presoak

Sare Herritarrak Gabonetan mobilizatzeko deia egin du

Plataformak adierazi du gradu erregresioak «atzerapauso handi bat» direla. Deialdiak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako.

Asteburuan Durangon (Bizkaia) egindako mobilizazioa. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 12a
17:28
Entzun

Urtarrilaren 7rako deitutako manifestazioaren atarian, Sare Herritarrak Gabonetan ere mobilizatzeko deia egin du. Plataformak azaldu du euskal presoek salbuespenezko neurriak jasaten dituztela oraindik ere, eta gradu progresioei eusteko eskatu du. Abenduaren 24an manifestazio bat egingo dute Gasteizen, eta abenduaren 31n mobilizazio bana abiatuko dute Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeetatik. Asteburu berean, manifestazio eta elkarretaratzeak egingo dituzte Nafarroako zenbait herritan.

«Guztiontzat bereziak diren data hauetan, garrantzitsua iruditzen zaigu beraien eskubideak urratuak dituzten eta, baldintza guztiak bete arren, espetxean bigarren graduan mantentzen dituztenen egoera salatzea», argudiatu du plataformak, ohar baten bidez. Izan ere, Sarek adierazi du 2022. urtea «oso garrantzitsua» izan dela urrunketa politikaren amaiera lortzeko bidean, baina oraindik ere zenbait oztopo dituztela presoek.

Sareren esanetan, egun 110 preso inguruk betetzen dituzte hirugarren graduan edo baldintzapean aske egoteko baldintzak, baina egoera bestelakoa da. Are gehiago, espetxeetako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletako tratamendu batzordeek eta Eusko Jaurlaritzak onartutako hainbat gradu progresioren aurkako helegiteak aurkeztu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Oraingoz, horietako sei ontzat jo ditu Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, eta presoek kartzelara itzuli behar izan dute.

Plataformaren esanetan, fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak eragindako egoera «atzerapauso handi bat» da «aurrera begiratu eta iragana gainditu nahi duen jendarte batentzako». Hala, mobilizazioen bidez aurre egiteko deia egin dute: «Ezberdinen arteko ezagutzan eta ulermenean sakonduz, oztopo hauek guztiak elkarrekin gainditu behar ditugu».

Hauek dira Sarek egindako deialdiak:

-Araba: manifestazioa egingo dute abenduaren 24an, Gasteizen, Ahateen iturritik hasita, 19:00etan.

-Bizkaia: manifestazio bat egingo dute abenduaren 31n, Basaurin, Bizkaiko kartzelatik abiatuta, 12:00etan.

-Gipuzkoa: manifestazio bat egingo dute abenduaren 31n, Donostian, Martuteneko espetxetik hasita, 11:00etan.

-Nafarroa: abenduaren 30erako eta 31rako zenbait deialdi egingo dituzte, herriz herri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.