Gerra Ukrainan

Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik

Kremlinek «ilegitimotzat» jo du Europako Batzordeak egindako proposamena. Zelenskiren arabera, sei milioi herritar daude argindarrik gabe Ukrainan.

jarraia221450.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 1a
14:31
Entzun

Errusiak Ukrainan egindako «gerra krimenak» zigortzeko asmoz, «auzitegi berezi bat» eratzeko proposamena egin zuen atzo Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek: «Errusiak estatu subirano baten [Ukraina] aurka egindakoagatik ordaindu behar du». Bada, Kremlinek argi erantzun dio Bruselari: «Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik; ilegitimotzat jotzen dugu, eta guk geuk zigortuko ditugu Kieveko erregimenak egindako gerra krimenak», zehaztu du Kremlineko eledun Dmitri Peskovek, eguneroko prentsa agerraldian.

ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko kide diren herrialdeetako Atzerri ministroak Lodzen (Polonian) biltzekoak dira gaurtik biharrera. Hain justu, Von der Leyenen gisan, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek ere iragarri du Ukrainako «gerra krimenak» epaituko dituen «auzitegi berezi bat» sortzea bultzatuko duela. Esan du EBk mila milioi euroko ekarpen gehigarria egingo duela Kievi laguntzeko, ESLAko goi bileratik kanpo hedabideei egindako adierazpenetan.

Kremlineko ordezkari Sergei Lavrov ez da bilkura horretan izango, Errusiak Ukraina inbaditzearekin lotutako zigorren zerrendan baitago. Hain zuzen, Lavrovek esan du Mendebaldeak «benetako» aukera zuela Ukrainako gatazka saihesteko. «Baina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedapena gelditzeko eta Kieventzat segurtasun estatus berezi bat adosteko Errusiaren proposamenak baztertzea erabaki zuen», zehaztu du, Reuters albiste agentziak jasotakoaren arabera.

Moskun emandako prentsaurreko luzean, Lavrovek salatu du Mendebaldeko aliatuek Kievera armak bidaltzeaz gain, Ukrainako soldaduak beren lurraldeetan entrenatzen dituztela, baita «mertzenario arriskutsuak» trebatu ere. Errusiako Atzerri ministroaren ustez, urriaren hasieran Krimeako penintsula eta Errusia lotzen dituen zubia suntsitzea «azpiegitura zibil baten aurkako erasoa» izan zen. Bestalde, justifikatu egin ditu Ukrainako armadari, bereziki azpiegitura elektrikoei eta komunikazio sareei, egindako erasoak.

Ikusi gehiago: Krimeako anexioaren ikur den zubiaren zati bat hondatu dute

Horrekin lotuta, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik jakinarazi du oraindik sei milioi herritar daudela argirik gabe Ukrainako lurraldean, Errusiako indarrek joan den astean instalazio elektrikoen aurka egindako azken bonbardaketen ostean. Gaueko hitzaldian, zehaztu zuen egoera «bereziki zaila» dela hiriburuan eta beste bost probintziatan. Hori dela eta, konpainia elektrikoei eskatu die erabiltzaileei «zehatz-mehatz» jakinarazteko noiz etengo duten argindarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.