Espazioa

Itzuli da lurrera Artemis I misioa, 25 eguneko bidaiaren ostean

Arrakastatsua izan da misioa. Orion ontzia Ozeano Barean erori da, Behe Kaliforniako (Mexiko) kosta parean.

'Orion' ontzia, gaur, Ozeano Barera erori den unean. NASA
Paulo Ostolaza.
2022ko abenduaren 11
20:08
Entzun

NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak eman du lehen pausoa: arrakastatsua izan da ilargira lehen aldiz emakume bat bidaltzea helburu duen Artemis I misioaren lehen proba. Orion ontzia azaroaren 16an abiatu zen Kennedy Espazio Zentrotik (Florida, AEBak), eta gaur iritsi da Ozeano Barera, Behe Kalifornia parera (Mexiko).

Atmosferan sartu aurretik, 18:00etan, tripulatzailearen modulua eta zerbitzuena banandu egin dira, eta lehenengoa soilik iritsi da Lurrera. Lehen proba honetan ez da bidaiaririk joan barnean, maniki bat soilik; Orion ontziaren eta SLS suziriaren gaitasunak probatzea eta informazioa biltzea zen helburua.

Orion orduko 40.000 kilometroko abiadan sartu da atmosferara, 2.760 graduko tenperaturan. Hori iraunarazteko, sekula eraiki den ezkutu termikorik handiena du ontziak. Atmosferak orduko 523 kilometroko abiadara murriztu du ontziarena, eta, azkenik, paraxutean itsasoratu da.

Behin uretan zela, erreskate zerbitzuek berreskuratu dute ontzia, baita uretaratzean utzi dituen hondakinak ere. Gaur amaitu den misioak iraun duen 25 egunetan, Lurretik 450.000 kilometrora aldendu da Orion; gizakiak eraikitako espaziontzi bat sekula urrutiratu den gehien. Ilargia baino ere urrunago joan da.

Egonaldia Ilargian

NASAk zabaldutako informazioaren arabera, Orion ontzia propio diseinatuta dago astronautak espazio sakonera eramateko. Ontzi bakarra da hori egiteko gai dena, baita Ilargitik abiadura handian itzultzeko gai dena ere. Hiru elementuz osatuta dago: tripulazioaren modulua, non tripulazioa bizi den; zerbitzu modulua, zeinak indarra, propultsioa eta kontrol termikoa eskaintzen dituen; jaurtiketako ihes sistema, zeinak larrialdi egoera batean tripulazioa atera dezakeen. SLS suziria, berriz, Orion ontzia Ilargira arriskurik gabe bidal dezakeen suziri bakarra da. 30 solairuko eraikin bat baino altuagoa da: 98 metro baino gehiago ditu. Gainera, eurite handiak jasateko prestatuta dagoela adierazi du NASAk, eta ateak ura ez sartzeko diseinatuta daudela. haize handiak jasateko ere gai da, orduko 136 kilometrokoak.

NASAk adierazi duenez, misioan bazkide komertzialekin eta nazioartekoekin lan egingo dute, eta lehenbiziko aldia izango da Ilargian egonaldi luze bat egingo dena. Lehen bidaian ikasitakoa hurrengo pausoa emateko erabiliko dute: Martera lehenbiziko astronautak bidaltzeko, zehazki.

Artemis misioaren berezitasuna da emakumeek protagonismoa izango dutela. Arlo horretan emakumeek diskriminazioa jasaten dutela frogatzen duten adibide andana baitaude. 2019an, esaterako, espazio ibilaldi izeneko batean emakumez osaturiko talde batek aritu behar zuen, baina ez zen hala izan, emakumezkoentzako astronauta jantzi bat falta baitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.