Albistea entzun

Euskararen urtekaria

Krisiak eraldaketarako balia ditzagun

 

Jasone Mendizabal Altuna -

2022ko abenduak 5 10:04

Aurreko bi urteotako pandemiak zaurgarritasun itzela eragin zuen euskal gizartean, ikuspuntu askotatik hondamendia ekarriz. Euskararen biziberritze prozesua ez zen eragin horretatik salbu gelditu; ordurako, prozesuan aurrera egiteko bidegurutzean egotearen sentsazioa orokortuta genuen eta krisi berriarekin, aspaldiko partez, ikusezinago bilakatu zen euskara. Pandemiaren krisiari bestelakoak gehitu zaizkio gerora, ziurgabetasun sentsazioa areagotu zaigularik, gerrak ekarritakoagatik eta krisi ekologiko eta energetikoen eraginagatik, besteak beste.

Honek guztiak ikasketa garrantzitsu bat ekarri digu, agerikoa bada ere, sarri gogoan izaten ez duguna: euskara biziberritzeko prozesua ez da gizarteko beste eremuetan gertatzen denetik aparte gertatzen. Ikuspegi sistemikoz jokatu beharra daukagu.

Egoera zaurgarri honetan gizartean desaktibaziorako joera sumatu dugu eremu askotan eta, aldi berean, ikusi ahal izan dugu euskaltzale jendea ez dagoela amore emateko prest: ekimena eta sormena piztu dira hainbat eremutan eta indarrak batzeko joeran sakondu dugu horrekin batera. Krisi hauek ere badute ifrentzua, aurrera egiteko premiak estututa, dinamika berriak sortu baitira.

2022. urtea «hitzaren eta ekintzaren» urtea izango zela iragarri genuen urte hasieran. Korrikak eta Euskaraldiak bat egingo zuten lehen urtea zen eta leloa aukeratzean sinkronizazio interesgarri bezain pozgarria izan genuen: Hitzekin izan zuen goiburu Korrikak, eta Hitzez ekiteko garaia Euskaraldiak. Korrikarako eta Euskaraldirako lankidetza eta koordinazio estuan aritu gara Topagunea eta AEK, bi ekimenon arteko sinergiak baliatu eta elkarren indargarri izan zitezen.

Euskaraldiarekin gizarteko hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak astintzeko gonbidapena luzatu dugu. Euskara praktikatzea, ahotan erabiltzea izango da gure komunitatearen geroaren bermea. Horrekin batera, era guztietako entitateen urrats konkretuak, euskaraz funtzionatzeko ematen dituzten urratsak edota erakundeen politika eta arauak. Horietan guztietan zehazten dira praktikak.

Praktikaren balioa, gainera, norberaren burutik harantzago doa. Gure portaerekin gure ohiturak aldatzen ditugu eta ahalduntzen gara. Era berean, gure portaerek ingurukoengan eragina dute, barrutik kanporako prozesu bat da, babes sozial, politiko eta legala eskatzen duena.

Arestian esan bezala, elkarlan dinamikak indartu dira eta, horien artean, aipagarria da Kontseiluaren Batuz Aldatu dinamikaren baitan, eremu sozialeko askotariko sektoreen adostasunak lortu eta akordio politikoetan aurrera pausuak emateko landutako dinamika. Ekimen berriak ere abiatu dira, Gazte Euskaltzaleen Sarea edota Pantailak Euskaraz ekimena gogoan. Beste hainbat ekimen berri aipatu ahalko genituzke, mugimendua bizirik dagoenaren seinale.

Topagunearen baitan ere egiteko era berriak esperimentatzen ari gara, herrigintzarako onuragarriak diren bestelako arloetan inplikatzen. Horren lekuko dira Errenteriako Lau Haizetara elkarteak odol emaileak areagotzeko sustatutako dinamika; Aiaraldeko Ekintzen Faktoriak ekologiarekin eta feminismoarekin uztartuta bultzatutako dinamikak; Elgoibarko Izarrak herriko kirol proiektuari bultzada emateko abiatutako ildoa; aisialdi euskaltzalearen sektorea artikulatzeko Kukulaisi elkartea sortu izana, Iruñea erdian sortu den Laba proiektua; eta beste hainbeste.

Hitzez ekin eta jauzi, hori dugu helburutzat Topagunean, eta jauzia emateko egungo errealitatetik abiatu beharra daukagu. Berriki kaleratu diren Euskal Herriko kale erabileraren neurketaren emaitzek erakutsi digute geldialdi batean jarraitzen dugula. Datu hauen aurrean baikorrak ala ezkorrak izan gintezke. Agerikoa dena zera da, urrunago joan nahi dugula eta urrunago joan beharra daukagula. Egungo datuek ez digute euskaldunoi euskaraz eroso bizitzeko paradarik eskaintzen, ezta etorkizun oparoagoa izango dugula bermatzen ere.

Etorkizunari begira, Topagunean sinistuta gaude jauzia emateko garai erabakigarrian gaudela, eta hori gerta dadin gauzak era ezberdinean egin beharra daukagula uste dugu. Errealitate konplexuan eragiteko eraldaketa sozialerako tresna eta egiteko modu berriak behar ditugu, euskalgintzaz haragoko gizarte sektoreekin prozesua partekatuz eta guretzat xede talde garrantzitsuenak direnekin orpoz orpo lan eginez.

Hausnarketa garaian murgiltzekoak gara datorren urtean; Topagunearen datorren hamarkadarako estrategia nagusia erabakiko dugu mugimenduaren 2023ko III. Kongresuan. Hausnarketa lana ez dugu guk bakarrik egingo, etorri berriekin egingo dugu, gazteekin, herri mugimenduekin, lan munduko eragileekin, erakundeekin, kulturgintzako lagunekin, baita erakundeekin ere. Elkarren beharrak entzun eta estrategiak elkarrekin adostuko ditugu guretzat laborategi kutsua izango duen elkarrizketa prozesu honetan. Akaso beraiek euskararekin gehiago konektatuko dira, akaso euskara beraien beharrekin gehiago konektatuko da. Bietatik beharko dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...