LAN GATAZKAK

Bertan behera utzi dituzte Lidl eta BM supermerkatuetako grebak

Langraiz Okako (Araba) Lidlen bloke logistikoan hitzarmen berria adostu dute, eta soldaten %20ko igoera lortu. BMn gaur ziren greba hastekoak, baina asteburuan lortutako «aurrerapenen» ostean, deialdia utzi dute.

LIDLeko langileak, greban. ELA SIDIKATUA
inaut matauko rada
2022ko abenduaren 5a
12:10
Entzun

ELAk bi greba deialdi bertan behera utzi dituela adierazi du gaur goizean, supermerkatu kateetan biak. BM supermerkatu kateko langileek gaur hasi behar zuten greba, baina asteburuan egindako bileretan «aurrerapenak» egon direnez, sindikatuak deialdia uztea erabaki du. Soldaten %16rainoko igoerak oinarrizko soldatari aplikatzea eta antzinatasuna ezartzea lortu dute, baita arrakasta osagarrien proposamena erretiratzea ere. Bestalde, igoerak proportzionalak izango dira, lan kategoria bakoitzari lotutakoak alegia.

Gaueko txandan jarduten duten langileei dagokienez, gaueko lanaren gehigarria handitzea ere lortu dute. Akordioa indarrean egon bitartean, KPIa negatiboa edo zero bada, KPIaren %1 bermatzea lortu dute.

Langraiz Okako Lidl supermerkatu katearen bloke logistikoan ere akordioa lortu dute hitzarmena berritzeko, eta egiten ari ziren greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dute; azaroaren 29tik zeuden greban. Enpresa batzordeko ordezkari guztiek —ELAko hiru, CCOOko hiru eta beste hiru ordezkari independente— onartu dute akordioa. Soldatak %20 edo gehiago igotzea lortu dute, eta KPIak ehuneko hori gaindituz gero, gehiago igoko dituzte. Bestalde, aldi baterako kontratuekin jarduten zuten 60 langile finkatzea ere lortu dute. Urteko lanaldian opor egun bat gehitzea ere lortu dute.

Arrain sektorean ere bai

Gipuzkoako arrain eta itsaskien handizkako sektoreko greba ere bertan behera utzi dute gaur. LABen arabera, Mapesgi patronala sindikatuekin harremanetan jarri zen atzo, gaur arratsaldean bilera bat egiteko. Patronalak adierazi die prest dagoela sindikatuen proposamenen inguruan eztabaidatzeko eta neurri batzuk onartzeko: horregatik utzi dute greba bertan behera. Hilaren lehenean egin zuten lehen greba eguna, eta gaur zuten bigarrena; hirugarrena, berriz, asteazkenean ziren egitekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.