Albistea entzun

Musika

Su Ta Garrek erroetara jo du 'Alarma' disko berrian

Abenduaren 6an zabalduko dute taldearen hamabigarren lana, hala CD formatuan nola plataforma digitaletan, eta martxoan argitaratuko dute biniloan, LP bikoitzean.

Su Ta Gar taldea.
Su Ta Gar taldea. Ander Gillenea Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko azaroak 30 10:23

«Ezinezkoa da Jaiotze basatia berriz ateratzea, disko horrek 30 urte baino gehiago dituelako, baina saiatu gara esentzia hori bilatzen». Aitor Gorosabel gitarra jotzaile eta abeslariak azaldu duenez, hastapenetaraino jo du Su Ta Gar taldeak bere estudioko hamabigarren diskoa sortzeko abiada bila. 1991. urtean kaleratutako lehen disko haren oihartzuna dakarrelako azkenak ere. Alarma deitu dute lana, eta Jo Ta Ke Ekoizpenak zigiluarekin eman dute argitara. Abenduaren 6an zabalduko dute lana hala CD formatuan nola plataforma digitaletan, eta martxoan argitaratuko dute biniloan, LP bikoitzean.

Guztira, ia ordubetekoa da lana, eta 11 kanta biltzen ditu, baina Alarma egoera abestia da oraingoz zabaldu duten singlea. Erritmo bizian doan heavy kantu klasiko bat, Su Ta Gar taldearen hasierako diskoen abiadan. «Gero eta nabarmenagoa da/ klase arteko arrakala./ Berarentzat eskatzen ditu agintariak/ txalo zaparradak». Eta leloa ondoren: «Bizi oso bat zaurgarritasunean,/ bizi oso bat alarma egoeran». Gorosabelen gitarra soloen melodia bizi, garden eta errekonozigarria dator horren ostean, pasarte musikal erritmikoago bat, eta, beraz, hasi eta buka, Su Ta Gar taldearen zigilua darama kantak.

«Disko guztiek dute gure esentzia», azaldu du Gorosabelek, «baina oraingoan saiatu gara gaur egungo taldeei begiratu beharrean, hasierako urteetan gehien eragin zigutenen erreferentzietara itzultzen».

Eta baietz Xabier Bastida gitarra jotzaileak ere, hor kokatu direla diskoa sortzeko. «Batzuetan ematen du musikalki garapen bat egon dadin etengabe aldatu behar dela bidez, eta balekoa da hori. Guk sentitzen dugu gure hurrengo pausoa joan behar dela beti gustuko izan dugun bidean, eta, gainera, garatzen goaz gu ere, ez daudelako bi disko igualak. Baina argi daukagu betetzen gaituen musika estiloa hau dela: speed metala, thrash metala, bonbo bikoitza, parte lasaiagoak, riff itsaskorrak... Hor sentitzen gara eroso, eta hor sentitzen dugu gure esentzia, eta hori aldarrikatu nahi dugu. Zergatik ez jarraitu hor?»

2016an kaleratu zuten azken estudioko diskoa, Maitasunari pasioa izeneko amodiozko kanta bilduma, eta 2013koa da beren aurreko diskoa, Bizirik gaude. Eta taldekideek onartu dutenez, «luze» egin zaie Alarma kaleratu arterako tartea. Bastida: «Gogotsu geunden. Baina ez da izan geldi egon garelako».

Hiru hamarkada bete zituztenean bira berezia antolatu zuten, esaterako, eta hura amaitu eta berehala hasi ziren Alarma diskorako abestiak sortzen. Pandemia heldu zen, ordea, erori egin zitzaizkien itxita zituzten kontzertu guztiak, zaildu egin zitzaien entseatzea, eta, horrenbestez, moteldu egin zuen horrek guztiak sorkuntza prozesua ere.

Abiada biziko 30 urte
Azkenean, aurtengo martxoan hasi zituzten grabaketak Berrizen (Bizkaia), Lorentzo Records estudioan, Aitor Ariño teknikariarekin, eta «lasai» aritu direla esan dute, tarteka, kontzertuak eskaintzeko geldialdiak ere eginez. Gorosabelekin eta Bastidarekin batera, Igor Diez baxu jotzaileak eta Galder Arrillaga bateria jotzaileak ere osatzen dute taldea duela hamar urtez geroztik. Eta estudioan izan duten lasaitasunari esker, musikari guztien ekarpenak gehiago igarri direla azaldu du Gorosabelek. «Ez dugu maketa bat izan hasieratik, eta bakoitzak bere konponketak egin ahal izan ditu horrela. Prozesua oso aberasgarria izan da».

Bastidak gogoratu duenez, 34 urte bete zituen taldeak abuztuan, eta ziztuan deskribatu du igaroaldi hori. Estudio lanez gainera, zuzenekoak, taldearen historiari buruzko komikia eta bestelako bildumak ere kontuan hartuz, guztira, hogei argitalpen egin dituztela zehaztu du. «Ekoizpen bat, ia urte eta erdiro», kalkulatu du musikariak.

«Hamabigarren diskoa da hau», nabarmendu du Bastidak, «eta igual hemen daude Su Ta Garren 30 urteko ibilbideko pasarterik indartsuenak. Nik uste dut horrek bere meritua daukala».

Zalantza ere izan dute diskoaren formatuarekin, halere. Bastida: «Oker ez banago Jaiotze Basatia izan zen Euskal Herrian LP eta kasete formatuan ez ezik, CD formatuan ere atera zen lehen diskoa». Baina aldatu egin da dena Alarma diskoa kaleratu dutenerako. «Gero eta gutxiago kontsumitzen da musika ordubetez jarraian, gero eta gehiago izaten dira abesti solteak eta motzak. Hemen badaude hiru kanta sei minututik gorakoak, baina ez daude saltatzeko moduko hamar segundo».

Durangoko Azokan izango dira taldekideak diskoak saltzen, eta martxo erdialdetik aurrera hasiko dira zuzenekoak eskaintzen; eta emanaldi sorta bat jadanik badute itxita ekainera bitarte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.