EKARPENA
Zer da ekarpena?
Bere gain hartu gabeko eskumenengatik Nafarroak urtero Espainiako estatuari ordaintzen dion kopurua da. Gainera, lurralde arteko konpentsazio funtsera bideratu beharreko dirua jasotzen du.
Zein dira bere gain hartu gabeko eskumenak?
Errege etxea, segurtasun indarrak, defentsa, Kongresua eta Senatua, Atzerri Ministerioa, Auzitegi Gorena, Konstituzionala... Enpresa publikoei (AENA edo Renfe) eman diru laguntzak, edo estatuko zorraren interes tasak zein amortizazio kuotak ere aintzat hartzen dira.
Nola kalkulatzen da?
Lehenik, estatuko aurrekontu orokorretatik Nafarroak bere gain hartutako eskumenen (osasuna, hezkuntza...) diru sailak kentzen dira. Estatuaren eskumenen diru sailak, zorraren interes tasak gehi lurralde arteko konpentsazio funtsa geratzen dira. Kopuru horri %1,6ko egozpen indizea aplikatzen zaio. Ekarpen gordin horri konpentsazio batzuk aplikatzen zaizkio, hitzartu gabeko zergengatik, zerga bidezkoak ez estatuaren diru sarrerengatik, defizitagatik eta itundutako zuzeneko zergengatik. Hori guztia kenduta, ekarpen likidoa lortzen da; hots, Nafarroak urtero ordaintzen duena.
Zenbatean behin kalkulatzen da?
Bere konplexutasunagatik, bost urtean behin. Aurrekoa 2015tik 2019ra artekoa izan zen. Lehen urtea kalkulatuta hurrengo lau urteak eguneratzen dira. Aurreko akordioari dagokionez, Oraingoan bezala, hiru urteko atzerapenarekin etorri zen, baina kolore politiko desberdineko gobernuen artekoa zegoen: Madrilen PP zegoen agintean eta Cristobal Montoro zen Ogasun ministroa eta Nafarroan hirukoa zegoen gobernuan eta Uxue Barkos zen lehendakaria eta Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria.
Zergatik da inputazio indizea %1,6koa?
1990eko Lege Hitzarmenaren arabera, erlatiboa da ekarpena kalkulatzeko Nafarroak Espainiako ekonomian duen pisu edo errenta: %1,6. Indize hori ez da 1990etik aldatu.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.