Qatarko Munduko Kopa

Kroazia eta Brasil sailkatu dira final-laurdenetarako

Penaltietan kanporatu du Kroaziak Japonia, lehia bana amaitu ondoren. Brasilek, aldiz, aise irabazi dio Hego Koreari: 4-1. Irabazleak elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan.

Kroaziako jokalariak, final-laurdenetarako sailkapena ospatzen. GEORGI LICOVSKI / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2022ko abenduaren 5a
22:26
Entzun

Pronostikoak bete dira, eta faboritoek egin dute aurrera: Kroaziak eta Brasilek. Sufrituta egin du batak; erraz, besteak. Japoniaren aurka penaltietan nagusitu da Zlatko Dalic hautatzaileak zuzendutako selekzioa, bana amaitu den partida estu baten ostean. Gertu izan du balentzia Japoniak, baina kamuts aritu da hamaika metrotan. Aldiz, 4-1 nagusitu da Brasil Hego Korearen aurka, aurrealdean erakustaldia emanda. Datorren ostiralean, final-laurdenetan, aurrez aurre izango dira sailkatu diren bi taldeak.

Futbolzaleek gozatzeko moduko neurketa jokatu dute Japoniak eta Kroaziak; intentsitatea, bizitasuna, erritmoa, kalitatea eta lehia irekia. Hustu egin dira jokalariak zelaian, eta gertu izan dute biek sailkapena. Batek bakarrik egiten du aurrera, ordea, eta Kroaziarentzat izan da saria, Japoniaren kaltetan. Neurketa bana amaituta, penaltietan erabaki da kanporaketa. Kale egin du Japoniak, botatako lau penaltietatik hirutan huts eginda -atezainak geratu ditu hiruak-. Eta bale Kroaziak; lautik hirutan asmatu du.

Burua goian bukatzeko partida egin dute japoniarrek, eta ezin meritua kendu. Ezustekoa eman zuen multzokako fasean, Alemaniari eta Espainiari irabazi ondoren lehen postuan sailkatuta, eta demostratu du ez zela txiripaz izan. Otso zelairatu da, eta berehala eman du lehen abisua; bigarren minutuan, Taniguchik buruz egindako errematea gutxigatik joan da kanpora. Erritmo bizia jarri dio neurketari; baloia berreskuratu bezain laster jo du erasora, jokaldi azkarrak harilkatuz, eta hegaletatik min eginez.

Kroazia, hasierako sustoa pasata, baloiaren jabetza izaten saiatu da, lerro artean jokatuz, eta gertuko paseak eta baloi luzeak tartekatuz. Ez du lortu, baina, neurketa kontrolpean izaten. Bizpahiru aldiz arriskuarekin iritsi den arren, lehiak ez zuen Dalic hautatzailearen selekzioak nahi zuen melodia. Mehatxu zen Japonia, erosoago zeuden zelaian, eta jokalariek argi zituzten ideiak. Galtzeko ezer gutxi zuten, eta irabazteko asko. Hegaletan topatu dute zuloa, eta min egin dute hortik. Japoniarrek pase gutxi behar zituzten aurkariaren area ertzera iristeko, eta lehen zati amaieran iritsi da merezitako saria, korner baten ostean. Ez du asmatu Kroaziak erdiraketa urruntzen, eta Maedak ez du barkatu -VAR sistemaren bidez errebisatu dute jokaldia, baina ontzat eman du epaileak-. Japoniak zutoinen artera egindako lehen jaurtiketa zen.

Hankaz gora jarri zaio neurketa Kroaziari, eta arraun egitea besterik ez zuen; markagailua kontra izateaz aparte, min egiten baitute atsedenaldiaren atarian jasotako golek. Azkar erantzun du, ordea; 55 minutuan, hain justu. Perisicek berdindu du lehia, burukada ikusgarri batekin. Penalti puntutik errematatu du baloia, sekulako indarrarekin, eta zutoin ondotik joan da sareetara; ezinezkoa atezainarentzat.

Japonia ez da kikildu, eta berean segitu du. Kroaziak, baina, lerroak aurreratu ditu, eta konfiantza hartu. Modric nabarmentzen joan da, eta eskertu du haren selekzioak; hura baita taldeko lemazaina.

Kroaziak izan ditu hortik aurrerako aukerarik garbienak, baina markagailua ez da gehiago mugitu. Jokoan ere nabaritu da elkarri zioten errespetua, eta, pixkanaka, motelduz joan da lehia. Gidoia mantendu da luzapenean. Bi taldeak sendo, eta erasora tentuz joz. Kontra jasotako gol batek kondenatuko zituzten, eta ez dute gehiegi arriskatu nahi izan.

Hala iritsi dira penaltietara. Tentsioa, urduritasuna eta emozioa. Indarrak parekatu egiten dira penaltietan, baina Dominik Livakovic Kroaziako atezaina izan da heroi kapa jantzi duena. Hiru penalti geldituta, bidean utzi ditu japoniarren ametsak, eta final-laurdenetarako atea ireki dio haren selekzioari.

Badirudi tentsioko uneetan ondo moldatzen dela Kroaziako selekzioa, 2018ko Munduko Kopan ere sufrituta iritsi zen finaleraino; bi aldiz gailendu zen penaltietan, eta beste kanporaketa bat luzapenean irabazi zuen.

Sendo eta eraginkor

Brasil izango du parean Kroaziak. Hautagai nagusia zen askorentzat, eta hala izaten jarraituko du. Irribarrea dario Titek zuzendutako taldeari. Partida hasi eta gutxira eman du kolpea; lehen aukera garbia, lehen gola. Viniciusek bakar-bakarrik hartu du arean baloia, eta patxadaz egin du jaurtiketa sareetara. Elkar besarkatuta eta dantzan ospatu dute jokalariek gola. Aldarte horretan, errazagoa da dena. Berehala handitu du aldea, gainera. Hego Koreako atzelari bat baloia urruntzen saiatu da, baina Richarlisonen hankarekin egin du topo. Area barruan izan da ostikada, eta penaltia adierazi du epaileak; Neymarek ez du barkatu. Hamahirugarren minutua zen, eta, ohartzerako, bi gol aurretik zen Brasil.

Hego Koreari asko konplikatu zaio kanporaketa. Hasiera batean ere, urriak ziruditen aurrera egiteko zituen aukerak, eta esperantzarako tarte oro uxatu dizkie Brasilgo aurrelariek. Ez du amore eman, eta hamaseigarren minutuan area kanpotik egindako zartako batekin gertu izan du gola. Asko arriskatu du hortik aurrera. Lerro artean erraz jokatu dute Brasilgo jokalariek; espazio ugari zuten aurrera egiteko, eta halako talentudun selekzio baten kontra, bekatua da hori. Gogor ordaindu dute; 29. minutuan hirugarrena sartu du Richarlisonek, jokaldi eder baten ostean, eta 36. minutuan erabakita utzi du kanporaketa Lucas Paquetak. Atsedenaldira 4-0 iritsi dira, eta errentak handiagoa ere izan zitekeen.

Erakustaldia emanda, dantzan eta gozatzen. Nahi bezala maneiatu du lehia Brasilek. Bigarren zatia tramite hutsa baino ez da izan. Lanak eginda zituen batak, eta etxerako bidea hartuta besteak. Markagailua apaintzea lortu du Hego Koreak, Paikek area kanpotik egindako gol ikusgarri batekin. Azkenean, 4-1 amaitu da partida.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.