MEMORIA
Foro Sozialak 'Memorien elkarrizketa' proiektua aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan
Indarkeriaz gogoeta egin eta «elkarrizketarako espazioak» sortzeko beharra aipatu dute.

«Nik estereotipo ugari nituen buruan: kale borrokaz, indarkeriaz, ezker abertzaleaz... Orain ikasi dut agian gu ez ginela hain onak, ezta haiek hain gaiztoak ere. Biktimak ezagutu ditut han eta hemen, eta bakearen alde lan egin duten pertsonak, han eta hemen». Beatriz Ukar CDN alderdi erregionalistako militante izan zen hainbat urtez. Nafarroako Parlamenturako hautes zerrendetan ere azaldu zen bere izena 2011ko bozetan. Urteetan beratutako iritzi sendoak zituen, besteak beste, independentismoaren esparru politikoaren inguruan. «Baita aurreiritzi asko ere», bere hitzetan. Foro Sozial Iraunkorrak gonbidatuta, Memoriaren elkarrizketa esperientzia pilotuan parte hartu du, eta ideologia oso ezberdineko jendearekin solastatzeko aukera eman dio horrek. «Begiak ireki dizkit esperientzia honek, asko ikasi dut, eta sentipen ugari azaleratu arazi dizkit». Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetako Batzordean aurkeztu dute egitasmoa,.
Guztira, bederatzi lagun izan dira elkarrizketa saioetan solaskide: Ukarrez gain, Camino Osle, Jaxin Gomez, Fede de los Rios, Carlos Otxoa, Miguel Garrido, Carmen Izal, Patricia Amigot eta Mertxe Eraso. Guztiak ere adin, ideologia, ibilbide eta tradizio politiko oso ezberdineko pertsonak. Hamahiru hilabetez, elkarrekin hizketan jarri ditu Foro Sozialak: euskal gatazkaz, indarkeriaz, bizikidetzaz eta oroimenaz. Gernika Gogoratuz taldeko Iñigo Retolazak koordinatu eta bideratu ditu eztabaidak.
«Lubakitik atera beharra zegoen», laburbildu du Carlos Otxoa ekintzaile memorialistak, parlamentuko agerraldian. «Lehen eta bigarren mailako biktimak daude herri honetan, eta baita biktimatzat aitortuak ez direnak ere. Halakoak oztopo dira benetako bizikidetza eraikitzeko, baina posible da, hala ere: ziurrenik, biktima batek ez du inoiz barkatuko bere aitaren hiltzailea, ez da bere torturatzailearekin adiskidetuko... baina elkarrekin bizitzen ikas dezakegu».
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreorde Camino Oslerentzat ere «gogo beteko esperientzia» izan da Memorien elkarrizketa proiektuan parte hartzea: «Ahalegina egin dugu solaskideen azalean jartzeko, eta konfiantza osoa izan dugu zintzotasunez eta askatasunez hitz egiteko». Hori dela eta, bide horri segida ematera gonbidatu ditu talde politikoak: «Bide honi heldu beharko genioke maizago; atera gaitezen gure zirkulu itxietatik eta jarrera zurrunetatik».
Miguel Garrido ezkerreko militantea da, eta Zurekin Nafarroa koalizioko hautagaia, independente gisa. Harentzat, «memoriak bateratzeko» saioa izan da Foro Sozialak sustatutakoa. Oroimen hori gordetzearen garrantziaz hitz egin du: «Gatazka bizi izan zutenen ardura da oroitzapen horiek oinordetzan uztea, baina gorrotoa albo batera utzita; eta belaunaldi berrien ardura, berriz, memoria horiek elkar jostea, batzea, benetako bizikidetza baten mesedetan».
UPN, kontsentsutik at
Foro Sozialak gonbidatutako boluntarioek azalpenak entzun eta gero, esperientzia pilotua txalotu dute talde parlamentario gehienek, eta horri heltzeko prest azaldu dira PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerra. UPNko kide eta Navarra Sumako parlamentari den Iñaki Iriartek, ordea, uko egin zion akordioak egiteari «beren zerrendetan terroristak dituztenekin, Paroten omenez bertsoak abesten dituztenekin edo Espainiako selekzioa atzerritarra dela diotenekin». Are: gaineratu zuen «erakunde terroristak sustatu» dituztenek «ardura politikoa onartu» behar dutela.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.