioa metxa luzeko kandela da. Legea nola interpretatzen den, epaileek aukera dute sexu erasoengatik espetxeratutakoen zigorrak berrikusteko eta, kasu batzuetan, baita murrizteko ere. Espainiako Fiskaltzak esana du epaitutako kasuak ez direla berrikusi behar, ezta kondenak egokitu ere. Zenbait auzitegik, ordea, kontrako bideari ekin diote Espainian eta Euskal Herrian. Iragan ostiralean, esaterako, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak erabaki zuen legeak eragina izan dezakeen espediente guztiak «banan-banan» berrikusiko dituela, fiskaltzaren irizpidearen aurka. Nafarroako Auzitegiak, aldiz, beste bide bat hartuko du: sexu indarkeriagatiko sententziak ez ditu automatikoki berrikusiko, ezta zigorrak murriztuko ere, baldintza batekin: kondena horiek aplikagarriak izatea lege berriarekin ere.

Zer esan nahi du horrek? Funtsean, espedienteak ez dituztela automatikoki berraztertuko. Hala, sexu indarkeria delituengatik espetxeratutako baten zigorra baldin badago soilik baietz da baietz legean aurreikusitako parametroen barruan, epaileek ez dute espedientea berriz zabalduko. Aldiz, kondena baldin bada lege berriak ezarritako zigor gogorrenak baino are luzeagoa, kasua berriz aztertuko du Nafarroako Auzitegiak.

Beraz, irizpide horri jarraituz, epaileek ez lukete aintzat hartuko Iruñeko talde bortxaketan parte hartutako zigortu batek egin duen eskaera, eta gizon horrek hamabost urteko kartzela zigorra betetzen jarraitu beharko luke. Angel Bozaren abokatua da harentzat urte eta erdiko murriztea eskatu duena, baina Nafarroako Auzitegiak aurreratu duen irizpideak galarazi egingo du apaltze hori.

Askotariko irizpideak, lurraldeka

Nafarroako Auzitegiko bi sekzioek azaroaren 24an eginiko bilkuran adostu zuten erabakia. Dena den, zehaztu dute irizpide hori indarrean izanen dela Espainiako Auzitegi Gorenak «jurisprudentzia doktrina» ezarri arte, lege berriaren atzera eraginezko aplikazioaren inguruan.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak aurreko astean erabaki zuen legeak espediente guztiak «banan-banan» berrikusiko dituela, lege berriarekin zigorrak murrizteko aukerarik dagoen ebazteko.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ez du oraindik irizpiderik finkatu: abenduaren 1ean eginen dute hori zehazteko bilera. Arabakoak, aldiz, zigor areto bakarra du; hortaz, ez du irizpideak bateratzeko inongo bileraren beharrik: kasuan kasu aztertuko dute auzia.

Iragan astean, oso bestelako gogoeta egin zuen Victoria Rosellek, Espainiako Gobernuko indarkeria matxistaren kontrako ordezkariak, eta legea defendatu zuen: «Uste dugu oker judizialak egon direla legea azkarregi interpretatzeagatik, legea patxadaz eta gogoetatuta ez irakurtzeagatik». Atea itxi zion legea erreformatzeari: «Utz diezaiegun hitz egiten fiskaltzari eta botere judizialari». Horixe da gaur-gaurkoz Madrilgo gobernuak auzi honen inguruan hartu duen jokabidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.