Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Amets Arzallusek irabazi du azken finalaurrekoa

Argitu da zein zortzi bertsolari ariko diren Iruñeko finalean: Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Alaia Martin eta Maialen Lujanbio.

Mendiluze eta Arzallus, kantuan, gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Mendiluze eta Arzallus, kantuan, gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2022ko abenduak 3

Zuzeneko kontakizuna

20:05

Saioko irabazlearen agurra

Hona hemen Amets Arzallus Antiaren amaierako agurra:

"Gaur abenduak 3a
ta nik barrena dut sutan
hizkuntzaren agonia
saltzen da promes faltsutan
bortizkeriaz ezin da
mintzatu ezin bada damutan
ta nik egunero bortxa
pairatzen dut mihi puntan
euskaldun jaio izanaz
amorratzen naiz batzutan
orain larrialdi globala dago
guztion burutan
bukatua dagoela
dirudien mundu hontan
bukatu gabe dagoen
herri bat dugu eskutan"

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:57

Finalisten zerrenda

Argitu da, beraz, zein zortzi bertsolari arituko diren kantuan abenduaren 18ko finalean. Honako hau da finalisten zerrenda:

- Aitor Mendiluze Gonzalez
- Alaia Martin Etxebeste
- Amets Arzallus Antia
- Beñat Gaztelumendi Arandia
- Joanes Illarregi Marzol
- Maialen Lujanbio Zugasti
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Sustrai Colina Acordarrementeria

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:56

Haren atzetik, honela geratu da sailkapena:

- Aitor Mendiluze Gonzalez (661 puntu)
- Jone Uria Albizuri (637,5 puntu)
- Joanes Illarregi Marzol (621 puntu)
- Maddalen Arzallus Antia (609,5 puntu)
- Saioa Alkaiza Guallar (608,5 puntu)

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:51

Amets Arzallus irabazle

662 puntu eskuratu ditu.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:44

Eta horrekin amaitu dira gaurko ariketak. Aurki jakinaraziko dituzte gaurko emaitzak, eta, horrekin batera, zein zazpi bertsolari sailkatuko diren Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:44

Alokairuko pisutik kanporatu duten emakumearen rola hartu du Saioa Alkaizak. Hala esan du bigarren bertsoaldian: "Herriak zehaztu behar/ lituzke bere ametsak:/ zerk balio dun gehiago/ bizitzak edo jabetzak". Hirugarrengoarekin borobildu du ariketa: "Beti ez dira irabazten/ bataia sentimentalak,/ funts putretako jabeak/ edo langile apalak./ Historiak zehaztuko du/ nortzuk ziren kriminalak".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:34

Futbolari profesional baten azalean jarri da Joanes Illarregi. Orain arte afizio izan dena, amets gaizto bihurtu da egun batetik bestera: "Ongi nekien ixten nuela/ profesionalki atea/ Luis Enriqueri ezetza eman/ nion, ta hala pakea,/ nere burua saltzea baitzen/ Qatarrera joatea". Kirolaren gainetik, morala eta etika dagoela esan du bigarrengoan: "Izorra bitez mundiala ta/ selekzio espainola/ kiroltasunez egin ezean/ neretzat ez da kirola". Fin amaitu du ariketa: "Galduko ditut fama guztiak/ eta milioiak ere bai;/ gaur igual enaiz inor izango,/ baina kontzientzia lasai". Txalo zaparrada jaso du ariketaren amaieran.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:22

Katedratiko ospetsu baten larruan jarri da Jone Uria. Bizitza egun batetik bestera aldatu zitzaiola kontatu du honako gertaerarekin: "Hainbeste ikasle gazte/ zetozkidan bulegora,/ Whatxapetik txateatzen/ aritzen nintzen gustora,/ baina gero iritsi zen/ feminismoaren moda,/ eta nire kalterako/ aurrera joan zen denbora:/ salaketak heldu ziren,/ ahotsak behera eta gora/ ta bota egin ninduten/ fakultatetik kanpora". Ospetsu izatetik, ez ikusi izatera igaro zela kontatu du bigarrengoan: "Ni lehen nintzena edonori/ bere ahoan ixteko gai,/ ta orain bere parean/ inork enau ikusi nahi". Azken bertsoarekin borobildu du ariketa: "Baina orain naiz gizajo,/ triste ta patetikoa;/ hau izango da entzuten den/ justizi poetikoa".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

19:08

Telebistako aurkezle gisa bizitako esperientzia hartu du hizpide Maddalen Arzallusek ganbarako ariketa osatzeko. Sorpresa hartu zuen proposamena egin ziotenean, eta, hasieran, zalantza izan zuela abestu du: "Baina guztia da agindua/ eta guztia da presa,/ guztiak goiko agintariek/ botatzen diguten meza./ Nahiz tarteka gaziak kenduz/ lana izaten den geza,/ telebistako zirkoa ez da/ beti izaten erreza". Proposamena onartu zuela kontatu du bigarren bertsoaldian, baina honakoa aitortu du: "Onartuko dut nere barruan/ dudala kriston borroka,/ kamara aurrean hitz egitean/ nere buruaren kontra". Lanetik bota dutela esanez itxi du bertsoaldia: "Orain bizitza ederra daukat/ eta hala izan bedi;/ beraz, eskerrak egun haretan/ bota ninduten deneri".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:56

Haurra zeneko garaia izan du hizpide Amets Arzallusek. Futbola maite zuen, eta txarra zela behin baino gehiagotan errepikatzen bazioten ere, kirol hori gustuko zuela kontatu du lehen bertsoaldian: "Maiz entzun nuen "hi txarra haiz ta/ egin beharko duk negar"./ Plazer hartzeko bezain on nintzen/ ta enuen gehiago behar". Hari horretatik tiraka jarraitu du bigarrengoan ere: "Makala nintzen, baldarra nintzen,/ dena aitaren herentziz./ Nahiz ta askotan galtzen genuen/ ta batzutan diferentziz,/ pozik nentorren txokolatezko/ bokadillo bat irentsiz". Hirugarrenarekin borobildu du ariketa: "Nahiz kanporatu ninduten eta/ han bukatu zen lehoia,/ nik bizitzari hanka tartetik/ pasatzen diot baloia".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:45

Melillako hesia igarotzeko ahaleginean dabilen lagun baten larruan jarri da Aitor Mendiluze. Hala abiatu du bertsoaldia: "Behin bertara iritsita/ bizinahi baten bila,/ harrapatu ta erabaki/ zuten itzul nendila:/ erruleta errusiar bat/ bihurtu da Melilla". Hainbat beldur une igaro ondoren, Melillatik harago igarotzen utzi ez diotela salatu du bigarrengoan: "Europako amets hori/ distiratsu, oparo./ Dena gezur soil bat zen ta/ guk sinestu zeharo:/ hesiaren bi aldetan/ aukerarik eztago". Amore emango ez duela esanez amaitu du ariketa: "Banoa bai, ta zin dagit/ itzuliko naizela".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:35

Ganbarako ariketa

"Kanporatu egin zintuzten. Bizitza erabat aldatu zaizu". Horixe izango da sei bertsolariek nahi duten doinu eta neurrian hiruna bertso kantatzeko gaia. Aitor Mendiluze izango da lehenengoa ariketa osatzen.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:19

Laster hasiko da ganbarako ariketa

Amaitu dute lehen tartea Bilboko Bizkaia frontoian. Hamar minutuko atseden bat egingo dute, eta bertsozale gehienak eserlekuetatik altxa dira, hankak luzatzeko asmoarekin. Ganbarako ariketa baino ez da falta saioari amaiera emateko: lehen puntua emanda, bi bertso kantatu beharko dituzte zortziko txikian, eta, haren ondotik, gaia emanda hiruna bertso neurri eta doinu librean. Bertsolariak ganbarara bidean dira.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:19

Herrikideak dira Jone Uria eta Saioa Alkaiza. Herriko euskaraldiko arduraduna izan da Uria, eta ekimena amaitu berritan, txapa bila joan zaio Alkaiza. Hala abiatu da Uria: "Eztakit eztakizun,/ etzaizun inporta,/ baina zu beti zoaz/ korronteen kontra". Euskara "atenporala" dela esan dio Alkaizak, eta fin erantzun dio Uriak: "Ezpaduzu entzun/ guzti honen oihartzuna/ Belarriprest txapa da/ zuk behar duzuna". Alkaizak borobildu du ariketa: "Txapa eramateak/ sortu dit ajea,/ logotipoarekin/ daukat tatuajea".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:14

Amets Arzallus biloba eta Joanes Illarregi aitona dira. Biloba ohartu da aitonak tranpak egiten dizkiola: "Sei urte dauzkat baina/ badakit kontatzen". Horren arrazoia eman dio Illarregik: "Bizitza ze gogorra/ den jakin dezazun". Hala amaitu du ariketa Ilarregik: "Bapatean hala esan:/ "harrapatatu zaitut"./ Baina aurretik beste/ hamar egin ditut".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:08

Zortziko txikiko ariketarekin hasi dira bertsolariak. Bikotea dira Aitor Mendiluze eta Maddalen Arzallus. Bizkaia frontoira joan dira pilota partida ikustera, eta, Maddalen, partida hasi aurretik kantxara joan, eta denen aurrean ezkontzeko eskatu dio Aitorri. Erantzunik jasotzen ez duenez, hala esan dio Arzallusek: "Txapa botata egin,/ gorri ala urdin". Erantzuna, Mendiluzek: "Baietz esango dizut,/ nik frontoi erdian,/ gero hitz egingo degu/ etxean agian". Oso konbentzituta ikusi ez duenez, umorez erantzun dio Arzallusek: "Aitor ezkonduko naiz/ Ezkurdiarekin"

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

18:03

Hirugarren graduan dauden bi euskal preso politiko dira Jone Uria eta Joanes Illarregi. Azken berriak entzunda, bigarren gradura aldatu, eta, berriro ere, espetxeratuko dituzten beldur dira bi kideak. Hala abiatu da Uria: "Ezta erreza bizi beharra/ beti mendeku beldurrez". Illarregik ere bat egin du Uriarekin, eta honakoa gehitu du: "Martxa honetan inoiz ez gara/ aske izango kalean,/ iraganean iltzatua den/ estatu espainolean". Itxaropena izan du hizpide Uriak azken bertsoaldian: "Nik, hala ere, esperantza dut/ herri honen argazkian:/ ea kaleak betetzen diren/ urtarrilaren zazpian".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:57

Metalgintzako langileak dira Saioa Alkaiza eta Aitor Mendiluze. Gaur ere goizeko bostetan irten dira etxetik greba piketeetan parte hartzeko. Haserre agertu da Alkaiza: "Goazen orain fabriketara/ ta izan amets libreak,/ eskubideak lortu asmotan/ itxi ditzagun bideak". Amets egitea garrantzitsua dela erantzun dio Mendiluzek, eta fin amaitu du ofizioa: "Egin ditzagun amets libreak/ ametsak beti mesede,/ baina borroka honek behar du/ errealitatetik ere".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:52

Zortziko handiko ofizioan hasi dira bertsolariak. Arkeologoak dira Amets eta Maddalen Arzallus. Euskal Herriaren historiarako garrantzitsua den aurkikuntza egin dute Irulegiko herrixkan, baina horrekin ez da aski, Maddalen hitzetan: "Egia da egin dugula/ sekulako aurkikuntza,/ baina euskara ezin da izan/ arkeologia hutsa". Amets ere ados agertu da, eta hala itxi du ariketa: "Irulegiko eskuari esker/ munduan gara ezagun./ Irulegiko ardoa hartu,/ ta topa egin dezagun". Maddalenek borobildu du ariketa: "Seguru nago herrixka hortan/ altxor gehiago daudela".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:43

Lagunak dira Joanes Illarregi eta Saioa Alkaiza. Elikagaien bankuan boluntario gisa dabil Alkaiza, eta gehiagoren beharra dutenez, boluntario gisa hasteko proposamena egin dio Illarregiri. Hala esan dio Illarregik: "Etxean eztaudenak/ lasai eta ongi/ ta gogorregia zait/ gordintasun hori". Gogorregia haren ezetza egin zaiola erantzun dio Alkaizak, eta fin amaitu du ariketa honek: "Ni banoa hemendik/ bankuraino jauzi,/ duzu mutur handia/ eta lotsa gutxi".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:38

Elkarrekin bizi diren adineko ahizpak dira Maddalen Arzallus eta Jone Uria. Eurenera txakur bat ekartzeko proposamena egin dio Uriak: "Ez digu onik egin/ urteen joanak,/ konpainia beharko du/ azkena doanak". Arzallus zaharragoa denez, bera lehenago hilko dela erantzun dio zuzen, eta honakoa gehitu du: "Nik eztut erosiko/ txakurren kroketa/ zu elikatzen lehendik/ nahiko lan dut-eta". Azkenean, Uriak ez du Arzallus konbentzitu, eta hala bukatu du ofizioa: "Txakur bat ekartzeko/ ilusioz nintzen,/ baina ahizpa honekin/ bistan da, ezin zen./ Partekatzen ditugu/ hamalau abizen;/ beraz, segi dezagun/ hasi ta segitzen/ katuak ta txakurrak/ bezala bizitzen".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:31

Hasi dira ariketa puntuagarriak. Ofizioka, hiruna bertso osatu beharko dituzte bertsolariek hamarreko txikian. Aitor Mendiluzek eta Amets Arzallusek egin dute lehen saioa. Alderdi politiko berdineko kideak dira bi bertsolariak. Mendiluze urte luzez izan da alkate. Udal hauteskundeetan Arzallus izan da zerrenda buru, eta berak irabazi ditu hauteskundeak. EAJ alderdian kokatu dute euren burua bi bertsolariek, eta galdera batekin abiatu du Arzallusek bertsoaldia: "Oraindik kutxan zerbait/ gelditzen ote da?". Zorrotz erantzun dio Mendiluzek: "Norberak hustutzen du/ norberak betea". Aholku bat emanda amaitu du ariketa Mendiluzek: "Arazoen aurrean,/ beti alderdia".

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:23

Amaitu dituzte agurrak bertsolariek, eta goxo hartu ditu publikoak sei protagonistak. 3.600 lagunen aurrean kantatuko dute gaurkoan bertsolariek; orain arteko finalaurrekorik jendetsuena da.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

17:09

Abiatu da saioa

Txapelketako sintoniarekin batera igo dira sei bertsolariak oholtza gainera. Idoia Anzorandia Kareaga arituko da gai emaile lanetan, eta bertsolariek, berriz, ordena honetan kantatuko dute: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Maddalen Arzallus Antia, Jone Uria Albizuri, Joanes Illarregi Marzol eta Saioa Alkaiza Guallar.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

16:59

Gaur osatuko da finalisten zerrenda

Saioaren amaieran argituko da zein zazpi bertsolari sailkatuko diren finalera. Oraingoz, Alaia Martin da fase honetan matematikoki finalerako sailkatuta dagoen bakarra. Hortik aurrerakoak, probabilitate kontuak. Aitor Mendiluze Durangoko finalaurrekoa irabazita dator (727,5 puntu eskuratu zituen), eta Joanes Illarregik ere aukera asko ditu finalean egoteko (711 puntu lortu zituen lehen itzulian). Abenduaren 18an jokatuko da finala, Nafarroa Arenan. Han izango dute zain Maialen Lujanbio egungo txapelduna.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

16:54

Sei bertsolari hauek igoko dira gaurkoan oholtza gainera: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia eta Saioa Alkaiza Guallar.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona

16:51

Azken finalaurrekoa, Bilbon

Helmugara iristen ari da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Azken finalaurrekoa jokatuko da gaur, Bilbon, eta giroa bero-bero dago. Hamar minutu eskas falta dira saioa hasteko, eta Bizkaia frontoiko eserleku ia guztiak beteta daude dagoeneko.

Olatz Enzunza Mallona

Olatz Enzunza Mallona


Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

'Esna' ikuskizuna ondu dute Marie de Jongh eta Doos konpainiek

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Soledad Sevillaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean, bihar, Iruñean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.