Durangoko Azoka. Zu non, han DA!

Durangoko Azoka ez dadin Durangon geratu

'Zu non, han DA!' proiektua jarri dute martxan, bigarren urtez. Aurten, berritasunez gain, liburu aurkezpenak ere antolatu dituzte hamaika herritan.

'Zu non, han DA!' proiektuaren logoa, Durangoko Hitz liburu dendan. GEREDIAGA ELKARTEA
Maria Ortega Zubiate
2022ko abenduaren 7a
10:00
Entzun

Hilaren 7tik 11ra izango da Azoka Durangoko Landako gunean, baina bertako ateak ixteak ez du esan nahiko Azoka amaituko denik; are, Euskal Herri osora zabalduko da abenduaren 12tik 22ra bitartean. Zu non, han DA! proiektuak Azokako berritasunak zabaldu eta horien aurkezpenak ekarriko ditu hamarnaka liburu denda eta saltokitara. Horrela, Azokaren «izpiritua» zabalduko da nonahi, eta, era berean, hauspoa eman eta aitortza egingo diete kultur sorkuntzaren «eusle» nagusienetako batzuei: liburu dendei.

Programa ez da berria; iaz jarri zuten martxan. Presentzialtasuna mugatua zen urtean, Durangon egosten zenaren berri eman nahi izan zuten herrialde osoan. Aurten ere mantenduko dute joera hori, eta 133 liburu dendatara bidaliko dituzte Azokako berritasunak dituen sorta. «Hainbat jendek ez dauka aukerarik azokara etortzeko. Gure lana da azokan aurkeztu den kultur sorkuntzako berritasun nagusiak Euskal Herri osora zabaltzea, eta, horrekin batera, azokaren izpiritua», azaldu du Andoni Urzelai proiektuaren koordinatzaileak.

Aurtengo aldiak badu beste berritasun bat: liburu aurkezpenak ere lotu dituzte 45 saltokitan. Saltokien lana «aitortzeko» era bat dela dio Urzelaik, baita berauek hauspotzekoa ere: «Kultur sorkuntzaren eta Gerediaga elkartearen bidelagunak dira liburu dendak. Urte osoan mantentzen dute euskaraz egindako kultur sorkuntza, eta berau bultzatu eta hauspotzen dute. Eurei eskertza egiteko modu bat ere bada, aitortza egitekoa».

Programak harrera oso ona izan du, kopurua ikusi besterik ez dago; are, aurkezpenak mugatu egin behar izan dituzte. Datua pozik hartu du Urzelaik, eta azpimarratu du lorpen handia dela urtearen sasoia kontuan hartuta: «Datak ez dira onak. Hau da, Gabonen bezperatan liburu dendek eta komertzioek, orokorrean, saltsa handia izaten dute. Zenbait arazo aurkitu ditugu datak lotzeko; horixe da eragozpen bakarra».

Kultura, herrietara

Gerediaga elkarteak Euskal Herri osoan nahi du barreiatu Durangok euskal kulturari ematen dion bultzada, eta bai lurralde osoan zabaldu ere: Zu non, han DA! programako aurkezpenak lurralde guztietara zabaltzeko asmoa izan dute. Eta ia lortu dute, Zuberoan ez baitute aurkezpenik lotu. Hamalau Bizkaian izango dira, baita Gipuzkoan ere; zortzi Araban, zazpi Nafarroan, eta bana Lapurdin eta Nafarroa Beherean.

Aurkezpen horietatik gehienak herrietan izango dira, hori ere programaren aldarrikapenetako bat baita: kultura hiriguneetan soilik ez, herrietan ere bizi daitekeela. «Oso ohituta gaude kulturgintza, batez ere literatura, hirietako kontua izatera. Bertan ardazten da, bertan daude liburutegirik handienak. Programa honek badauka hori herrietara ere zabaltzeko bokazioa».

Ezohiko irudia utziko du aurtengo aldiak. Alde batetik, aurkezpenak Landako gunetik kanpo, handik ehunka kilometrora ere izango baitira. Eta, beste alde batetik, horrelako aurkezpenak izatera ohitu gabeko komertzioetaraino ere helduko delako. Disko, koaderno eta paper dendetako material artean izango dira aurkezpenok; izan ere, saltoki horietatik asko, liburu dendez gain, paper dendak eta kopia dendak ere izaten dira: «Normalean, liburu aurkezpenik egiten ez dituzten saltoki asko ez dira erabat liburu denda: garai latzak bizi ditugu, eta kulturgintzak zer esanik ez; gero eta liburu denda puru gutxiago daude».

Horrela, bada, Durangora joateko paradarik ez duenak baina bere izpiritua eta berritasunak ezagutu nahi dituenak izango du horretarako aukerarik, ziur urrunera joan beharrik gabe, gainera. Kulturzaleak denden erakusleihoari begiratzea besterik ez du izango, eta Durangoko Azokako logoa duen kartela badago, han DA.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.