Hilberria

Jiang Zemin hil da, 1993tik 2003ra Txinako presidente izandakoa

Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen kargua, eta Alderdi Komunistan merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen.

Jiang Zemin, 2007ko argazki batean. MICHAEL REYNOLDS, EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano
2022ko azaroaren 30a
10:19
Entzun

Txinak azken hamarkadetan izan duen presidente garrantzitsuenetako bat hil da: Jiang Zemin. Herrialdeko erreferente politiko bilakatu zen 1980ko hamarkadan, PCC Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusia izendatu baitzuten 1989an, eta 2002ra arte egon zen karguan. Txinako zenbait hedabideren arabera, akats multiorganiko baten ondorioz hil da, Xanghaien (Txina), 96 urte zituela.

Idazkari nagusi 1989an izendatu zuten arren, lau urte geroago hartu zuen presidente kargua, 1993an. Bada, Pekingo Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen kargu hori, aurreko idazkari nagusi Zhao Zijangek herritarren mobilizazioak babestu ostean. Hamar urtez izan zen Txinako presidente, 1993 eta 2003 artean.

Agintaldia hasi aurretik, merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen 1992ko Txinako Alderdi Komunistaren batzarrean, eta alderdiaren helburuak eta funtzioak zehazten dituen ordezkaritza hirukoitzaren teoria politikoa sortu zuen. Kapitalistak eta enpresaburu pribatuak alderdi komunistan sartzea legitimatzen du teoria horrek.

1997an eta 1999an, hurrenez hurren, Hong Kongen eta Macaoren subiranotasuna Erresuma Batuaren eta Portugalen eskuetatik Txinaren eskuetara iragazteko prozesuak gainbegiratu zituen; Txinako lurralde autonomoak dira gaur egun. Are, Txina MME Munduko Merkataritza Erakunderako sarrerara gidatu zuen 2001ean.

Txinaren kanpo harremanak sendotzeko ahaleginek markatu zuten Jiangen agintaldia. Herrialdean, ordea, bestelako neurriak hartu zituen. Presidente izan zen urteetan gora egin zuten giza eskubideen eta demokraziaren aldeko ekintzaileen atxiloketek, eta Falun Gong mugimendu espirituala debekatu zuen.

Duela hiru urte egin zuen azken agerraldi publikoa, 2019ko urriaren 1ean; Txinako Herri Errepublika Nazionalaren aldarrikapenaren 70. urteurrenean.

Dolu eguna dute gaur Txinan

«Lider esanguratsua eta marxista handia». Horrela deskribatu du presidente izandakoa Txinako Alderdi Komunistaren Batzorde Nagusiak, Xinhua berri agentziaren arabera. Batzorde Nazional Militarrak ere omendu du Zemin: «Iraultzaile proletario, estatista, estratega militar eta diplomatiko handia izan zen».

Presidente ohia gaztetatik izan zen Txinako Alderdi Komunistako kide, eta herrialdeko erakunde ofizialek haren ibilbide politikoa nabarmendu dute. Jiangen heriotzaren berri emateko argitaratutako oharrean, adierazi dute «Txinako sozialismoaren buruzagi bikaina» izan zela, eta haren «patriotismoa» goraipatu dute.

Buruzagi ohiaren heriotzaren albisteak herrialdea astindu du. Weibo sare sozialean –Twitterren baliokidea Txinan– 600 milioi bisitatik gora izan ditu haren heriotzaren inguruko etiketak. Herrialdeko zenbait hedabidek, Global Times eta China Daily egunkariak kasurako, zuri-beltzean argitaratuko dituzte gaurko beren edizio digitalak.

Hiriburuan, berriz, Tiananmen plazan dagoen bandera nazionala haga erdi jaitsi dute, presidente ohiaren heriotzaren dolua adierazteko. Txinako agintariek helarazitako gutunean adierazi dute ez dituztela herrialdetik kanpoko agintariak hiletara gonbidatuko. Egun Txinako Presidente Xi Jinping eta presidente ohi Hu Jintaok, ordea, han egongo direla baieztatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.