Indonesia

Indonesiak urtebeteko espetxearekin zigortuko ditu ezkontzatik kanpoko sexu harremanak

Parlamentuak zigor kodea moldatzea onartu du gaur. Erreformaren bidez, debekatu egin du apostasia, agintariak iraintzea eta aurrez abisurik eman gabe protesta egitea.

Indonesiako zigor kodearen erreformaren kontrako protesta bat, atzo, herrialdeko parlamentuaren parean, Yakartan. MAST IRHAM, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 6a
11:42
Entzun

Indonesiak giza eskubideak murriztuko dituen erabakia hartu du gaur, zigor kodearen erreforma onartuta. Zehazki, sexu, erlijio eta adierazpen askatasunak murriztu ditu, debekua ezarri baitie ezkontzatik kanpoko sexu harremanei, apostasiari, agintariak iraintzeari eta aurrez abisurik gabe protesta egiteari.

Parlamentuak onartu duen lege aldaketak protesta ugari eragin ditu munduan musulman gehien biltzen dituen herrialdean. Erreforma gauzatzeko lehen saiakera izan zenetik, 2019 urtetik, manifestazio ugari izan dira. Protesta jendetsuek neurria alboratzera behartu zuten gobernua. Alderdi politiko guztien babesarekin onartu du gaur parlamentuak.

Gizarte zibileko elkarte ugarik neurri «antidemokratikoa» dela salatu dute. Erreformaren kontrako sektore batzuek salatu dute gobernua Indonesia «islamizatzeko» ahaleginean ari dela, eta Suhartoren diktadura garaira (1967-1998) itzuli nahi izatea egotzi diote.

Zigor kodean ezarriko diren aldaketen artean kritikatuenetako bat da ezkontzatik kanpoko sexu harremanak debekatuko dituena. Urtebetera arteko espetxe zigorra jaso ahal izango dute debeku hori urratzeagatik kondenatutakoek. Legez kanpokotzat joko du ezkondu gabeko bikoteak elkarrekin bizitzea ere. Presidentea iraintzeagatik errudun jotakoek, berriz, hiru urtera arteko espetxe zigorra jasoko dute. Bost urtera artekoa apostasiagatik zigortutakoek, eta sei hilabetera artekoa aurrez abisurik eman gabe protesta baketsu batean parte hartzen dutenek.

Parlamentuak erreformari bide eman dion arren, ez da indarrean sartuko oraindik. Aldaketak hiru urteko epea aurreikusi du araudia garatu eta hura ezartzeko. Dena den, erabakia herrialdeko Auzitegi Konstituzionalaren aurrean salatzeko aukera ere izango da. Hala eginez gero, auzitegiak urtebeteko edo bi urteko epean erabakitzea espero da, baina moldaketarekin kritiko agertu diren ahotsek ez dute epaileen laguntzarik jasotzeko esperantza handirik, gobernuaren eta auzitegiaren artean lotura estua dagoela uste baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.