Aurrekontuak

EAJk eta PSEk oposizioaren zuzenketa partzial batzuk onartuko dituzte

Pedro Azpiazuk iragarri du oposizioak aurrekontuei egindako zuzenketa batzuen alde egingo dutela, 30 milioi euroko balioarekin. EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi «koherentzia falta» aurpegiratu die. Koalizioak esan du «errealitateak aurrean eraman» duela gobernua, eta EPk «eredu politiko bati» egindako osoko zuzenketa dela berea. Aurrekontuak itzultzeko eskaera baztertu du Legebiltzarrak.

Pedro Azpiazu sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean. L. RICO / EFE
xabier martin
2022ko abenduaren 9a
10:49
Entzun

EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuak negoziatzeko «benetako borondaterik» ez dutela izan aurpegiratu die Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk, gobernuaren proiektua aurkezteko osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarrean. Gobernua osatzen duten alderdien babesa handitu nahi zuela esan du Azpiazuk, «akordiorako jarrera» izan duela, oposizioak ikusi omen duenez.

Edonola ere, oposizioaren zuzenketa partzial batzuen aldeko botoa emango dute Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek, EAJk eta PSE-EEk, eta 30 milioi euroko balioa izango dute gobernua ez beste talde batzuek egindako proposamen horiek. Hasierako hitzaldian, Azpiazuk ez du zehaztu zein zuzenketa partzial izango diren onartuko dituztenak, baina esan du «politika publikoak» hobetzen dituztela, «Jaurlaritzaren proiektuarekin lerrokatzen direlako».

EH Bilduri

EH Bilduri esan dio «harriturik» ikusi duela koalizioak negoziazioan egin dituen eskaerak. Ogasun sailburuak ez du ulertu «sistema krisia, Osakidetzaren degradazioa» eta tankerako esamoldeak erabili izana egungo egoera azaltzeko. «Beste leku batzuetan ez dituzte guk ditugun antzeko arazoak?», galdetu du, betiere EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin egindako aurtengo akordioari erreparatuz.

«Koherentzia» eskatu dio koalizio subiranistari Azpiazuk. Azaldu du aurrekontuen %3,16 baldintzatu nahi izan duela bere ekarpenekin, eta aurreko urtean EAEko gobernuarekin lotu zuen akordioarekin alderatuta %300 baino gehiago hazi dela nahi hori. Madrilen, berriz, 74.000 milioi euroko aurrekontutik 446 milioi baizik ez dituztela baldintzatu helarazi dio koalizioari. «Neurri berarekin ari zarete leku batean eta bestean?», galdetu die EH Bilduko legebiltzarkideei.

Finean, koalizioari esan dio ez duela «zintzotasunik» eduki negoziatzeko, «atea itxi» duela hasi bezain laster. Eta berriro Madrilera joan da hango aurrekontuen onarpena dela eta, alderaketarekin jarraitzeko. «Espainiako Gobernuak gehiengo osoa izan balu akordioa egingo zenuten harekin?», galdetu die koalizioko legebiltzarkideei. Eta Azpiazuk berak erantzun die haren «eskarmentu politiko handia» aintzat hartuta: «Ez».

2023ko aurrekontuak «hobetu» egiten ditu aurreko urtean EH Bilduk indartu nahi izan zituen esparruak, Ogasun sailburuaren ustean, eta horrek erakusten du, haren arabera, «aurten ez dela nahi izan» akordiorik koalizioaren aldetik. «Zuek jakingo duzue zergatik», erantsi du; eta bukatu du: «Beste batean izango da, agian».

Elkarrekin Podemosi

Elkarrekin Podemosi begira ere, antzera hitz egin du Azpiazu sailburuak. Talde horretako legebiltzarkideei esan die «koherentzia» gehiago behar dutela, «ezin delako esan aurrekontu hauek kontserbadoreak direla». Hau da, sailburuak uste du ez direla Espainiako Gobernuak onartu dituenak baino kontserbadoreagoak, eta «errealismoa» eskatu du. «Azaldu dizuegu, baina ez duzue ulertu», esan die Azpiazuk.

Politika fiskalaren gaiari buruz ere aritu da sailburua. Ezkerreko parlamentariei gogoratu die Jaurlaritzak hausnarketa bat abiaraziko duela urte hasieran,egungo politika fiskalari buruz; «baina ezin da hausnarketa horren emaitza jakin orain», ohartarazi du sailburuak. Europan izaten ari diren aldaketa fiskalak aintzat hartuko ditu hausnarketa horrek, Azpiazuren arabera, baina, orain, «ezin da aurreratu gehiago».

Elkarrekin Podemosi ere «koherentzia» eskatu dio Azpiazuk, Madrilen eta Gasteizen ez dutelako jarrera bera gai bertsuen inguruan, sailburuaren ustez. «Eskaintza eskuzabala baztertu duzue; zuek jakingo duzue zergatik». Sailburuak aditzera eman du datorren maiatzeko hauteskundeek «zerikusia» izan dezaketela EPren ukoan. «Beste batean izango da, agian».

Kortajarenaren erantzuna

EH Bilduko Nerea Kortajarenak erantzun dio Azpiazuri, esanez Jaurlaritza ez dela ulertzen ari «mundu mailako aro aldaketa», eta dagoeneko «zainketa paliatiboek» ez dutela balio gertatzen ari denaren aurrean. Gobernua herritarrengandik «gero eta urrunago» dagoela esan du koalizioko legebiltzarkideak, Osakidetzaren krisian islatzen ari denez. «Osakidetza ZIUn» dago, esan du ozen Kortajarenak ganberan. «Herritarrek ez dute ulertzen gobernu honen jarrera».

Koalizio abertzaleak «egiturazko aldaketak» proposatu dituela azaldu du Kortajarenak, «tiritek ez dutela balio», eta hitz horiek «tabua» direla Jaurlaritzarentzat. «Ez zarete errealitatea irakurtzen ari», esan die Kortajarenak EAJko legebiltzarkideei. «Aurrekontuak errealitateak gainditu ditu ja. Sailburuak neurri berriak aurkezten ari dira dagoeneko, aurrekontuez harago. PSEk berak esaten du tartea badela horretarako, eta Eneko Anduezak onartu du fiskalitatea aldatu behar dela». Are, Kortajarenak ziurtatu du, umore pixka batekin, PSEk aurrekontuei osoko zuzenketa jartzeko «gogoz geratu dela».

Legebiltzarkideak argitu du Madrilen eta Iruñean akordioak egin dituela EH BIlduk, eta Gasteizen ere egin duela, aurreko urteko aurrekontuei erreparatuz eta hezkuntzaren alorrean dagoena gogoratuz. Gainera, Urkullu EAEko lehendakariak oposizioarekin lortutako adostasuna sarritan nabarmendu duela ekarri du gogora. «Argumentu hori berritu behar duzue. Politika zaharrean ari zarete». EAJri akordio baten aldeko «plantak» egitea leporatu dio, eta koalizioak «zintzotasunez» jokatu duela ikustean ez zuela «inolako asmorik» akordio bat egiteko. «Oposizio guztiak ikusi du hori».

Gauzak «errotik aldatzeko unea» dela helarazi du Kortajarenak, eta EAJk ez duela nahi izan «badauden bitartekoak» aprobetxatzen horretarako. Horregatik, koalizio abertzaleak aurrekontuak itzultzeko eskatuko du Eusko Legebiltzarrean.

Gorrotxategiren erantzuna

Miren Gorrotxategi EPko bozeramaileak gogoratu dio Azpiazuri PPrekin lotu zuela, aurrekontu batzuen negoziazioan hain zuzen, azken erreforma fiskala, sozietate zergaren tasa apaltzen duena. «Premiazkoa» da harentzat erreforma fiskala egitea, «langileen errentek eta BEZak» dutelako diru sarreren pisurik handiena.

«Bizitza izugarri garestitu» dela gogoratu du Gorrotxategik, eta hortik abiatu behar duela aurrekontu proiektuak. Industria politika, hezkuntza politika eta Osakidetzaren krisia gogor salatu ditu EPko kideak, eta argitu du aurkeztu duen osoko zuzenketa ez dela 2023ko aurrekontuei egindakoa, «baizik eta eredu politiko oso bati»; edozein esparruri begiratuta ere, «borondate pribatizatzailea» erakusten duelako Jaurlaritzak bere proiektuan.

EAJren txanda

Joseba Egibar legebiltzarkideak EH Bilduri leporatu dio «apokalipsiaren profeten antzera» azaltzen duela errealitatea, Osakidetza eta beste esparru batzuei dagokienez. Koalizioa «talde-interesa herri-interesaren aurretik» jartzen ari dela esan du, eta bakarrik Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan eskatzen dituela egiturazko aldaketak.

Erreforma fiskalari buruz argitu du egungo eredua aztertuko duela esana duela Jaurlaritzak, eta zentzuzkoa dela lau urtean behin aztertzea eta doitzea. Dena den, «aberastasuna nola sortu» ere aztertu behar dela gogorarazi die bai EH Bilduri, bai Elkarrekin Podemos-IUri.

Osoko bilkura amaitu da Eusko Legebiltzarrean, eta oposizioko taldeek beren osoko zuzenketak azaldu ondoren, 2023ko Jaurlaritzaren aurrekontuak itzultzea bozkatu dute. Espero zen moduan, ezezkoak irabazi du, EAJ eta PSE-EEren botoekin (40). Baiezkoak 33 izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.