Gobernua osatu du Boluartek, eta «lasaitasuna» eskatu die perutarrei

Peruko lehen ministro berria Pedro Angulo da, fiskal nagusi ohia. Anibal Torres, Castilloren lehen ministro izandakoa, «klandestinitatera» joango da, fiskaltzak matxinada delitua leporatu diolako.

Dina Boluarte eta bere gobernuko kideak, gaur, Liman. PAOLO AGUILAR / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 10a
21:29
Entzun

Dina Boluarte Peruko presidenteak gobernu berria osatu du gaur. «Ustelkeria ekintzarik ez egiteko konpromisoa» hartu dute gobernu berriko kideek, karguen zina egiterakoan. Izan ere, «ustelkeria kasuei aurre egitea» da, Boluarteren esanetan, osatu berri duen gobernuaren lehen egitekoa. Pedro Angulo izango da Peruko lehen ministroa. Peruko fiskal nagusia izandakoa da, eta Pedro Kuczynski presidente ohiaren (2016-2018) alderdikoa.

Pedro Castillo Peruko presidente ohiaren gobernuan ministro izandako gutxik segiko dute Boluarterenean. Horietako bat Rosa Bertha Gutierrez Osasun ministroa da. Castilloren gobernuan Atzerri ministrorde izandakoak —Ana Cecilia Gervasik— ministro kargua eskuratu du Boluarterenean, eta gauza bera gertatu zaio Alex Contrerasi, Ekonomia Ministerioan. «Teknokratatzat» jotzen dute Peruko hedabideek.

Barne ministroa Peruko Poliziaren buru ohia izango da; Cesar Augusto Cervantes du izena. Defentsa Ministerioa, berriz, Luis Alberto Otalorak zuzenduko du. Ollanta Humala presidente ohiaren (2011-2016) gobernuan ere Defentsa ministroa izan zen.

Ikusteko dago zenbat denbora iraungo duen Boluarteren gobernuak. Legez 2026ra arte gobernatu dezake, orduan amaituko delako Castillok hasi zuen agintaldia —iaz egin zituzten hauteskundeak—. Bozak aurreratzeko atea, ordea, ez du itxi Boluartek. Egingo lukeela esan zuen herenegun, «egoerak mereziko balu».

Castillo, espetxean

Tentsio politiko handiko garaian bihurtu zen Boluarte, asteazkenean, Peruko emakumezko lehen presidentea. Castillo espetxean dago, oraingoz, hilaren 13ra arte. Matxinada delitua leporatzen diote, asteazkenean kongresua desegin eta salbuespenezko gobernu bat ezarri nahi izateagatik. Gobernuko kideek, Kongresuak, botere judizialak, armadak eta Poliziak ez zuten babestu Castilloren erabakia, eta bizkartzainek atxilotu egin zuten.

Anibal Torresek, Castilloren lehen ministro izandakoak, gaur adierazi du «klandestinitatera» joango dela, fiskaltzak matxinada delitua leporatu diolako. Castilloren ikerketaren barruan sartu dute Torres.

Gainera, atzo gauean istiluak izan ziren Peruko hainbat hiritan, Castillo atxilotu izana salatzeko. Liman, esaterako, ehunka lagunek protesta egin zuten, eta Boluartek berak sare sozialetan adierazi duenez, zazpi lagun atxilotu zituzten, eta zenbait pertsona zauritu ziren. Peruko Kazetarien Erakunde Nazionalak salatu du istiluen inguruan informazioa eskaintzen ari ziren kazetariek Poliziaren indarkeria jasan dutela. «Lasaitasunerako» deia egin zien Boluartek perutarrei.

Castilloren etorkizuna ez dago oraindik argi. Bere defentsak aske uzteko eskatu die zenbait auzitegiri, eta guztiek erabaki dute aukera hori «desegokia» dela. Gainera, Mexikoko Gobernuari asilo eskubidea eskatu dio, bi aldiz. Mexikoren enbaxadarantz zihoan atxilotu zutenean; Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentearen gobernuari asiloa eskatzeko helburua zuen. Atzo, kartzelan, berretsi egin zion eskaera Pablo Monroyri, Mexikok Perun duen enbaxadoreari.

Boluartek Mexikoren esku utzi du Castilloren eta haren senideen asilo eskaeraren auzia. «Mexikoko Gobernuari dagokio asilo eskubideak dioena aztertzea», esan zuen herenegun.

Gainera, Castilloren gobernuko kide izandakoek deklaratu dute ja epailearen aurrean, batek izan ezik: lehen ministro izandakoak, Betssy Galvezek. Hainbat ministrok adierazi dute Castillok hartutako erabakiaren bat zetorrela Galvez. Gobernuko gainerako kideek bakarrik utzi dute Castillo: esan dute ez zutela «estatu kolpe saiakeraren berri», eta bat egiten dutela Peruko erakundeek hartutako erabakiarekin, hau da, Castilloren atxiloketarekin eta Boluarteren izendapenarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.