Indarkeria matxista epaitzeko jurisdikzio berri baten alde egin du Frantziako Asanbleak

Frantziako eskuineko Errepublikanoen alderdiak egin du lege proposamena. 577 diputatuetarik 81ek bakarrik bozkatu zuten: 41ek alde, eta 40k kontra.

Frantziako Asanblea, iragan urrian. TERESA SUAREZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 2a
10:40
Entzun

Atzo gauean Frantziako Asanbleak indarkeria matxista epaitzeko jurisdikzio berri bat sortzearen aldeko lege proposamena onartu zuen. Frantziako eskuineko Errepublikanoen alderdiak egin du lege proposamena, eta, denbora eskasiaz oharturik —taldeel denbora mugatua izaki lege proposamenak egiteko—, oposizioko kideek zuzenketak kendu dituzte legea bozkatu ahal izateko. Nupes ezkerreko koalizioak, erraterako, zuzenketak kentzea erabaki zuen proposamena bozkatu ahal izateko. Horiek horrela, Errepublikanoek aurkeztu bezala onartu du lege proposamena Frantziako Asanbleak. Halere, nabarmentzekoa da oso diputatu gutxik parte hartu dutela bozketan: 577 diputatuetarik 81ek. Horietarik 41ek egin dute lege proposamenaren alde, eta 40k kontra. Gauerdian bukatzen zen bozkatu ahal izateko epea, eta 23:59ean egin zuten bozketa. Zehazki, «familia barneko bortizkerian berezitutako jurisdikzioa» deitu diote lege proposamenean.

Gaur-gaurkoz, Frantziako justizia sistemak ez du epaitegi berezirik «familia barneko bortizkeria» epaitzeko. Espainiako sistema bera proposatu dute errepublikanoek: penaleko eta zibileko epaileek osatuko lukete epaitegia, eta fiskaltza bakoitzak jurisdikzio horren erreferente bat luke. Frantziako Gobernuaren babesik ez du jaso lege proposamenak, eta Eric Dupont-Moretti Justizia ministroa kontra agertu da. Gisa berean, Isabelle Rome Gizonen eta Emazteen Arteko Berdintasunaren ministro delegatuak argudiatu du «hirugarren mailako» lege proposamena dela, eta oroitarazi du horren inguruko ikerketa parlamentario bat abiatzekoa zutela laster. Dena den, erran du batzorde bat osatuko dutela talde politiko desberdinen artean lege proposamena lantzeko.

Horiek horrela, lege proposamena Frantziako Senatuan aztertu beharko dute lehenik, eta, ondotik, berriz itzuliko da Frantziako Asanbleara bigarren azterketa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.