'Baguette'-a ondare immaterialeko kultur ondasun izendatu du Unescok
Okinen lana eta 'baguette'-aren kultura soziala aitortu nahi izan ditu erakundeak.

Irina, ura, gatza, legamia —eta esku abilak—. Osagai horiek nahastuta eta labean sartuta lortzen dena izendatu du Unescok ondare immaterialeko kultur ondasuna: baguette-a. Askok esango lukete ogi barra bat ez dela ukiezina, baizik eta ukigarria baino ukigarriagoa. Erakundeak, ordea, haren atzean dagoenari eman dio izendapena. Artisau ogia «egiten jakitea» eta baguette-aren bueltan sortu den kultura. Horixe bera «ohoratu» nahi izan dute, Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusiak adierazi duenez.
Izendapenak hainbat berme ere badakartza ogiaren kultura gal ez dadin, «ezinbestekoa» baita etorkizunean ere hura iraunaraztea. Hala, «babes neurriak» ere ezarri dizkio baguette-ari; Frantzia eta sektoreko profesionalak horiek betetzera «konprometitu» dira.
Ondasunen zerrendara gehitu dutenean, Unescoren Frantziako delegaziokoek modu harrigarrian ospatu dute: baguette-ak eskuan dituztela.
UNESCO has just made the French baguette part of the Intangible Cultural Heritage of humanity, and the French delegation is wildin out there pic.twitter.com/s1UbutiVBZ
— Jules Darmanin (@JulesDrmnn) November 30, 2022
Ondare immaterialeko kultur ondasunen zerrendan sartu den azken elikagaia da baguette-a, baina aurretik ere badira beste batzuk: Napoliko pizza, kimchia, Belgikako zerbeza kultura, Mediterraneoko dieta eta kafe arabiarra.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.