Berdintasuna
Bai Sarearen aipamen berezia jaso du BERRIAk, 'Gure gorputzetik' praktikarengatik
Hileroko koparekin bateragarriagoak diren komunen berri emateagatik egin diote aipamen berezia BERRIAri. Hiru enpresa ere saritu ditu Bai Sareak.

Urteroko batzarra egin du Bai Sareak, Emakundek sustatutakoak, eta berdintasun jardunbiderik onenen sariak banatu dituzte bertan. Tartean, BERRIAri aipamen berezia egin dio sareak, Gure gorputzetik praktikarengatik. Lankide batek kezka ala kexa bat plazaratu zuen, BERRIAko komun nagusien antolaketaren inguruan. Garbitokia aparte dute horiek, eta ez ziren «erosoak» ezta «jasangarriak» ere hileroko kopa erabiltzen duten lankideentzat. Eraikinean, ordea, badira garbitokia alboan bertan duten komunak, lankide berri eta gazte gehienek ezagutzen ez zituztenak.
BERRIAren berdintasun batzordean landu zen gaia. Bertan, proposatu zen hileroko kopa erabiltzearekin bateragarriagoak diren komun horien berri ematea, non diren esanez eta horiek erabiltzeko animatuz. Bai Sareak «genero perspektibatik egin daitezkeen eta egin behar diren hobekuntzak» errekonozitu nahi izan ditu aipamen bereziarekin.
Jardunbide egokiengatik, berriz, hiru enpresek jaso dituzte sariak. Lehena Mariezcurrena-Zubieder eraikuntza enpresa izan da, Lasarteko obra batean puntu beltza —emakumeentzat arriskutsuak diren tokiak— kentzeagatik. Arabako Gurutze Gorria ere saritu dute, oinarrizko premiak zuzen banatzeko eta hilerokoak izateak desberdintasun gehiago ez sortzeko partida bat sortzeagatik. Azkenik, Goiztiri elkartea, harrera prozesuan berdintasunaz sentsibilizatzeagatik. 2018ko martxoan sortu zuten Bai Sarea, eta BERRIAk ordutik parte hartzen du.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.