Iran

Iranek herritar bat exekutatu du, azken hilabeteetako protestekin lotuta

Kondenatuari —23 urte— estatuko indarren agente bat labanaz zauritzea egotzi diote. Agintari judizial gorenaren esanetan, «aurki» gauzatuko dituzte mobilizazioen harira ezarritako beste heriotza zigor batzuk ere.

Irango protestei elkartasuna adierazteko elkarretaratze bat, joanden azaroan, Australiako Parlamentuaren parean, Canberran. LUKAS COCH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 8a
11:50
Entzun

Iranen irailaz geroztik hedatu diren protestekin lotuta, kondenatu bat exekutatu du estatuak gaur goizaldean, Mizan herrialdeko botere judizialaren albiste agentziak jakinarazi duenez. Protesten harira Iranek gauzatu duen lehen heriotza zigor ezaguna izan da.

Kondenatua Mohsen Xekari zen, 23 urteko gaztea. Justiziak «Jainkoaren kontrako gerra» egitea egotzi dio, estatuko indarren agente bat labanaz zauritzeagatik eta Teheran erdiguneko kale bat mozteagatik. «Izua eragitea eta herritarren askatasuna eta segurtasuna urratzea» ere leporatu dio.

Xekari irailaren 25ean atxilotu zuten, protestak piztu eta astebetera. Heriotza zigorrera kondenatu zuten azaroaren 20an, eta atzo berretsi zuen epaia Auzitegi Gorenak. Lehen auzi saioa izan zuenetik exekutatu duten arte hilabete inguruko epean agortu du auzibidea. Irango Justiziak protestekin lotutako zigorrak ezartzeko asmo arina duenaren erakusgarri.

Gholam-Hossein Mohseni-Ejei botere judizialeko agintari gorenak ohartarazi duenez, heriotza zigorrera kondenatutako beste manifestari batzuk ere «aurki» exekutatuko dituzte. Amnesty Internationalen esanetan, protestekin lotuta auzipetuta dauden 2.000 herritarretatik gutxienez 28k egin behar diete aurre heriotza zigor eskariei.

Mobilizazioen harira, Iranek azaroaren 14an eman zuen lehen heriotza zigor epaia, eta asteartean jakinarazi zituen azkenak: bost lagun kondenatu zituen heriotzara, ustez, Basij milizia islamikoko kide bat hiltzea egotzita.

Protestak irailean piztu ziren, Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua Poliziaren zaintzapean zela hil zela jakin zenean. Amini Moralaren Poliziak atxilotu zuen, beloa «gaizki jarria» zuelako, eta komisariara eraman zuen. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen, eta irailaren 16an hil zen, hiru egunez koman egon ostean. Gurasoek argi utzi dute ez zuela osasun arazorik atzeman aurretik, eta salatu zuten «jasandako torturen ondorioz» hil zela.

Iranen eta, batez ere, herrialde horren menpeko Kurdistanen, hainbat hiritako kaleak amorruz bete ziren, azken lau hamarkadetan agintean dagoen sistemaren aurka egiteko: Errepublika Islamikoaren kontra. Iranek salatu du mobilizazioak herrialdea desegonkortzeko saiakera bat direla, eta AEBen esku hartzearen ondorio direla ziurtatu du.

NBE Nazio Batuen Erakundeak protestekin lotutako atxilotuen exekuzioak geldiarazteko eskatu dio Teherani, eta mobilizazioei eman dien erantzuna ikertzeko misio bat antolatzearen alde bozkatu zuen erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluak, joan den hilean. Baina Iranek aurreratu dela elkarlanean arituko halako ikerketa batekin, izaera politikoa duelako.

Protestetan 400 herritar baino gehiago hil dira eta gutxienez 15.000 lagun atxilotu dituzte, Iran Human Rights elkartearen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.