Euskara

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2022ko abenduaren 7a
14:50
Entzun

EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek salatu dute Parisek oraindik ez duela erantzunik eman. Agiri bateratua plazaratu dute Frantziako Estatuaz gain EEP osatzen duten hiru instituzioetako ordezkariek: Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariorde eta EEPko lehendakariak, Maider Behotegi Pirineo Atlantikoaren ordezkariak eta Frederique Espagnac Akitania Berriko ordezkariak. Egoeraren “ulermenik eza” adierazi dute. Irailean Parisen bilkura egin zutenetik, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzunaren zain gelditu dira. Alta, bilkuran aipaturiko gaiek «bilakaera eta erantzun zehatzak» behar zituztela argi gelditu zela diote hiru hautetsiek. Besteak beste azterketak euskaraz egiteko eskubideari buruz erantzun bat espero dute ordutik.

Irailaren 14an egin zuten bilkura EEPko ordezkariek, Ipar Euskal Herriko parlamentariek eta Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariek. Euskarazko irakaskuntza izan zen aipagai nagusia: sare publiko zein pribatuetan euskara hutsean diren gelen irekiera eta azterketak euskaraz iragatea. Bilkura «adeitsu eta eraikitzailea» iruditu zitzaiela azaldu zuten EEPko ordezkariek, eta baieztatu zuten Parisko ordezkariek ontzat eman zituztela EEPkoek mahaigaineratutako argumentuak. Ministeriotik «epe onargarri batean» erantzun bat emango zietela segurtatu zieten; alta, azken hiru hilabeteetan «ez da ondoriorik izan». Azaroaren 14an protesta egin zuen Seaskak Bordelen (Okzitania) eta ikasleen eskubideak errespetatzeko eskatu zion Frantziako Gobernuari. «Elkarrekin onartu bagenuen gai horri buruzko bigarren bilkura baten beharra, gaurdaino ez zaigu heldu data berri baten proposamenik», adierazi dute EEPko ordezkariek.

Agirian azaldu dutenez, behin baino gehiagotan egin diote dei Frantziako Hezkuntza Ministerioari: «Urriaren 19an eta 21ean, gutun bat igorri zen Parisera postaz, eta gero mezu elektronikoz, eskuratze agiririk eta erantzunik gabe», esplikatu dute. «Are okerrago, azaroaren 8an Max Brisson senatariak ministroari gaia aipatzerakoan, honek ez zuen deus erran Baxoaren eta lizeoaren erreformaz». Hiru hautetsiek salatu dutenez, Hezkuntza Ministerioko ordezkariek EEP «hizkuntza politikarako etxe amankomun» gisa definitu bazuten ere, ez dute «erakundearekin komunikatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.