Gerra Ukrainan

Stoltenberg: «NATOk Ukraina babesten jarraituko du, eta ez dugu atzera egingo»

Mendebaldeko aliantza militarra bilera egiten ari da Bukaresten. Reutersen arabera, NATO presio egiten ari zaie armak ekoizten dituzten enpresei, hornidura «arazoak» dituztelako.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, atzo, Bukaresten egindako agerraldian. ROBERT GHEMENT / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 29a
12:16
Entzun

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdeetako atzerri ministroak Bukaresten bilduta daude, eta bertan Ukrainari ematen ari zaizkion laguntza militarrak eta humanitarioak handitzeaz eztabaidatzen ari dira, neguaren datorren honetan eta Errusiako armadak herrialdeko azpiegitura elektrikoei egiten dizkien etengabeko erasoak ikusita. Bada, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek berretsi duenez, Mendebaldeko aliantza militarrak Kiev babesten jarraituko du behar den arte: «Ez dugu atzera egingo», esan du Errumaniako hiriburura heldu berritan, Reuters berri agentziak jasotakoaren arabera.

Stoltenbergen esanetan, NATOk Ukrainari laguntza emateaz gain, aliantzaren helburuetako bat da Errusiako presidente Vladimir Putinek «irabazten ez duela bermatzea». Idazkari nagusiak berretsi du «Ukrainak gudu zelaian aurrera egitea» izango litzatekeela bi aldeen arteko elkarrizketak hasteko «modu bakarra». Reutersen arabera, Mendebaldeko erakundea presio egiten ari zaie armak ekoizten dituzten enpresei ekoizpena bizkortzeko, hornidura arazoak «handitzen» ari baitira.

Bileraren aurretik, Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako funtzionarioen adierazpenak jaso ditu Reutersek, eta NATOk Ukrainari bidaliko dion laguntza sortaren inguruko xehetasunak eman dituzte; besteak beste, eskudirua, elektrizitatea igortzeko ekipamendua eta droneen aurka jarduteko arma eta munizio gehiago. «Negu latza datorkio Ukrainari, eta, beraz, gure babesa indartzeko lanean ari gara, eraginkorra izan dadin», esan dio Europako goi diplomazialari batek albiste agentzi horri.

Bestalde, AEBek astearte honetan Ukrainari «funtsezko» diru laguntza emango diotela espero da, Errusiako armadak Ukrainako energia azpiegiturei eragindako kalteei aurre egiten laguntzeko. Halaber, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek zehaztu duenez, laguntza hori «ez da azkena izango». Etxe Zuriak mila milioi euroren aurrekontua egin du Ukrainako eta Moldaviako energia gastuetarako.

Urriaz geroztik, ia astero, Errusiak eraso handiak egin ditu Ukrainako azpiegitura elektrikoen aurka, eta Kievek eta haren «aliatuek» Kremlini egotzi diote hotza «arma» gisa erabiltzea; «gerra krimentzat» ere jo dituzte oldarraldi horiek. Moskuk, berriz, dio bere helburua ez dela zibilei kalte egitea, baina zehaztu du ukrainarren «sufrimendua» amaituko dela, Kievek Errusiaren eskaerak onartzen baditu.

Bide horretan, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik nabarmendu du Errusiako armadaren «eraso gehiago» espero dituela, joan den asteko bonbardaketen adinakoak. Zelenskiren arabera, eraso horiek gutxienez bost milioi pertsona utzi zituzten berogailurik, urik edota elektrizitaterik gabe. Hain justu, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko Ukrainarako ordezkari Denise Brown ohartarazi du herrialdearen hegoaldeko egoera «larria dela», ur eta elektrizitate faltagatik, batez ere Kherson eta Mikolaiv probintzietan.

Turkia, elkarrizketaren alde

Gaur-gaurkoz, ez dago elkarrizketa politikorik gerrari amaiera emateko. Errusiako Federazioak Ukrainako lau lurralde anexionatu zituen irail amaieran: Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk eskualdeak. Kremlinek esaten du probintzia horiek ez dituela «inoiz» galduko; Kievek, berriz, dio lurralde okupatu guztiak berreskuratu arte borrokatuko dela.

Horrekin lotuta, Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk NATOko kide diren herrialdeei eskatu die Errusiak Kieven aurka egindako erasoa gaitzestera ez «mugatzeko», eta, era berean, Ankarak Ukrainako bakea bermatzeko duen zeregina aldarrikatu du. Zuhurtziaz mintzatu da: «Errusiaren erasoak besterik gabe gaitzetsiz gero, ezingo ditugu arazo fisikoak konpondu. Elkarrizketa sustatu behar dugu, eta bitartekari izan behar dugu Ukrainan bidezko bakea bermatzeko».

Bestalde, Finlandiako, Suediako eta Turkiako Atzerri ministroek Bukaresteko bilera baliatuko dute, hain zuzen, Eskandinaviako bi herrialde horiek NATOrekin bat egiteko duten aukeraz eztabaidatzeko. Cavusogluk NTV kateari adierazi dionez, «ontzat» jo ditu Helsinkik eta Stockholmek aliantza militarrean sartzeko Ankarak eskatutako neurriak «aintzat hartzea» eta horietan «aurrerapausoak» egitea. Dena dela, Turkiako Atzerri ministroak ohartarazi du Suedia dela ezarritako baldintzak betetzeko «arazo gehien» dituen herrialdea, Finlandiarekin batera NATOra atxikitzeko protokoloa zehaztu zuen arren uztailaren 5ean, Mendebaldeko aliantza militarrak Madrilen egin zuen goi bileran.

Gerra frontean, Errusiako indarrek bonbardatzen jarraitzen dute Ukrainak berriki askatutako Kherson hirian, Ukrainako armadaren arabera. Azken eguneraketan, ISW Gerra Ikertzeko Institutua AEBetako think tank-ak jakinarazi du Errusiako tropak lubakiak zulatzen eta kokalekuak gotortzen ari zirela, Kherson ekialdean Ukrainaren kontraeraso posible baterako prestatzeko asmoz.

Gerrarekin lotuta, G7 taldeko herrialdeetako Justizia ministroak Europako Batzordeak eta NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak elkarlanean ari dira gaur, Berlinen, Ukrainan jazo diren gerra krimenen erantzuleak auzitara eramateko. «Berlindik seinale politiko argi bat bidali nahi dugu. G7koa ez da munduko herrialderik industrializatuenek osatutako talde bat bakarrik; funtsezko balioak partekatzen ditugu, eta, beraz, gerra krimenak arbuiatzen ditugu», adierazi du Alemaniako Justizia ministro Marco Buschmannek bileraren hasieran. «Gure betebeharra da gerra krimenen erantzuleak justiziaren aurrera eramatea, baita Ukrainan ere», erantsi du NZAko fiskalburu Karim Khanek. Hagak Ukrainako gerrari buruzko ikerketa abiatu zuen martxoan, berrogei herrialdek osatutako talde batek hala eskatuta. Europako Batzordea, berriz, «Errusiako oligarken aurkako» neurriak doitzeko lanean ari da, besteak beste, ondasunak konfiskatzeko neurriak eta Moskuren aurka ezarritzako gainerako zigorrak bateratzeko. Hala gogorarazi du Europako Justizia komisario Didier Reyndersek.

Errusiaren eta AEBen bilera, bertan behera

AEBak eta Errusia arma nuklearrez hitz egitekoak ziren gaurtik abenduaren 6ra, Kairon, START Berria itunaren barruan. Bada, Moskuk bertan behera utzi zuen atzo, azken orduan. Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Riabkovek nabarmendu duenez, Kremlinek hurrengo saiorako «programa bideragarri eta orekatu bat» adostu nahi du, «bi aldeen interesak asetzeko». Haatik, Riabkovek Washingtoni leporatu dio bere armategien ikuskaritzan arreta jarri nahi izatea eta Moskuk Ipar Amerikako misil mota batzuei buruz egindako galderei erantzun nahi ez izatea. «Gainera, Ukrainako egoerak eragina du», erantsi du.

Hamabi milioi tona ale esportatu dituzte

Turkiako Gobernuak jakitera eman duenez, abuztuaren 1az geroztik hamabi milioi tona ale esportatu dituzte Ukrainako portuetatik, Kieven eta Moskuren arteko akordioa indarrean sartu zenetik. NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta eta Ankararen bitartekaritzarekin sinatu zuten ituna, uztailaren 22an, inbasioaren ondorioz zerealen irteerari ezarritako blokeoa kentzeko asmoz. Azaroaren 19an amaitzen zen duela lau hilabete sinatutako akordioa. Bada, Errusiak eta Ukrainak bi egun lehenago adostu zuten zerealen esportaziorako hitzarmena lau hilabetez luzatzea. Ohar batean, Turkiako Defentsa Ministerioak zehaztu du itun horri esker, 501 ontzi zerealez beteta irten direla jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.