Txirrindularitza

2023ko Euskal Herriko Itzulia ez da Arrate santutegian bukatuko

Antolatzaileek 62. lasterketaren sei etapak aurkeztu dituzte. Ez da erlojupekorik izango, eta azken etapak Eibarko herrigunean izango du helmuga. Apirilaren 3tik 8ra korrituko dute.

Lennard Kämna (Bora), iaz, Arrateko igoeran. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko abenduaren 12a
15:56
Entzun

Ez erlojupekorik, ezta Arrate santutegiko amaiera mitikorik ere. Horiexek dira 2023ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbideak izango dituen berrikuntza nagusiak. Antolatzaileek gaur aurkeztu dituzte 62. lasterketaren sei etapak: apirilaren 3an hasiko da, Gasteizen, eta 8an amaituko da, Eibarren (Gipuzkoa), baina, oraingoan, herrigunean. Profilak, oraingoz, ez dituzte aurkeztu.

Lehen etapak Arabako hiriburua eta Bastida (Araba) lotuko ditu. Bigarrena Nafarroan hasi eta bukatuko da, Vianatik Leitzara arteko bidea egin beharko baitute txirrindulariek. Iaz etapa batek ibilbide bera izan zuen, baina kontrako noranzkoan.

Araba, Nafarroa eta, hirugarren etapan, Gipuzkoa: apirilaren 5eko etapa Errenterian hasiko da, eta Villabonan bukatu. Laugarren etapan, berriz, ezkerraldean izango da Itzulia, Santurtzin (Bizkaia) hasi eta bukatuko baita. Gauza bera gertatuko da bosgarren etapan: Amorebietan (Bizkaia) ekingo diote ibilbideari, berriz ere hara itzultzeko. Lehen esan bezala, azken etapa Eibarren bukatuko da, baita hasi ere.

Ezbairik gabe, Arrateko amaiera kentzeko erabakiak ez du loturarik han sortzen den ikuskizunarekin. Iazko etapa gogoangarria izan zen; Ion Izagirre izan zen indartsuena han, erori egin zen arren, eta Daniel Felipe Martinezek irabazi zuen Itzulia. Ikusteko dago antolakuntzak zer profil aurkeztuko dituen aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.