Nafarroako Gobernuak 2020-2024ko eperako ekarpena hitzartu du Madrilekin

Bihar goizean koordinazio batzordea bilduko da, eta arratsaldean emango dituzte azalpenak.

Maria Txibite eta Elma Saiz, Kongresuan, Hitzarmen Ekonomikoaren legearen aldaketa onartu zenean irailaren 29an.
joxerra senar
2022ko abenduaren 1a
17:20
Entzun

Hiru urteko atzerapenarekin, baina, azkenik, Nafarroako Gobernuak hitzartu du Espainiako Gobernuarekin 2020-2024rako ekarpenaren kalkulua. Zehazki, 2020an Nafarroak bere gain hartu gabeko eskumenen truke ordaindu beharreko ekarpenaren nondik norakoa lotu dute, eta, behin hori eginda, ondorengo lau urteetako diru kopuruak eta mugimenduak zehaztu dituzte.

Berez, 2020rako egon behar luke hitzartuta, baina negoziazioak atzeratuz joan dira. Azken asteetan, Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak maiz aipatu die komunikabideei negoziazioak bide onetik zihoazela eta «diskrezioz» jorratzen ari zirela elkarrizketa.

Alta, orain arte ez dute jakinarazi akordioa nekez lortuko zuten edo akordioa lortzeko zorian zeuden. Azkenean, gaur etorri da albistea, gobernuak jakinarazi baitu biharko agendan sinatuko duela akordioa.

Geroa Baik ez zekien

Geroa Baiko iturriek onartu dutenez, eurek ez zekiten akordioaren berri. Politikaren epeei begira, susmatzen zuten laster etor zitekeela, baina berez erabakiaren berri eman baino ordu erdi lehenago jakin dute gobernuko bi bazkideek; Geroa Baik eta Ahal Dugu-k, alegia.

Aurretik ere, iazko abenduan, Elma Saizek Hitzarmen Ekonomikoaren legearen berritzeari buruzko ituna jakinarazi zuenean, haren edukia azken orduan jakin zuela salatu zuen Geroa Baik, gobernuko bazkideetako batek. Atzo bertan, Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak gobernuari eskatu zion akordioaren arabera diru soberakinak egonez gero diru hori itxarote zerrendak murrizteko eta Osasun departamentua sendotzeko baliatu beharko litzatekeela.

Xehetasunik gabe

Oraindik ere ez dituzte xehetasunak ezagutarazi. Akordioan, 2020eko ekarpenarekin batera, zerga doikuntzek lotuta egon behar lukete. Hala, estatuaren eta Nafarroaren arteko diruaren joan-etorriak zehaztuko dituzte bi aldeek. Ekarpenaren kalkulua egiteko, bere gain hartu gabeko eskumenen truke erreferentzia gisa %1,6ko egozpen indizea erabiltzen da —Espainiako ekonomiaren aldean, %1,6ko pisua ematen zaio Nafarroari eta kopuru hori 1990eko Hitzarmen Ekonomikoan zehaztu zen—.

Hala, behin lehen urteko ekarpena eta diru mugimenduak zehaztuta, 202ean eta 2022an ordaindu dena ere likidatu egingo da. Ondorioz, akordioa egin aurretik, Nafarroak aurreko hiru urteetan aurreikusi baino gehiago ordaindu badu, Madrilek diferentzia pagatu beharko dio; eta alderantziz.

Nafarroako kontuetan ageri denez, Nafarroak 2020ean 549,5 milioi pagatu zituen ekarpen gisa, eta 2021ean, 534,9 milioi —urte horietako aurrekontuetan kopuru handiagoak jarri ziren, baina urte amaieran gutxiago pagatu zen—. Aurtengo aurrekontuetan, kontzeptu horri dagokionez, 573 milioi pagatu ditu, eta, 2023ko aurrekontuetan, 635 milioi pagatzea zeuden aurreikusita.

Bihar ikusiko da nolakoa den akordioa eta ea azken emaitza Nafarroaren aldekoa den edo ez.

Jaurlaritzak ere bai

Nafarroaren aldean, Jaurlaritza azkarrago ibili da. 2022-2026rako kupoaren akordioa iragan azaroaren 17an erdietsi zuen Espainiako Gobernuarekin. Deigarria da Eusko Jaurlaritzak akordio hori bost urteko epe horren lehen urtearen barruan egin duela; aldiz, Nafarroan, bi gobernuetako bazkide nagusiak alderdi sozialistakoak izanik ere, hiru urte behar izan dituzte akordioa lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.